Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

6 milioi euro enplegu bila dabiltzan hainbat giza talde laneratzen laguntzeko. (2014-07-15(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko uztailak 15

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez (Euskal Enplegu Zerbitzua), 2013-2016 aldirako Enplegua Suspertzeko Planean jasotako hiru jarduera-ildo finantzatzeko sei milioi euro (5.898.000 euro) erabiliko ditu. Jarduera horien guztiez bidez, enplegu bila dabiltzan pertsonei lana lortzen lagunduko zaie.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Maria Aburtok kabineteko gainerako kideei jakinarazi dienez, laster, EHAAn, Lanbideko ondorengo diru-laguntza deialdiak argitaratuko dira:

1. EAEko enpresen kanpoko lan-zentroetan titulazio edo kualifikazioren bat duten baina aurretiko lan-esperientziarik ez duten gazte langabeak praktiketan kontratatzea, etorkizunean laneratzen laguntzeko. (Zenbatekoa: 3,05 milioi euro).

Diru-laguntzak eskatu ahal izango dituztenak:

Lan-zentroren bat duten enpresa pribatu edo publiko-pribatuek, partaidetutako enpresek edo enpresa-talde bereko enpresek, baldin eta kanpoan kokatuta badaude.
kanpoan kokatutako enpresekin lankidetza-hitzarmenak edo zerbitzu-emate kontratuak sinatu dituzten enpresak
Kanpoan ezartzeko prozesuan diren enpresek.

Honako baldintzak bete beharko dituzte:

Helbide soziala edo fiskala EAEn izatea edo lan-zentroa EAEN egotea.
Herri-administrazio batek edo gehiagok enpresa horren % 50ean baino gehiagoan ez parte-hartzea, ez zuzenean ez zeharka
Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea.

Diru-laguntza hauek herritar gazteen lan-perspektibak hobetzeko aukera ematen dute. Bereziki, Lanbideren bulegoetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda duten 34 urtetik beherako pertsonentzat dira; unibertsitateko titulu bat, goi- edo erdi-mailako lanbide-heziketako titulua, horien baliokide den bestelako titulu ofizial bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat dutenentzat, hain zuzen. Pertsona horiek lana behar bezala gauzatzeko enpresek eskatzen dituzten hizkuntza-gaitasunak izan beharko dituzte.

Enpresei dagokienez, laguntzak batez ere nazioartekotzeko ahalegin handia egiten ari diren eta, gainera, beste sektore batzuen jarduna bultzatzen duten enpresetara (sektore aeronautikoa, automozioa edo ingeniaritzak) bideratuta daude. Kontratazio berriaren ondorioz, lanpostu horretan aritzen zen langilerik kaleratu ez dutela egiaztatu beharko dute enpresa horiek.

Kontratuaren gutxieneko iraupena hamabi hilabetekoa izango da, eta jardunaldi osokoa. Kontratatutako pertsonak Estatutik kanpoko lantokietan arituko dira lanean, eta gutxienez bederatzi hilabeteko egonaldia bermatuko zaie.

Soldata eta gizarte-segurantzako kostuak ez ezik, langilea atzerrian dagoen bitartean, enpresak hilero ostatu- eta mantenu-dieta gisa emango dizkion 350 euroak -enpresaren hitzarmen kolektiboan ezarritako zenbatekoa alde batera utzita- ere diruz lagunduko dira.

2013an, 34 urtetik beherako 82 gazte eta 44 enpresa izan ziren atzerrian praktikak kontratatzeko laguntzen onuradunak. Mexiko, Brasil eta Txina izan ziren helmuga nagusiak, ordena horretan.

2. Enplegu Zentroen Zerbitzuaren garapena. (Zenbatekoa: 1.848.000 euro)

Orientazio-zerbitzuek (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren barruan 2011tik) informazioa, laguntza, motibazioa eta aholkularitza emateko ekintzak egiten dituzte, eta pertsona bakoitzaren egoera hartzen dute kontuan ikasteko, enplegua bilatzeko edota enpresa-ekimenak gauzatzeko ibilbidea kudeatzeko orduan.

Interesa duten pertsonek kontsultatzeko tresnak dituzte eskura Enplegu Zentroaren bulegoetan enplegua bilatzeko prozesuan erabil ditzaten, baita orientatzaileen laguntza ere.

Programa honetako laguntzek zerbitzu hori emateko orduan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean aritzen diren erakundeak hautatzeko prozedura bat egiteko balio dute, baita finantzatzeko ere.

Enplegu-zentroek taldeko ekintzak egin behar dituzte hamabost egunean behin -gutxienez lau pertsonarekin eta 3 ordukoak- norberak erabiltzeko eta enplegua bilatzeko tresnak ezagutarazteko.

Enplegu-zentroek ibilbide luzea dute Euskadin. Eusko Jaurlaritzak duela hamar urte ezarri zituen, enplegu-politika aktiboen eskumena autonomia-erkidegoari eman aurretik.

Gaur egun dauden 42 zentroek 30.000 lagun baino gehiago hartzen dituzte urtean; horietatik, hiru zentrok mugitzeko eta/edo komunikatzeko zailtasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzen dute, gainera.

3. HEZIBI programa). (Zenbatekoa: 1.000.000 euro)

Enplegu eta Hezkuntza sailek lanbide-heziketa suspertzeko elkarrekin garatutako programa, enpleguarekin txandakatuta LHko titulu bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko prestakuntza eta ikaskuntzako modalitatearen bidez.

Lanik gabe dauden eta Hezibi modalitatearen bidez LHko titulu bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat, enpleguarekin txandakatuta, ikasten ari diren 30 urtetik beherako gazteei dago zuzenduta programa hori; 2012ko urriaren 3ko baterako Aginduak onartu zuen modalitate hori (EHAA, 2012ko urriak 5).

Honako hauek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak: EAEn lan-zentroren bat duten enpresek, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek, bai eta Hezibi modalitatean enpleguarekin txandakatuta profesionaltasun-ziurtagiriak ematen dituzten Prestakuntza Zentroek ere.

Hezibi modalitatean enpleguarekin txandakatuta 258 gaztek jaso zuten prestakuntza 2013an; horietatik 205, LHko titulu bat lortzeko, eta 53 profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko.

Proiektuek, oro har, urtebeteko iraupena izaten dute, baina hiru urtera arte ere irits daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau