Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailburuak Trafiko Zuzendaritzak antolatutako bide segurtasuna eta sare sozialei buruzko jardunaldiari hasiera eman dio

2014.eko uztailak 17

Donostian burutzen ari da, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako egitarauan

Sare sozialak eraginkorrak al dira bide segurtasuna hobetzeko? Nola erabil daitezke? Galdera horiei eta antzekoei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak, UPV-EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin elkarlanean, jardunaldi profesional bat antolatu du gaurko: «Bide segurtasuna eta sare sozialak».

Donostian egiten ari den jardunaldia bide segurtasuneko teknikariei eta komunikazioko profesionalei zuzentzen zaie. Bertan, alor desberdinetako adituak sare sozialek duten potentziala eztabaidatzen ari dira. Potentzial horrek publiko berriekin lotzearekin eta mugikortasun seguruagoa sustatzearekin harremana du.

«Trafiko Zuzendaritzak uste du sare sozialak tresna eraginkor bat izan daitezkeela informazioa eta aholkuak zabaltzeko», azaldu du Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok. «Izan ere, gure web orria (www.trafikoa.net) eta Twitter dira komunikatzeko biderik zuzenenak eta eguneratuenak euskal errepideen egoeraren berri emateko. Hala ere, sare sozialak ez dira beti arduraz erabiltzen. Zirkulazioa errazteko erabili behar dugu, errepideetan segurtasunez ibiltzeko, eta ez polizia kontrolguneen berri emateko, adibidez».

Mario Tascón hizlariak hasiko du saioa. Prodigioso Volcán aholkularitza-enpresako bazkide zuzendaria da Tascón, baita aditua ere bitarteko digital eta sare sozialetan. Fundéu, Fundación del Español Urgente, fundazioaren «Manual del Español para Internet, redes sociales y nuevos medios» (Internet, sare sozial eta euskarri berrietarako espainieraren eskuliburua) zuzentzen du. Aholkulari lan egiten du EFE agentziarentzat edo BBVAren Berrikuntza Zentroarentzat, besteak beste, eta Nuevo Periodismo Iberoamericano de Gabriel García Márquez izeneko fundazioaren maisua ere bada, baita FAPEren Periodistas aldizkariaren kontseilu editorialeko kidea ere.
Prisa taldeko arlo digitaleko zuzendari nagusia izan zen 2000tik 2008ra, eta bere ardurapean izan ziren taldeko marka guztien weben eta telefoniaren garapenak (El País, Cadena SER, Cuatro...).

Jarraian Soziologiako doktore eta UNEDen irakasle Miguel del Fresnok bere ikuspegia emango du sare sozialek bide-segurtasunari begira duten potentzialaren gainean. Miguel de Fresno online ospearen eta sare sozialen azterketaren ikertzailea da, eta Intelecta Ideas aholkularitza-enpresaren zuzendaria; marketing, publizitate eta komunikazioko zerbitzuetan espezializaturik dago hori.

Gobernu Irekiko zuzendari Luis Petrikorenak, ondoren, Eusko Jaurlaritzak sare sozialetan duen esperientziaren berri emango du, baita horrelakoetan egoteak erakunde horri dakarzkion onuren eta arlo horretan jarraitzen duten politikaren berri ere. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Lizentziaduna da, eta marketinean espezializatu zen. Petrikorenak komunikazioko aholkulari gisa garatu du lanbide-ibilbidea, besteak beste Errealarentzat, CITA fundazioarentzat eta Ulmarentzat lan eginez. Horrez gain, Plangintza Estrategikoko zuzendaria ere izan zen Dimensión agentzian, eta online proiektuaren marketin/merkataritza arduraduna Iberdrolan.

Amaitzeko, blogarien garrantziari buruzko mahai-inguru bat egongo da Iker Merodiok, Igor San Románek eta Maite Goñik parte hartuta.

Iker Merodio Kazetaritzan doktorea da, eta Soluciones Comunicativas enpresako sortzailea; komunikazio politikoan espazio berriak esploratzen ditu enpresa horrek. EITBko Administrazio Kontseiluko kidea ere bada, baina bere lanaren atalik agerikoena egunero Deia egunkarian argitaratzen duen «Bogando por la red» zutabea da, Interneteko blogen eta sare sozialen iritziari buruzkoa. Onda Vasca irratiko La Tarde en Euskadi irratsaioan ere hartzen du parte, Internet eta teknologia berriei buruzko solasaldi bat koordinatuz.

Igor San Román abokatua izateaz gainera, enpresen aholkularia da, sare sozialen kudeaketan eta sarreran aditua. Erakunde hauentzat egiten du lan: EITB Taldea, Guggenheim Museoa eta instituzio batzuk, hala nola Bilboko Udala, Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza. Facebook Developer Garage Bilbao ekitaldiaren antolatzailea da. Arrakasta handiko Sociálitas edo Kressala bezalako startupen fundatzailekide da.

Maite Goñi, blogari ezaguna izateaz gain, Euskal eta Ingeles Filologiako lizentziaduna da, eta irakaslea Mondragon Unibertsitatean zein Jakintza ikastolan. Mondragon Unibertsitatea – Online taldeko arduradun pedagogiko-teknologiko modura, MUko fakultateen irakasleak prestatzen ditu arlo horietan. Euskaljakintza.com proiektuaren sortzailea eta arduraduna da, eta horri esker Espiral Edublogs – Aula 200ko Blog Onenaren I. saria, Diariovasco.com2007 saria eta euskara hoberen sustatzen duen webgunerik onenarentzako Buber 2010 saria eskuratu ditu. Baita gaurkohitza.com proiektuarena, eguneko euskarazko hitzarekin; 2012ko Diariovasco.com sariaren irabazlea izan zen. Hainbat hedabide digitaletan eta Euskadi Irratian lan egiten du Interneteko gaurkotasunarekin lotutako gaiak lantzen.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mario Tascón, Miguel de Fresno, Iker Merodio, Igor San Román, Maite Goñi