Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Gaur eratutako Metaposta Elkarteak Interneten erabiltzeko moduko postontzia eta gordailu elektronikoa abiaraziko ditu, hiritarrek agiriak doan, segurtasunez eta etengabe jaso eta gorde ahal ditzaten

2010.eko maiatzak 27

 

  • METAPOSTA Euskadi osoan Interneten erabilera sustatzeko proiektutzat sortu da, eta urte amaieran abiaraziko da

 

  • Euskadin agiriak sortaraz ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago daude: administrazioak, enpresak, banka, aseguruak, hezkuntza-erakundeak, elektrizitatea, gasa, ura eta telefonia alorreko banatzaileak, etab.

 

  • METAPOSTA urteko edozein egunetan eta munduko edozein lekutan erabili ahal izango da, eta abantaila garrantzitsuak eskaintzen ditu bidalketa-epeei, joan-etorriei eta bidalketa-kostuei dagokienez

 

  • Euskadi Informazio Gizartean 2010 Planaren barruan mamitutako proiektua da, on-line zerbitzu garatuagoak dituzten herrialdeetako antzeko ekimen arrakastatsuak oinarri dituena

 

  • Enpresa Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak bultzatu dute, Merkataritza Ganberak, Tecnalia, Gupost eta Mondragón Inversiones-ekin batera

 

Bilbon, 2010eko Maiatzak 27.- SPRIren Bilboko egoitzan eratu da gaur METAPOSTA zerbitzu-elkarte berria, Euskadi Informazio Gizartean 2010 Planari atxikitako proiektu garrantzitsua, hiritarrei 'Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta gordailu elektronikoa' eskaintzea xede duena, mota guztietako agiriak era seguru eta iraunkorrean jaso eta gorde ahal izan ditzaten.

 Enpresa zortzi bazkide hauek bultzatu dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herria Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa. Elkarte berriko presidentea Xabier Sabalza izango da, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendaria.

Etxeetako ohiko postontziak iraganeko kontu bilakatuko dira 'Interneteko gordailu elektronikoak' garatu ahala. Hauek arrakastaz erabiltzen dituzte gurean baino on-line zerbitzu garatuagoak dauden herrialdeetan. Posta elektronikoa eskutitzei nagusitu zaien bezalaxe, sistema berri honen hedapenak erakundeekin, negozioekin edota bankuekin zerikusia duen korrespondentziaren eta faktura guztien desagerpena ekar lezake.

METAPOSTAk segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuta dauzkan esparru birtuala eskaini behar die partikularrei eta enpresei, tamaina mugagabekoa eta bizitza osorako bermea duena, bertan era guztietako agiriak jaso eta gorde ahal ditzaten.

Balizko igorleak

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren menpe diharduen SPRI sozietate publikoak era horretako agiriak sor ditzaketen balizko 300 igorle baino gehiago identifikatu ditu Euskadin, eta horiek guztiek parte har dezakete igorpen-gastuak eta bidalketa-epeak murriztu eta erregistro nahiz jakinarazpen-zereginetarako lege-balio osoa duen ekimen honetan. Administrazio publikoak, enpresak, finantza eta aseguru erakundeak, mutuak eta BGAEak, hezkuntza-erakundeak, kirol talde eta elkarteak, erosteko eta bezeroak fidelizatzeko txartelen igorleak eta gasa, elektrizitatea, ura edo telefonia alorreko enpresa banatzaileak dira METAPOSTAren balizko berezoak, besteak beste.

Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta kutxa gordailu elektronikoa izateaz gain, METAPOSTA tresna egokia izan daiteke jaso beharreko agirien sakabanaketa ekiditeko. Ildo honetan, sarbide bakarreko sistematzat antola daiteke, 300 enpresa eta erakunde publiko baino gehiagok igorritako agiri eta ohartarazpenak kudeatzeko. Sistema honen bidez, aldez aurretik hitzartutako entitateen mezuak baino ez dira jasoko; horixe da posta elektronikoaren aldean eskaintzen duen abantaila, eta ondorioz, ez dago spam (zabor-posta) edo igorle ezezagunek bidalitako kate-mezuak jasotzeko aukerarik.

Sistemak partikularrei eta enpresei eskaintzen dizkien abantailez gain, ekimen hau aurrera ateratzea erraztu duen politikak Euskadin Administrazio elektronikoa garatzea du helburu, zerbitzu digital aurreratuen erabilera masiboa bultzatuz eta Informazio Teknologia Berrien mekanismoak ezagutzen ez dituzten pertsonen bazterkeriaren aurka borrokatuz. Horren haritik, METAPOSTA pizgarria izan daiteke Internet eta sinadura elektronikoaren erabilera eta jakinarazpenetarako edota agiriak elektronikoki eta segurtasun-bermeaz artxibatzeko protokolo berrien erabilera bultzatzeko.

Segurtasun-bermea

Segurtasun-bermea da METAPOSTA zerbitzuaren oinarrizko beste osagaietako bat, eta horretarako, euskal Administrazioaren zerbitzarietan kokatuta egongo da. Agiriak jaso eta kudeatzeaz EJIE S.A. enpresa arduratuko da, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailari atxikiako informatika-elkartea. Honek segurtasunezko bunkerra dauka eta artxiboak igorri, tratatu eta biltzeko sistema bikoitzak erabiliko ditu, zerbitzua eguneko 24 orduetan bermatzeko asmoz.

Legearen ikuspuntutik, METAPOSTAk informazioaren egiazkotasunari, zintzotasunari eta konfidentzialtasunari dagozkien berme guztiak izango ditu, indarrean dauden arau desberdinei jarraituz: Hiritarrak Zerbitzu Elektronikoetara Sartzeari buruzko Legea; Sinadura Elektronikoari buruzko Europako Zuzentaraua eta Estatuko Legea; Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa; edota Faktura Elektronikoari buruzko Legea, besteak beste.

METAPOSTAren ezarpenaz, Euskadi, Internet bidezko zerbitzuen garapenean aurreratuago dauden herrialdeen ekimenen parean kokatu da. Hauexek dira ekimen horietako batzuk: eBoks (Danimarka), De-Mail (Alemania), MyPage.no (Norvegia), Agosp (Australia) edo My eCitizen (Singapur). Garapena apurka-apurka egingo da, eta I+G alorreko ekimenen bitartez, etorkizunean bezero, produktu eta zerbitzu berriak sortarazi ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren 'Nire Etxea Interneten' programaren barruan.

6 iruzkin
  • @joseanss
    2010.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @damoto: RT @balapiaka: Metaposta: un ‘buzón y caja fuerte electrónica en Internet’ http://ht.ly/1R0tn

  • @damoto
    2010.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @balapiaka: Metaposta: un ‘buzón y caja fuerte electrónica en Internet’ http://ht.ly/1R0tn

  • @davidbs
    2010.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @balapiaka: Metaposta: un ‘buzón y caja fuerte electrónica en Internet’ http://ht.ly/1R0tn

  • @balapiaka
    2010.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    Metaposta: un ‘buzón y caja fuerte electrónica en Internet’ http://ht.ly/1R0tn

  • @las_lenas
    2010.eko maiatzak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @damoto: #metaposta en @irekia http://bit.ly/dxAd8q

  • @damoto
    2010.eko maiatzak 27

    Comentario de Twitter:
    #metaposta en @irekia http://bit.ly/dxAd8q

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko