Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Agindua. Honen bitartez, Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen da. (Hirigune) (2014-07-22(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko uztailak 22

LABURPENA

HIRIGUNE LAGUNTZA PROGRAMA % 100 BAINO GEHIAGO HAZI DA ETA 2.745.000 € BIDERATUKO DITU UDALERRIETAN MERKATARITZA SUSTATZERA

Eusko Jaurlaritzak Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko estrategia zonalak sustatzeko Hirigune laguntza-programa onartu du. Aurten, 2.745.000 euro bideratuko ditu xede horretara. Laguntzak % 112 handituko dira aurten eta ondoko helburua daukate: udalen eta merkatari-elkarteen artean lankidetza publiko-pribatuko egituren sorrera bultzatzea, herri-inguruei hiri-merkataritzako gune ekonomiko gisa balioa emango dieten estrategia zonalak garatzeko. Udalerrien estrategiarekiko koherenteak diren esku-hartze integratuko gune gisa jokatzea bilatzen da, eta merkataritza-sarea ingurune horietan barne hartzea.

Hirigune jarduera-proiektuak ezartzeko eta garatzeko laguntza ez-itzulgarrien programa bat da, eta kolektibo hauei zuzenduta dago:

- EAEko 15.000 biztanletik gorako udalerriak.

- EAEko 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, alde zaharra eta merkataritza suspertzeko potentzialtasuna baldin badituzte.

- Beren eskualde-ingurunean ekonomia eta merkataritza arloko erreferentziazko gunetzat jotzen diren udalerriak.

- Euskal Autonomia Erkidegoko 5.000 biztanletik beherako biztanle-ingurunea duten gainerako udalerriak.

- Euskal Autonomia Erkidegoko merkatari-elkarteak, elkarte mistoak eta merkataritza-elkarteen federazioak edota konfederazioak, Merkatarien Erroldan izena emanda daudenak.

Eskatzaileek abuztuaren 1etik irailaren 30era arte izango dute eskariak aurkezteko aukera. Horretarako, baldintza hauek bete behar dituzte:

Udalek:
a) Laguntza eskatzeko erabakiaren ziurtagiria, organo eskudunak egina, aurkeztutako jarduera bakoitzaren kostua eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa zehaztuta.

b) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardueren inguruko azalpen-txostena, merkataritza-ikuspegitik egina, Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziaren (MSPB) azterketan duten kokapena adieraziz, edo horren ordezkoan edo osagarrian dutena, halakorik baldin badago.
Txosten horretan, gutxienez, ondorengo informazioa jaso beharko da:

Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:
Lortu nahi diren helburuak.
Egin beharreko jarduerak.
Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.
Aurrekontu zehatzak, baita partidaz partida ere, kasuan kasu.
Gauzatze-egutegia.
Dokumentazio grafikoa, jardueren kokaleku izango diren eremuen aurretiko egoeraren argazkiak barne.

c) Udalak elkarteekin udalerriko merkataritza garatzeko sinatutako esparru-akordioaren kopia, Aginduko 5. artikuluan finkatutakoaren arabera.

d) Erakundeak diru-laguntzen bidez finantzatu nahi diren jarduera horiek eta/edo inbertsioak egiteko bestelako diru-laguntzarik jasotzen ez duela egiaztatzen duen ziurtagiria, organo eskudunak egina.

e) Erakunde eskatzailearen zin-egite adierazpena edo erantzukizunpekoa, diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik -ez zigor arlokorik ez administrazio bidekorik- edo legezko debekurik ez duela jasotzen duena (ildo horretan, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean, otsailaren 18koan, sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

Elkarteek:
a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa. Kasuan kasu, eratze-eskrituraren, estatutuen eta erregistroko izen-ematearen kopia aurkeztu beharko ditu.
Hainbat elkarte ordezkatzen dituzten enpresa-erakundeen kasuan, aipatutako ordezkaritza jasotzen duen hitzarmenaren kopia.

b) Eskatzailearen legezko ordezkariaren NANaren kopia, baita ahalordetze-agiriarena ere.

c) Eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

d) Diru-laguntzen bidez finantzatu nahi den jarduera bakoitzari buruzko azalpen-txostena, merkataritza-ikuspegitik egina, MSPB azterketan duen kokapena adieraziz, edo horren ordezkoan edo osagarrian duena, gutxienez ondoko edukia jasota: lortu nahi diren helburuak, zehaztutako helburuak lortzeko egin beharreko jarduerak eta egindako jardueren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

e) Aurkeztutako jarduera bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua.

f) Gauzatze-egutegia.

g) Dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialeko ziurtagiri eguneratua, Merkatari Elkarteen Erroldan agertzen diren eskatzailearen datuen ingurukoa.

h) Elkarteko edo taldeko idazkariaren ziurtagiria. Merkataritza-enpresa elkartuen izenen zerrenda jaso behar du, eskaera-epea hasi aurreko hilabetean eguneratua, baita azken ekitaldian bildutako kuotak ere.

i) Kasuan kasu, Aginduko 5. artikuluan finkatutako esparru-akordioaren kopia, baita ondoren egindako edozein aldaketaren kopia ere.

j) Erakunde eskatzailearen zin-egite adierazpena edo erantzukizunpekoa, diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik -ez zigor arlokorik ez administrazio bidekorik- edo legezko debekurik ez duela jasotzen duena (ildo horretan, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean, otsailaren 18koan, sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

k) Merkatari-elkarte bat baino gehiago dauden udalerrien kasuan, horien ordezkari funtzioa betetzen duen erakundeak, gainera, elkarte bakoitzak proiektuaren gauzatzeari dagokionez duen partaidetza maila eta konpromisoa eta dagokion zenbatekoa zehazten dituen dokumentu bat aurkeztu beharko du, diru-laguntza zenbatekoa izango den erabakitzeko. Horrez gain, laguntzaren onuradun gisa dagozkion eginbeharrak betetzeko ahalmena izango duen elkarteko ordezkari baten izendapena ere jaso beharko du.

l) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkez daitezke, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen, azaroaren 26koaren, 38.4. artikuluan zehaztutako tokietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau