Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritza nahigabetuta dago Nestor Basterretxearen heriotza dela-eta

2014-07-12

Eusko Jaurlaritza zeharo nahigabetuta dago Nestor Basterretxearen heriotza dela-eta. Euskadik XX. mendeko erreferente artistiko nagusietako bat galdu du haren heriotzarekin.

 

Pintorea, eskultorea, zinemagilea, artista polifazetikoa; ezagut daitekeen egiazko aztarna ezabaezina utzi du. Haren lanak luzaroan iraungo du; oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzako ondarea da, eta, seguruenera, are garrantzi handiagoa hartuko du urteen igarotzeak ematen duen ikuspegiarekin.

 

Bermeon sortua, frankismotik ihesi Argentinara erbesteratua, Euskadira itzuli zen, eta bertan garatu du bere obra, bertan hartzen du zentzu osoa. Harreman estua izan zuen Oteizarekin eta bere belaunaldiko euskal artistekin (Chillida, Mendiburu, Sistiaga, Zumeta, Ibarrola edo Balerdi), 57 eta Gaur taldeen sorreran hartu zuen parte, eta lotura izan zuen euskal kultura musikan, antzerkian edo zineman biziberritu zuten sortzaileekin; euskal kulturarekin eta bere herrialdeko sorkuntza garaikidearekin zuen konpromisoaren indarra erakusten du horrek guztiak. Nestor Basterretxea funtsezkoa izan da euskal kulturan sustraitutako abangoardia estetikoa bultzatzeko, bai eta gure kulturaren ezaugarri tradizionalen modernotasun sakona berriro deskubritzeko ere.

 

Basterretxearen arte-ekoizpenak, 1950eko hamarkadatik gaur egun arte, sorkuntzaren alderdi asko hartzen ditu barruan. Zinemarekin, argazkilaritzarekin, diseinu industrial zein grafikoarekin eta arkitekturarekin esperimentatu zuen Nestor Basterretxeak eskulturaren eta pinturaren bitartez garatutako berezko hizkuntza oinarri hartuta.

 

Artelanetan konpromiso sakona erakutsi zuen beti euskal izaerarekin, publikoarekin zein garaikidearekin, eta konpromiso horrek eraman zuen lehen Euskal Jaurlaritzan parte hartzera, non euskal artea eta kultura bultzatzeko politikak aurrera eraman zituen; horren erakusgarri dira Euskal Kosmografia, Argizaiolak eta Eguzkiloreak serieak, Ama Lur filma, bai eta hainbat eskultura publiko ere, hala nola Bakearen Usoa, Arriarango presa, Omenaldia Iztuetari edota Eusko Legebiltzarrean, gure subiranotasun demokratikoaren egoitzan, dagoen Zazpi adarreko zuhaitza, besteak beste.

 

Artista handia, egiazko demokrata, euskaltzale sutsua eta pertsona bikaina joan da; haren oroitzapena eta obra, ordea, betiko egongo dira gurekin.

 

Bakean bego

2 iruzkin
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko