Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Red Bayk Munduko Ondarearen izendapena ospatu du gaur

2014.eko uztailak 23
  • Stone alkateak, Wells senatariak eta Collins ministroak Labrador udalerriaren euskal jatorria ekarri dute gogora 
  • Urkullu lehendakariak Parks Canada erakundea eta Labradorreko biztanleak zoriondu ditu eta eskerrak eman dizkie egindako lanagatik
  • XVI. mendean euskal arrantzaleek Kanadan izandako lehorreko kokaleku nagusia Gune Historikoa ere bada

Kanadako Ternua eta Labrador probintziako Red Bay udalerria euskal baleazaleen kokaleku nagusia izan zen XVI. mendean. Unescok Munduko Ondare izendatu izana ospatu dute gaur hango biztanleek UNESCOren plaka bat ipiniz (ingelesez, frantsesez eta euskaraz); Kanadako kulturari eta historiari egindako ekarpenagatik guneak nazioartean duen garrantziaren berri eman nahi izan dute horrela. Horrez gain, nazioarteko erakunde humanistikoaren bandera ere ipini dute. Ekitaldian David Wells senatariak, Sandy Collins ministroak eta Wanita Stone alkateak hartu dute parte, eta Ana Oregi sailburuak zein Unesko Etxeko presidenteak helarazitako agurrak irakurri dituzte. Bideo labur bat ere erakutsi dute, halaber; Labradorrek eta Euskadik iragana ikertzeko elkarrekin eginiko lana nabarmendu du horretan Iñigo Urkullu lehendakariak.
 
UNESCOren Munduko Ondarearen Batzordeak 2013ko ekainean inskribatu zuen Red Bay Basque Whaling Station Munduko Ondarearen Zerrendan, Kanbodian egindako 37. saioan egin ere. Parks Canada erakundeak (Kanadako Gobernua) gogotik egiten du lan hango kala eta badietan, lehorrean zein itsaspean, dauden hondakin ugariak aurkitzeko; Euskal Herriko hainbat herritako itsasontziek –Miarritze, Pasaia edo Donostiakoek– XVI. mendean eginiko balea-ehizarekin zerikusia dute aipatutako hondakinek. Gune Historikoa ere bada Kanadako hego-ekialdeko udalerria.

«Harrotasun handia da guretzat guztiontzat ekitaldi hau, batez ere gure kokagunearen zein sorreraren urtemugan egiten ari delako», adierazi du Munduko Ondarea kudeatzeko batzordeko burua den Wanita Stone alkateak.

Gehitu duenez, «Red Bay herriak 30 urtez baino gehiagoz parte hartu du gure komunitatearen historiaren ikerkuntzan, babesean zein aurkezpenean. Red Bayko euskal baleazaleen kokagunearen hondakinak behar bezala ezagut zitezen urteetan beren burua eskaini duten boluntario nekaezinen lan bikaina aitortu beharra dago. Horien artean sartzen ditut zuzendaritza-batzordeko kideak, izendapenekoak, sektore pribatua, gure herrialdeko eta Euskadiko boluntarioak zein kultura-taldeak, bai eta kudeaketa-batzordeko kideak ere. Haien arduraldi eta konpromisorik gabe ezinezkoa izango zen Unescoren izendapena».

Balio unibertsal paregabea
Red Bay Munduko Ondare gisa kudeatzeko taldean Kanadako Parkeen estatu-erakundearen zein Ternua eta Labrador probintziako ordezkariak daude Turismo eta Kultura Sailaren eta Arrantza eta Ozeanoak Sailaren bitartez. Kanadako Gobernuaren izenean, hauxe adierazi du David Wells senatariak: Red Bayko euskal baleazaleen kokagunea Munduko Ondare izendatu du UNESCOk; Kanadako 17. izendapena da, munduko toki babestu batek izan dezakeen errekonozimendurik handiena. Red Bay balio unibertsal paregabeko kulturgune bat dela adierazten du aipatutako nazioarteko erakundeak izendapen horren bidez.  Red Bay babesteko konpromiso bat ere bada, betiere Munduko Ondarearen Konbentzioaren helburuekin bat etorriz».
 
Ternua eta Labradorreko Turismo eta Kulturako ministro Sandy Collinsek, bestalde, ondokoa esan du: «Kultur esanahi handiko gune ugari daude gure probintzian, eta Red Bay, zalantzarik gabe, Ternua eta Labradorreko ondarearen aktibo nagusietako bat da. Ohorea da gure historiaren zati garrantzitsu hau izendapen horren bidez babestuta eta zainduta egotea, eta dagokion tokia hartuko du izen handia duten munduko beste gune batzuen artean».

Belle Isle itsasartean dago Red Bay, eta baleazaleen munduko kokagune handiena eta garrantzitsua izan zen XVI. mendean. Europako merkataritza-interesek Ipar Amerikako baliabide naturalen gainean eginiko ustiapen ekonomikoaren adibide goiztiarra eta zehatz-mehatz dokumentatua da itsaspean zein lehorrean dauden gune arkeologikoen multzoa.

Balea-ehizaren eta euskal arrantzaleek izan zuten bizimoduaren osagai guztien aztarna arkeologikoak daude han. Red Bay euskal baleazaleen kokagune kanadarra Munduko Ondarearen lehen gunea da Labradorren, eta hirugarrena oro har L'Anse aux Meadows Gune Historiko Nazionalaren eta Gros Morne Parke Nazionalaren ostean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Wanita Stone, Sandy Collins, David Wells, Trudy Taylor-Walsh, Geoffrey Hankock,