Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Barredo: «Eusko Jaurlaritzak, Udalek eta Kontzejuek gaur adostu dute Gasteizko mendiak babesteko figura egokiena Europako Naturagune Babestu aitortzea dela»

2014.eko uztailak 16

 

  • Toki erakundeen ordezkariak Lakuan bildu dira gaur eta NBAPen aurka daudela adierazi dute
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko zuzendariak Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren (NBAP) proiektuak jasotako 62 alegazioak azaldu ditu

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredo gaur goizean bildu da Lakuan Gasteizko, Arraia-Maeztuko, Bernedoko, Burguko, Dulantziko eta Iruraitz-Gaunako Udaletako eta Arabako Kontzejuen Elkarteko, Gasteizko Kontzejuen Elkarteko eta beste kontzeju batzuetako ordezkariekin, Gasteizko mendien eremuko natura-baliabideen antolamendurako planari egindako alegazioak azaltzeko. Barredoren arabera, «Eusko Jaurlaritza, Udalak eta Kontzejuak ados gaude: Gasteizko mendiak babesteko figura egokiena Europako Natura 2000ren esparruan sartzea da».

 

Barredok esan duenez, «Eusko Jaurlaritzak badaki udalerriek eta kontzejuek ohiko parke-izendapenak dakarren babesari ez-nahikoa deritzotela, eta, Gasteizko mendien ingurunea Europako naturagune babestu izendatzearen alde daudela, jarduera tradizionalak eta landa-bizimodua bermatzeko».

 

Barredo aurkakotasunaren jakitun da: «bertan bizi direnek ez dute nahi batzuek eremu horretarako agindutako babes mota; aurreko legegintzaldiko agintariek idatzitako Natura Baliabideen Antolamendurako Planari –eremua Natura Parke izendatzen duena– aurkeztutako alegazioek argi uzten dute». Prozesuan 51 erakundek eta pertsonak parte hartu zuten. Horietatik 37 udalak, administrazio-batzordeak, kontzejuak eta bertako partikularrak dira.  36 eremu babestua parke izendatzearen aurka agertu ziren.

 

Horietatik 12k eskatu zuten beren jabetzako lurrak NBAPtik kanpo geratzea. Batek testuaren hainbat atal aldatzea eskatu zuen; beste batek espedientea zatikatzea eta atzeraeraginezkoa izatea eskatu zuen; hirugarren batek antolamendurako planaren desegokitasuna salatu zuen, eskumenak urratzen dituelako eta ez delako eraginkorra; eta gainerako 21ek aurreko guztian oinarritutako alegazioak aurkeztu zituzten, espedientearen atzeraeraginari dagokiona izan ezik.

 

Alegazioak aurkeztu zituztenetako lauk, bere garaian Natura Parkearen alde egin zuten, baina NBAPren hainbat alderdi berrikustea eskatu zuten. Honako hauek dira: Naturaren Arabako Institutua, Gasteizko Udalaren Ingurumen saila eta partikular bat. Ekologistak Martxan eta Equo taldeak aldeko jarreraren eta jarrera neutroaren artean kokatu ziren.

 

Amaia Barredok udalerriei eta kontzejuei aurkeztutako Gasteizko mendietako natura baliabideen antolamendurako planari aurkeztutako alegazioei buruzko txostenak zehazten duenez, kontsultagai jarritako agirien barne zeuden «Gasteizko mendien antolamendurako, erabilerarako eta kudeaketarako oinarriak» eta «Gasteizko mendien Natura Baliabideen Antolamendurako Plan-proposamena» izeneko agiriak. Biek gainditu zuten entzunaldi-izapidea, baina NBAPren proposamenak baizik ez informazio publikoaren izapidea. Agiri horiei guztiei zegokien kartografia atxiki zitzaien.

 

Alegazioak

Jasotako alegazioak, kronologikoki ordenatuta, honako hauek aurkeztu zituzten: Eusko Jaurlaritzak eta bere Osasun eta Kontsumo Sailak; Arabako Lurralde Zuzendaritzak, Osasun Publikoaren Azpizuzendaritzak; Arraia-Maeztuko Udalak; Azazetako, Birgaragoieneko eta Erentxungo Administrazio Batzordeek; Bernedoko Udalak; Gasteizko Udalerriko Kontzejuen Elkarteak; Okinako Administrazio Batzordeak; DL; Naturaren Arabako Institutuak; Arabako Nekazarien Elkarteak; Ixonako Administrazio Batzordeak; Arabako Basogintza Elkarteak; Otazuko Administrazio Batzordeak; Ura-Uraren Euskal Agentziak; Aberasturi, Andollu, Argandoña, Ariñiz, Armentia, Berroztegieta, Bolibar, Ezkibel, Gamiz, Gardelegi, Gaztelu, Jungitu, Monasterioguren, Subilla Gasteiz, Uribarri Nagusia, Villafranca eta Zurbao Kontzejuek, FL; AT; ML; GP; IO; eta Arabako Foru Aldundiak. Nekazaritzako Zuzendaritzak; eta Gasteiz zein Iruña Okako Udalek. Eraztun Berdearen eta Biodibertsitate Sailak; Dulantzik; Egiletako Administrazio Batzordeak; Eusko Jaurlaritzak, Landagune eta Itsas Garapenerako Zuzendaritzaren bitartez; Burgu eta Iruña Okako Udalak; Ekologistak Martxan Elkarteak (Araba); Bernedoko Udalak; Gasteizko Udaleko EAJren taldeak; Okinako Administrazio Batzordeak; Arabako Nekazarien Elkarteak; Ixonako Administrazio Batzordeak; Arraia-Maeztuko Udalak; Iruraitz-Gaunako Udalak; DL; eta Gasteizko Udalak. Eraztun Berdearen eta Biodibertsitate Sailak; EB; Arabako Foru Aldundiak, Ingurumen, Biodibertsitate eta Mendien Zerbitzuen eta Natura Parkeen Sailaren bitartez; Gasteizko Udalerriko Kontzejuen Elkarteak; Equok; Eusko Jaurlaritzak, Garraio eta Herri Lanen Sailburuordetzaren bitartez; Arabako Foru Aldundiak, Nekazaritza Zuzendaritzaren bitartez; Iosu Arambarrik; eta URA-Uraren Euskal Agentziak.

 

Egokiera

Barredok azaldu duenez, «oro har, alegazioen edukia honela laburbildu daiteke: NBAPk eragindako administrazio-batzorde lur-jabeen ordezkari guztiak agertu dira NBAP ezartzearen aurka, eta beren lurrak planak barne hartutako esparrutik kanpo uztea eskatu dute. Alegazioak aurkeztu dituzten partikular gehienek ere beren lurrak NBAPn esparrutik kanpo uztea besterik ez dute eskatu. Bi salbuespen daude: partikular batek erabilera jakin batzuk debekatzea eskatu du; besteak, Gasteizko udalerriko Kontzejuak eta Dulantziko Udalak aurkeztutakoen eduki berdineko alegazioa aurkeztu du».

 

«Alegazioetako hiru, Burgu, Gasteiz eta Iruraitz-Gaunako Udalek aurkeztutakoak, osoko bilkuren akordioak dira. Funtsean, kontzejuei beren lurren erabileren gaineko gaitasuna eta eskumena aitortzea eskatzen dute, batez ere, nekazaritza-erabilerari dagokionez. Hala, udal planeamendua arduratuko da natura baliabideen babesa eta NBAPren esparruan dauden udalerrien kontzejuen garapena bateragarri egiteaz. Gasteizko Udalaren Osoko Bilkurak hirugarren alderdi bat ere aipatzen du bere alegazioan: naturagune babestuetan fracking erauzte-jarduera debekatzea», zehaztu du Amaia Barredok.

 

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udaleko Ingurumen Sailak, Uraren Euskal Agentziak, Naturaren Arabako Institutuak, Ekologistak Martxan elkarteak eta partikular batek baizik ez dituzte iradokizun teknikoak eta aldaketa-proposamenak aurkeztu, nahiz eta aldaketok ez dioten eragiten araudiaren edota egokieraren gaineko alderdiei.

 

Gasteizko mendien eremuak Gasteizko mendien iparraldeko isurialde osoa eta hego-ekialdeko isurialdearen zati bat barne hartzen du. Arabako lurralde historikoan dago eta 13.631,94 ha-ko azalera du, aipatutako mendilerroaren iparraldeko isurialdea eta hego-ekialdeko isurialdearen zati bat barne hartuz. Guztira, Arabako zazpi udalerri dauden bertan: Arraia-Maeztu, Bernedo, Burgu, Gasteiz, Iruña Oka eta Iruraitz-Gauna. Azken udalerri horrek eremuaren azaleraren % 67,2 hartzen du.

 

Gasteizko mendiak natura eta kultura balio handiko eremua dira. Araba erdialdeko mendi-eremuetako berezko baso-ekosistemen eremu adierazgarria da, baita Arabako Lautadan ohikoak diren landa-paisaiena ere. Ekialdeko Iturrieta mendien eta mendebaldeko Tuyo mendilerroaren arteko katebegia da, baso-ekosistemen arteko lotura bermatzen duena, aipatutako mendietatik Nafarroako Urbasa eta Andia mendilerroetara eta Araba sartaldera (Kuartango eta Gaubea) hedatzen baitira.

 

Lurraldearen zati handi samar batek, azaleraren % 37k, erabilera antropikoak hartzen ditu. Laboreetara bideratuta dago azaleraren % 27,97; % 6,5 baso-ustiategietara; eta % 2,9 hirigunea da.

 

«NBAP osatzeko lanen edukia eta eremu horretan bertan edo inguruan kokatutako Gasteizko mendi garaiak eta Izki eremuak Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatzeko lanena ikusita, naturagune babestuak izendatzeko eskumena duen administrazioak aztertutakoaren arabera, Europar Batasuneko Natura 2000 Sareak ezarritako babes-maila nahikoa da», adierazi du Ingurumen Plangintzako zuzendariak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)