Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Aiz: «BAT, MUGI eta BARIK txartelak era berean erabiltzeko plan pilotu bat jarriko da martxan Bilboko tranbian»

2014.eko uztailak 18
  • Txartel bakarrerantz
  • Gasteizko tranbiak aurten bertan egingo du bat ekimenarekin
  • Haren lurraldeko plan pilotua zehaztu eta abiarazi behar duela esan diote berriro Gipuzkoari

 

Euskadiko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkura egin da gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan; han Interoperabilitateko Master Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Euskadin txartel bakarra ezartzearen esparruan. Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizen iritziz, «Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak zuzendutako proiektuari esker oinarria jarriko da bidaiariek BAT, BARIK eta MUGI txartelak lurralde guztietan erabili ahal izan ditzaten. Datozen hiletan txartel bakarreko proiektu pilotu bat egingo da Bilboko eta Gasteizko tranbietan».

 

Garraioko sailburuordeak azaldu duen moduan, «Jaurlaritza honen legegintzaldiko konpromiso bat da aipatutako proiektua, eta esparru-dokumentu bat egin da horregatik, Euskadiko Garraio Agintaritzako kideen ekarpenei irekita, txartel bakarra ezartzeko bide-orria finka dadin. Asmo handiko proiektu horrek guztion konpromisoa behar du, Eusko Jaurlaritzarena zein aldundiena, eta Master Planari esker, zehaztuta du jada lanerako esparrua».

 

Garraioko sailburuorde Antonio Aizek zuzendu duen bileran hauek ere hartu dute parte: Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasunaren eta Azpiegituren foru-diputatu Larraitz Ugartek, Bizkaiko Foru Aldundiko Herrilaneko foru-diputatu Itziar Garamendik, Arabako Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendari Juan Ramírezek eta Bilboko zein Donostiako Udalen mugikortasuneko zinegotziek, Gasteizko, BGP Bizkaiko Garraio Partzuergoko eta Gipuzkoako Garraio Agintaritzako ordezkariek zein Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko sailburuorde Izaskun Iriartek.

 

«Master Planari jarraikiz –adierazi du Aizek– txartel bakarreko proiektu pilotuen aurrerapenen berri eman dugu. Horiek horrela, BAT, BARIK eta MUGI txartelak Bilboko eta Gasteizko tranbietan erabili ahal izateko proiektuak lantzeko fasean daude. Aldundien zuzendariek eta Eusko Jaurlaritzak, Master Planaren barruan, lurralde bakoitzean proiektu pilotu bat egitea onartzean jarri ziren martxan aipatutako proiektuak. Horrenbestez, Bizkaian eta Araban proiektuak gauzatzeko fasean daudenez, Gipuzkoako agintariei berriro esan diegu lurralde historiko horretako plan pilotua zehaztu eta abian jarri behar dutela».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)