Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Hegaluzearen denboraldia aurkeztu da

2014.eko uztailak 17

• Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak kontsumitzaileei adierazi nahi izan die erosketak egitean Eusko Label bereizgarria duten produktuak eskuratzen direnean jatorria eta kalitatea bermatuta daudela eta, gainera, Euskadiko arrantzaleen lanaren alde egiten dela.

• Hegaluzeak dieta sanoa eta orekatua izaten laguntzen du eta gure osasuna zaintzen du, berez duen omega 3-ari esker.

Uda izaten da hegaluzearen sasoia eta, horregatik, gaur goizean Erriberako Merkatuan egindako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak arrain urdin honen kontsumoaren onurak gogorarazi dizkigute, Bizkaiko Golkoko hegaluzearen arrantzaldiarekin bat etorrita.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak eta Osasun eta Kontsumo Sailak ohitura osasuntsuak eta inguru hurbileko produktuen kontsumoa sustatzeko urtean zehar egiten dituzten ekimenen arteko bat dugu honako hau. Gainera, Bilboko Zientzia Medikoen Akademiaren, Bizkaiko Albaitarien Elkartearen, Bizkaiko Medikuen Elkartearen, Slow Food Bilbao-Bizkaia Elkartearen, Mercabilbaoren, Bilbao Zerbitzuak-en eta Artxandako Ostalaritzako Goi-mailako Eskolaren laguntza izan du.

Oroz sailburuordeak adierazi duenez “badira 15 egun hegaluzearen denboraldia hasi dela eta dagoeneko 500.00 kilo hegaluze arrantzatu dituzte euskadiko arrantzaleek eta hoietatik 26.000 kilo Eusko Label zigilua jaso dute. Espero dugu kostera hobera egingo duela eta iaz arrantzatutako 3,5 milio kiloak gaindituko direla”.

Kanpainaren oinarrizko helburuak hauek dira:

- Hegaluzearen kontsumoa sustatzea
- Eusko Labeldun hegaluzearen onurak ezagutaraztea.
- Herritarrak jabetzea nagusien eta umeen osasunean eragin positiboa duela.
- Arrantzaleen eta arraindegien lana goratzea.

Kalitaterik oneneko gantza

Thunnus alalunga izen zientifikoa, atunen familiakoa da atun zuria edo hegaluzea deritzona, eta Bizkaiko Golkora iristen da bidean berdela, sardinzarrak, sardinak, txibiak eta oskoldunak janez. Urdin iluna du gainaldea eta zuria –marfilkara-, azpiko aldea, hegalak eta erdiko aldea.

Atunen familiakoa, kalitaterik handieneko barietateetako bat da hegaluzea, zapore fina eta espezie bereko gainerakoak baino testura leunagoa ditu. Bizkaiko Golkoan arrantzatzen dute baxurako ontziek, udako hilabeteetan; amua erabiltzen dute harrapatzeko eta, horrela, ez du sufrimendurik jasaten, sareekin bezala, eta haragiaren kalitatea hobea da. Haragia ia zuria da, kalitaterik oneneko gantzak ditu eta horrek ematen dio zapore bizia eta berezia: hegaluzearen koipeek gantz-azido insaturatuak dauzkate neurri handian, batez ere, omega-3 gantz-azidoak; kolesterola erregulatzen eta gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzen laguntzen du.

Eusko Labeldun hegaluzearen ezaugarriak

Eusko Labeldun hegaluzeak kalitate goreneko arrainak dira, betiko usadioari jarraituz arrantzatuak, banaka-banaka, sarerik erabili gabe eta antzinako tresneria erabilita: kainabera (karnata bizia) eta kazako arrantza. Era horretan arrantzatzean, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantzaguneak eta itsasoko baliabideen iraunkortasuna bermatzen da.

Euskadiko arrantza portuetan, arrainak husten diren unean egiten da hautaketa, tamainaren eta freskotasunaren irizpideei jarraituz, arrain onenak soilik aukeratu eta bereiztuz. Lan hori HAZI Fundazioak kontratatutako etiketa-jartzaileek egiten dute, arrantzaleen laguntzarekin. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzako erakundea da HAZI eta guztira, 20 pertsona baino gehiago kontratatu ditu Getariako, Hondarribiko, Pasaiako, Bermeoko eta Ondarruko portuetan hegaluzeei etiketak jartzen jardun dezaten. Pertsona horiek bereizgarria jarriko diete hegaluzeei, produktu horren arautegian ezarritako kalitate-irizpideen arabera.

Aurreko kanpainetan legez, bereizgarria ziurtasunerako zigilu zuri aldaezin bat izango da, Eusko Label ezaugarriarekin. Bereizgarri hori isatsean jarriko zaie eta beste datu batzuen artean, kontrol-zenbaki bakarra jasoko du.

Gainera kontrol zenbakiaren eta webgunearen bidez jakin ahal izango da hegaluzea harrapatu duen itsasontziaren izena, espeziea, deskarga portua eta eguna, kofradia, arrantzatu den zonaldea eta modua.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)