Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak krisiaren aurka hartuko dituen neurriak

2010.eko maiatzak 27

Lehendakariak “nork bere ekarpena” egin dezatela eskatu die gizarte eragile guztiei, krisitik irteteko

Eusko Jaurlaritzak bere ordainsari-masaren % 5eko aurrezpena sortuko du, hau da, 87 milioi euro.

Patxi López Lehendakariak agerraldia izan du Eusko Legebiltzarrean, Euskadiko egoera ekonomikoa aztertzeko eta krisiari aurre egitera zuzendutako neurri eta erreforma multzo bat proposatzeko. Neurri multzo horren bidez, gainera, zorrari aurre egin nahi zaio, gastu korrontean aurreztu, Administrazioa optimizatu eta zerbitzu publikoak doitu; horrekin batera, beharrezkoak diren eraldaketa eta aldaketa batzuk egingo dira “herrialdea modernizatzeko, gure posizionamendua hobetzeko, premia handiena dutenei laguntzeko, gure zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzeko eta aurrerabide- eta ongizate-etorkizun bat lortzeko euskal gizartearentzat”, esan du Lehendakariak.

“Austeritatearen, aurrezpenaren eta erreformen garaia da gure administrazioan”, adierazi du Patxi Lópezek. Hori esateko, bi premisa hartu ditu oinarritzat: lehenengoa da herritar guztiek, “salbuespenik gabe”, egin behar dutela Euskadik behar duen ahalegin konpartitua; bigarren premisa da etorkizuna bermatzeko neurriak “orain” hartu behar direla, “belaunaldien arteko eta pertsonen arteko elkartasuna ez hausteko”.

Arrazoi horiengatik, Lehendakariak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurriak, krisi ekonomikoari aurre egiteko: gastua murriztea pertsonalaren lehenengo kapituluan eta plantillak doitzea eta berrantolatzea; gastu korronteak murriztea, beharrezkoak ez direnak ezabatuz; administrazioen arteko bikoizketak ezabatzea eta guztiek konpartitutako zerbitzu-mapa bat egitea; funtsezko gizarte-zerbitzuei eustea, eskubideak murriztu gabe; aurrekontuan onartutako inbertsio-partida guztiei eustea; erreforma fiskal progresibora zuzendutako akordioak bultzatzea, eta baita iruzurraren kontra borrokatzeko eta ohiz kanpoko baliabideen helmugak lehenesteko akordioak ere bultzatzea.

Proposamen horietako batzuen bitartez, Eusko Jaurlaritzak % 5eko aurrezpena lortuko du bere ordainsari-masan, hau da, 87 milioi euro inguru.

Inbertsioen alorrean, Lehendakariak adierazi duenez, aurreikusitako aurrezpenak ez du eraginik izango 2010eko inbertsio-gastuaren mailan. Gainera, bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak “lehentasunezkotzat” joko du euskal Yren inbertsioari eustea Gipuzkoako tartean.

Patxi López Lehendakariak nabarmendu duenez, krisi ekonomikoari aurre egiteko eta hortik baldintza hobeagoetan irteteko, “guztiok egin behar dugu geure ekarpena”, eta, hortaz, gizarte eragileen lankidetza eta erantzukizuna eskatu ditu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari