Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Galera: “15.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Ibaialde 2014 kanpainan”

2014.eko uztailak 20

  • ·         Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sustatzen du kanpaina, eta bere asmoa ibai-ekosistemei buruzko ezagutzak zabaltzea eta kontserbazio-egoera hobetzea da

 

Eusko Jaurlaritzako Ibaialde kanpainaren aurtengo edizioa bukatu da; 15.523 pertsonak parte hartu dute guztira, otsailetik ekainera arte egin diren jarduera desberdinetan.

 

Parte hartzaile gehien bildu dituen jarduera euskal ibaietako uren laginketa izan da. 6.300 pertsonak parte hartu dute gutxi gorabehera, 183 talde desberdinetan banatuta. Irteerak egin dituzte uren kalitatea analizatzeko eta erriberen eta ibaien egoera behatzeko helburuaz. Talde gehienak ikastetxeetako talde antolatuak dira; lehen hezkuntzatik batxilergora arteko ikasleek parte hartzen dute. Baina euren kasa izena ematen duten elkarteen, familien eta boluntarioen parte-hartzea ere gakoa da.

 

Talde horiei guztiei esker elkarlanerako sare bat sortzen da, lurraldeko ibai-ekosistemak hobetzen eta babesten laguntzen dutenak. Kanpainaren hasieran parte hartzaile guztiek doako laginketa-kit bat jasotzen dute, eta ordainetan, jasotako emaitzak igortzeko konpromisoa har dezatela eskatzen zaie. Datu horiek bateratu, ondorioak atera eta horrela ibaiak zein egoeratan dauden jakin daiteke.

 

Aztertu programa

 

Ibaialde kanpaina Ingurumen Hezkuntzaren alorreko proiektua da, 1996an sortua. Hauek dira bere helburuak: EAEko ibaietako ekosistemak ezagutaraztea, ibaien eta erriberen kontserbazio-egoera hobetzea eta ura bizitzarako zein garrantzitsua den ohartaraztea. Aztertu programaren parte da, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak kudeatzen duena, ingurumena babesteko pentsatua dena.

 

Ibaialden parte hartzen dutenak euren ingurunearekin zuzenean harremanetan jartzen dira. Horrek zera esan nahi du: ibaietara hurbiltzea, ongi aztertu eta informazio-multzo bat jasotzea. Ibaiei buruzko datu orokorrak eskatzen zaizkie: ezaugarri fisikoak, uraren kalitatea, zaborrik dagoen ala ez eta inguruko eraikin historikoei buruzko informazioa. Urteko lehen hilabeteetan parte hartzeko interesa duten taldeekin harremanetan jartzen dira, eta aztertuko den ibai-sarerako irteerak antolatzen dira.

 

 

Adin guztientzako jarduerak

 

Gainera, haurrak direnetik ingurumena zaintzeko balioak sustatzeko helburuaz, hala eskatzen duten ikastetxeek ikasle txikiei zuzendutako jarduerak jaso ditzakete. Ibaialde Txiki jolas hezitzaileak dira horren adibide; Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo ziklorako material didaktikoa da. Erreka Mari txotxongiloen antzerkia ere eskura dute. Edizio honetan, 70 ikastetxeko 6.935 ikaslek parte hartu dute jarduera hauetan.

 

Eskaintza erakusketa ibiltari batekin osatzen da. 10 informazio-panel ditu, ibaia ikuspegi desberdinetatik ezagutzea posible egiten dutenak. Urtero ikastetxeetara, kultur-etxeetara, udaletara, herri-elkarteetara eta interesa duten erakunde guztietara eramaten da erakusketa. Doakoa da aste betez.

 

Marrazketa eta argazkilaritza lehiaketa bat ere antolatzen da urtero. Sariak kanpaina amaierako urteroko jai batean banatzen dira; hainbat jarduera eta jolas ere egiten dira egun horretan. Edizio honetan, 2.319 lan jaso dituzte; 3 kategoriatan banatuta: 10 urte baino gutxiagoko umeak, 11 eta 15 urte bitartekoak, eta 16 urte baino gehiago dituztenak.

 

 

Informazio gehiago: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-8072/eu/contenidos/informacion/ibaialde/eu_14216/trabajo_campo.shtml

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)