Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urdaibairen biodibertsitatea eta bere eragina Kepa Junkeraren musikan, Busturian erakusgai

2014.eko uztailak 14

Kultura eta biodibertsitatea uztartu ditu «Urdaibai Kepa Junkeraren trikitixan» erakusketak. Gaur inauguratu dute Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredok eta Kepa Junkera musikariak Eusko Jaurlaritzak Busturian duen Euskadiko Biodibertsitate Zentroan. Erakusketaren helburua Urdaibai Biosfera Erreserbaren antzeko naturaguneek euskal musikagilearen ibilbidean, bilakaera profesionalean eta sormen prozesuetan izan duen garrantzia ezagutaraztea da. 

«Erakusketan agerian geratzen da zenbateko garrantzia duen naturaguneen kontserbazioak eta babesak nahiz baliabideen erabilera jasangarriak bizitzaren alderdi guztietan, hala ekonomikoan eta sozialean, nola kulturalean. Horren seinale da eremu babestu honek Kepa Junkeraren obran izan duen eragina.   Erakusketan bere ibilbide musikal osoa ezagutuko dugu. Gainera, lurraldearekin eta bertako ohiturekin duen elkarreragina ikusiko dugu eta Urdaibairekiko grinaren lekuko izango gara», adierazi du Naturaguneen zuzendariak.

Erakusketan artistaren jabetzako hainbat objektu ikusiko ditugu, galerian zehar sakabanatuta topatuko ditugunak. Horien bidez, bisitaria Urdaibai Biosfera Erreserbak bere musikan izan duen eraginaz jabetuko da. Ibilbide musikal osoa ezagutuko dugu eta lurraldearekin eta bertako ohiturekin duen elkarreragina ikusiko dugu, Urdaibairekiko grinaren lekuko izateaz gain. Erakusketan, halaber, tradizioa eta modernotasuna uztartzen dira. Bat egiten dute lurraldeko paisaiek eta soinuek eta artistaren unibertso musikalak, agerian utziz bere obrako estiloen, musika-tresnen, erritmoen eta melodien aniztasuna.

Objektu-bilduma

Musikariak konposatzeko erabilitako eta jotako musika-tresnen bilduma dago: albokak, trikitixak, esku-soinuak, panderoak, etab. Gainera, artistak jasotako sariak eta errekonozimenduak aipatuko dira beste sail batean; esaterako, bere K diskoak 2004an lortutako Folk estiloko disko onenaren Grammy Latinoa, 2004ko Bilbotar Ospetsuaren saria, 2013ko Martínez Forner folkloreko Sari Nazionala, euskal musika tradizionalak lortutako lehen urrezko diskoa, etab.

Erakusketaren beste atal garrantzitsu bat da artelanei eskainirikoa. Besteak beste, Nestor Barrenetxea, Jesús Lizaso, Juan Carlos Eguilor, Alfonso Gortázar, Juan Zárate, Mikel Valverde eta Alberto Palomera artisten lanak daude erakusgai. Halaber, artistaren eguneroko objektuak daude; posterrak, seme-alabekin, amarekin, aitonarekin edota Urdaibai Biosfera Erreserbarekin zerikusia duten objektuak. Gainera, munduko bazter batzuetako objektuak daude, historia bana kontatzen dutenak; alegia, artistaren aniztasunaren froga garbia. Athletic-eri ere keinu egin behar zitzaionez, duela urte batzuk egindako «Athletic bihotzez» izeneko proiektuaren murala eta irudiak ikusi ahalko ditugu.

Aretoaren girotze musikala Euskal Meteorologia Agentzia Euskalmeterako konposatutako musikaren bidez egingo da. Egurats, musika eta soinuak izena du piezak eta naturan grabatutako soinu bilduma bat da, maisuki ordenatu eta editatu dituenak. Musikaren bidez, artistaren eta naturagunearen arteko harreman estua barnerago helduko zaio bisitariari.

Azkenik, alboko gela batean, Urdaibaiko irudiz osatutako bideoa emango da, busturiar ospetsuaren musikaz jantzia.

Azken batean, bisitaria natura-balio handiko eremuen babesak duen garrantziaz ohartarazi nahi duen objektu-bilduma egongo da ikusgai; kasu honetan, Kepa Junkera artistaren begiradaren arabera. Artistaren bizitzaren eta obraren eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren arteko paralelismoa eskainiko du erakusketak; izan ere, erreserba kultura askoren sarbide eta irtenbide izan da iraganean eta orain ere hala da.

Urdaibai Kepa Junkeraren trikitixan. Bere ingurunearen dibertsitatea ikusgai egongo da irailaren 30era arte. Doan bisitatu ahalko da.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak kudeatzen du, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Kepa Junkera