Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Mugaz Gaindiko Lankidetza-Hitzarmena sinatu dute Osakidetzak eta Centre Hospitalier Intercommunal de Côte Basquek, Premiazko Osasun-Arreta Hobetzeko

2010.eko maiatzak 27

Olga Rivera Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak eta Michel Glanes Hospital Intercommunal de Côte Basqueko zuzendariak mugaz gaindiko hitzarmena sinatu dute gaur, premiazko osasun-arreta hobetzeko.

2000ko hasieratik, larrialdien eremuan jarri dute arreta Osakidetzako Larrialdiek eta haren Côte Basque ospitaleko SAMU - SMUR (Frantziako Mediku Larrialdietarako Zerbitzu Mugigarria - Larrialdi eta Suspertzeko mediku-zerbitzua) Frantziako homologoak, zehatzago, herrialde batetik besterako gaixoen garraioa koordinatzea bideratzean, biktima asko eragiten dituzten egoeretan eta, azken finean, premiazko osasun-arretan elkarri laguntzean.

Horretarako, plan tekniko bat egin da, elkarrekin esku-hartzeko zenbait protokolo dituena. Hori guztia, gaur bi aldeek berretsi duten dokumentuan jaso da.

Pirinioez Gaineko Atlantiar Konferentziak, sortu zenetik, elkarrizketa eta hartu-emana sustatu ditu Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusiaren, Akitaniako Eskualde Kontseiluaren, Pirinio Atlantikoko Prefekturaren eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluaren artean. Osasun-lankidetza egon da beti lankidetza-lehentasunen artean.

Pirinioez Gaineko Atlantiar Konferentziak gauzatu du esparru erabakigarri hori, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak eta Akitaniako Eskualdeko Osasun-agentziak hartu dute parte.

Alde horretatik, Olga Rivera Eusko Jaurlaritzaren Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko sailburuordeak eta Nicole Klein Akitaniako Eskualdeko Osasun-agentziako zuzendari nagusiak aintzat hartu dute mugaz haraindiko lankidetzari eskaini dioten laneguna. Emaitza gisa, premiazko osasun-arretarako lankidetza-hitzarmena sinatu dute Côte Basqueko ospitaleak eta Osakidetzako Larrialdien Zerbitzuak. Ekitaldian izan dira, halaber, Philippe Rey jauna Pirinio Atlantikoko prefeta eta Jean-Jacques Lasserre jauna Pirinioez Gaineko Atlantiar Konferentziako Zuzendaritza Batzordeko kidea.

HITZARMENAREN HELBURUA

Hitzarmenak helburu hau du: premiazko osasun-arreta hobetzea mugaren bi aldeetan, "mugak" sortzen dituen arazoak gainditze edo gutxitze aldera, berehalako arreta eta kalitatezkoa emateko. 

Lau lan-ildo ditu hitzarmenak:

1.- Premiazko osasun-deiak. Deiak jasotzeko eta horiei arreta egiteko zerbitzuak hobetzea Baionako Samu 64A eta Gipuzkoako mediku-koordinaziorako zentroa elkarrekin konektatuta. Izan ere, zenbaitetan aldameneko herrialderako dira telefono-deiak.

2.- Ospitalez kanpoko premiazko arreta ematea, muga-eremuan. Arreta hobetzea, lekuan bertan premiazko arreta ematea, gaixoak jatorri-herrialdera eraman daitezen erraztea zainketa-lanak jatorri-lurraldean egiten jarraitzeko aukera izan dezaten, edo ospitaleratu egin behar badira, jatorri-lurraldeko baliabide-zentro batera eramateko aukera izatea.

3.- Ospitale batetik besterako aldaketak. Premiazko ospitaleratzea egin behar bada, eta ospitale batetik bestera eraman behar bada, lekualdaketa hori jatorri-lurraldeko zentroren batera egin dadin erraztea. 

4.- Bi sistemak lankidetzan aritzea, muga-eremuan biktima askoko gertaeraren bat izan bada.

Mugaz gaindiko lankidetzan, beste aukera batzuei ere bidea zabaltzea.

Horretaz gain, dauden osasun-baliabideen osagarritasunari eta zainketen jarraipenari buruzko beste lan-ardatz batzuk zirriborratzeko ere balio izan du topaketa horrek.

Alde horretatik, komeni da adieraztea Frantziaren eta Espainiaren arteko 2008ko uztailaren 27ko mugaz gaindiko osasun-lankidetzari buruzko esparru-hitzarmenak ahalbidetzen duela, berretsi zenetik, osasun-aginpideen artean lankidetza-hitzarmenak egitea. Hitzarmen horiek ezarriko dituzte lurralde jakin batean pazienteak zaintzeko eta  horiei arreta egiteko egiturek esku-hartzeko modalitateak.

Gaurko bilera oso etapa garrantzitsua da osasun alorreko mugaz gaindiko lankidetzarako, parez pare, Pirinioez Gaineko Atlantiar Konferentziak abian dituen beste zenbait gai ahaztu gabe, hala nola droga-prebentzioaren eta droga-arriskuak gutxitzearen alorrekoak.

Baionan, 2010eko maiatzaren 27an.

INFORMAZIO GEHIAGORAKO: Prentsa-kabinetea: 945 019 194

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan