Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako Ospitaleek Europako proiektu pilotu batean parte hartzen dute, europako 15.000 ospitaletan energia berriztagarrien erabilera areagotzeko

2014.eko uztailak 22

"Towards zero carbon hospitals with Renewable Energy Systems (RES) - Karbono-aztarnarik gabeko ospitaleak Energia Berriztagarrien Sistemen bidez” - RES-Hospitals proiektu europarra

  • Galdakao-Usansolo Ospitaleak (Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratua), aurreratuenak, aurreikuspenen arabera %50etik gorako maila lortuko du epe ertainera, energia berriztagarrien bidezko sorkuntza energetikoan.
  • 2015. urterako, Gorliz Ospitalean kontsumitzen duten energiaren %55etik gora etorriko da iturri berriztagarrietatik. Beraz, Europako abangoardian egongo da sektore horretan.
  • RES-Hospitals proiektuari esker, ‘Europako ospitaleentzako energia berriztagarrien gida’ argitaratu ahal izan da. Europa osoko ospitaleentzako erreferentzia da, eta Inbertsio Plana ere agertzen da bertan.

Osakidetzak jakinarazi duenez, ‘Europako ospitaleentzako energia berriztagarrien gida’ linean argitaratu da Europa osorako. Gida hori Osakidetzako zenbait ospitalek (Galdakao-Usansolo Ospitalea, Gorliz Ospitalea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea) Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioen Euskal Fundazioaren laguntzaz (BIOEF) "Towards zero carbon hospitals with Renewable Energy Systems-RES" (Karbono-aztarnarik gabeko ospitaleak Energia Berriztagarrien Sistemen bidez) - RES-Hospitals proiektu europarrean egindako lanaren emaitza izan da. Horrez gain, honako herrialde hauetako zenbait ospitalek ere parte hartzen dute proiektu pilotuan: Frantzia, Italia, Holanda, Irlanda, Erresuma Batua, Polonia eta Hungaria.

Gida dohainik jaitsi daiteke esteka honetan: www.res-hospitals.eu/renewable-energy-guide-for-european-hospitals. Gainera, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri, besteak beste. Agiria ospitaleetako kudeatzaile eta administrazioetako arduradunentzat da, eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta Europako ospitaleetako karbono-aztarna murriztea dauka helburu. Era berean, BIOEF fundazioaren web orrian ere jaitsi daiteke dohainik.

Alberto Arriaranek, Galdakao-Usansolo Ospitaleko (Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratua) Artapeneko buruak eta Estatuko RES-Hospitals proiektuko koordinatzaileak, azaldu duenez, “RES-Hospitals proiektuak Europan dauden 15.000 inguru ospitaleetan sortutako CO2 igorpenak murriztea du xede (2012ko datuen arabera, euretako 760 daude Espainian). Horretarako, eraginkortasun energetikorako neurriak eta energia berriztagarrien sistemak ezarriko dira”.

Arriaranen esanetan, “emaitzen ondorioz, ‘Europako ospitaleentzako energia berriztagarrien gida’ argitaratu berri da, besteak beste, eta energia berriztagarrien arloko jarduera egokien erreferentea izan nahi du Europako beste ospitale batzuentzat. Bestetik, azterketa pilotuak ere egin dira, eta 2020rako zenbait inbertsio-plan sortu dira Europako zortzi herrialde edo eskualdetako hamar ospitalerentzat, gutxienez”. Alde horretatik, inbertsio-plan horiek ezartzean, “inbertsio metatua 60 milioi eurokoa izango da gutxienez, eta, 2020. urteari begira, urteko 20.000 tona CO2 aurreztuko dira gutxienez”, erantsi du.

Osakidetza, ingurumenaren eta energiaren arloko erreferentea
Arriaranek nabarmendu duenez, “Osakidetzak erreferente europar argia izan nahi du ingurumenaren eta energiaren arloan”. Hori dela eta, lan-taldea sortu da Osakidetzako zenbait ospitalerekin, “proiektuaren helburuak eta 2020ko Europako energia-helburuak modu sistematikoan eta plangintzapean jorratzeko”.

Gaur egun, Osakidetzako kopuru handieneko ospitaleek gas natural bidezko oso sistema eraginkorrak erabiltzen dituzte (trisorkuntza), bero zein hotz arloko premiak estaltzeko eta argindarra sortzeko. “Ospitale horietako ustiapen-kontratuak 2016. urtearen amaieran bukatuko dira. Proiektu horren bidez, beraz, urte horretarako ospitale horietan energia berriztagarrien bitartez dabiltzan instalazioak nolakoak izan behar diren jakin ahal izango dugu”.

2016. urterako, “energia berriztagarrien irtenbide konplexuagoak aztertuko dira baterako sorkuntzadun energia-instalazioetan (euren artean, biomasa). Bertan, hain zuzen ere, inbertsio-maila are handiagoa izango da, baita CO2 igorpenen murrizketa ere. Ordura arte, Osakidetzak behatu eta instalazio horietako ustiapen-ikasbide praktikoak lortu nahi ditu, abian jartzeko orduan ahalik eta erabakirik onena hartu ahal izateko”.

Galdakao-Usansolo Ospitalea (Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratua)
Arlo horretan, Galdakao-Usansolo Ospitalea (Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratua) zenbait esparrutan nabarmentzen da. “2008. urteaz geroztik, eguzki-plaka fotovoltaikoak daude ospitalean, eta urteko 100 Mwh elektrizitate sortzen dute 600 m2-ko azalera duten 440 eguzki-panelen bitartez”. Halaber, 2011. urtean, eguzki-panel termikoak ere jarri zituzten, Errehabilitazio Zerbitzuko igerilekuko ura berotzeko. “Gainera, RES-Hospitals proiektu europarrean energia berriztagarrien inguruan egindako azterketa pilotuaren helburu den trisorkuntza ere jarri da ospitalean. Horri esker, etorkizunean, energia berriztagarrien bidezko sorkuntza energetikoaren maila %50etik gorakoa izango da. Hori dela eta, petrolioaren deribatuetako iturri energetikoarekiko menpetasuna murriztuko da nabarmen, eta, horren ondorioz, urteko 3.700 tona CO2 gutxiago ere igorriko dira".

Horrez gain, Galdakao-Usansolo Ospitaleak Ingurumena Kudeatzeko Sistema ezarri zuen 2005ean. 2010ean, ordea, ‘Ospitale Berdea’ proiektua jarri zuen abian, eta, orain, Erakunde Sanitario Integratura hedatu nahi du (Barrualde-Galdakao ESI). Izan ere, ekainean accesita irabazi zuen “Ospitale Berdea” proiektuagatik, Europako Enpresentzako Ingurumen Sarietako Estatuko ataleko “Garapen iraunkorrerako kudeaketa” kategorian. Aitorpen handi horri esker, osasun-zentroak Estatuko kanporaketa gainditu ahal izan du, eta urrian/azaroan ebatziko diren Europako Sarietarako izangai irmoa da gaur egun.

Era berean, ISO 140001 eta EMAS III ziurtagiriak ere baditu, karbono-aztarna du ziurtatuta eta A++ kalifikazioko GRI ziurtagiria ere badu erakundeen gizarte-erantzukizunaren arloan (EGE). Bertan, gainera, ingurumena da hiru arlo nagusietako bat.

Gorliz Ospitalea
Bestetik, Osakidetzako zenbait ospitale ertainetan, “gas natural bidezko energia-hornikuntza kendu eta biomasa jarriko da haren ordez (energia berriztagarriak). Aurton, proiektuko bazkidea den Gorliz Ospitalean eraldaketa hori egiteko erabakia hartu da, eta, ondoren, Osakidetzako beste ospitale batzuetan ere jarriko da abian. Hartara, Osakidetzak berak sorkuntza energetikorako eredua egituratuko du ospitaleetarako, aztertutako gidalerroa kontuan hartuta”, baieztatu du Arriaranek.

Carmen Rodríguezek, Gorliz Ospitaleko zuzendari gerenteak, adierazi duenez, “biomasa bidezko galdarak jartzean, ospitaleak 525,9 tona CO2 gutxiago igorriko ditu urtean”. Horrez gain, ospitalean bertan, “igerileku terapeutikoa berotzeko 20 eguzki-plaka ere badaudenez, energiaren aurrezkia %18koa da”.

2010ean ISO 14001 araua ezarri ondoren eta gerentziako Ingurumen Politikarako Adierazpenean eraginkortasun energetikorako zehaztutako politikak abian jarri ondoren, ospitaleko “energia-kontsumoa (argindarra) %17 murriztu da. Hori dela eta, 300 tona CO2 gutxiago igorri dira urtean”. Neurri horiekin batera (eraginkortasun energetikorako eta ingurumenerako politiken ezarpena), bi azterketa energetiko ere egin zirenez, laster gorengo ziurtagiri energetikoa lortu ahal izango du Gorliz Ospitaleak”.

Beraz, 2015. urterako, “Gorliz Ospitalean kontsumitutako energiaren %55 baino gehiago energia berriztagarrietatik etorriko denez, Europako ospitaleen abangoardian egongo da energia berriztagarrien esparruan”. RES-Hospitals proiektuan irtenbide energetikoei buruz egindako azterketak esteka honetan jaitsi daitezke: http://www.res-hospitals.eu/library-new. Honako ospitale hauetarako egin dira azterketa pilotuak: Galdakao-Usansolo Ospitalea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Gorliz Ospitalea eta Zamudioko Ospitale Psikiatrikoa.

Geotermia
Gaur egun, Osakidetzan bertan Energia Berriztagarrien Sistemen inguruko (RES) energia-politikak ezartzea “geldiezina da”, egiaztatu du Alberto Arriaranek. Adibide moduan, lehen adierazitakoaz gain, “geotermiako proiektu berriak ezarriko dituen ala ez aztertzen ari da Osakidetza”.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @YRguezCouso
    2014.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] Hospitales de Osakidetza participan en proyecto piloto europeo para aumentar uso de energías reno]vables ➡ http://t.…

  • @SUnzurrunzaga
    2014.eko uztailak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] Hospitales de Osakidetza participan en proyecto piloto europeo para aumentar uso de energías reno]vables ➡ http://t.…