Berriak Herrizaingoa
Eu

Abertzale erradikalekin zorrotza izateko eskatu dio Herrizaingo sailburuak EAJri, politika egiteko eskaera demokratikoak jaistea eskatu beharrean

2010.eko maiatzak 26

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Rodolfo Aresek, demokrazia defendatzeko Alderdien Legea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Era berean, abertzale erradikalekin gogorra izateko agindu dio EAJri Andoni Ortuzarrek lege hau bertan behera uzteko eskatuz egin zituen azken adierazpenei erantzunez.

'Ez da Alderdien Legea bertan behera uzteko unea. Ezinbesteko legea izaten jarraitzen du eta abertzale erradikalek ongi dakite zer egin behar duten'.

'Beste behin hanka ez sartzeko eskatzen diot EAJri. Demokraziaren alde egiteko erabilgarria eta beharrezkoa den Alderdien Legea bertan behera uzteko eskatu beharrean, abertzale erradikalekin zorrotza izan beharko luke eta argi utzi beharko lieke beraiek hartu behar dituztela erabakiak, demokratei beren arazoak konpontzeko eskatu ordez'.

Askatasuna defendatzearen alde gehien egin dutenak zein aldetakoak izan diren eta Giza Eskubideen Auzitegiak defentsa horrekiko egindako epaia ekarri ditu gogora Herrizaingo sailburuak.

'Iraganean egindako akatsak berriz ez errepikatzeko eskatu nahi diot EAJri. Izan ere, alderdiaren interesak babestearren Alderdien Legeari ezetza eman zion garai batean, Estrasburgoko Auzitegiak lege erabat demokratikoa zela ondorioztatu zuen bitartean'.

'EAJk badaki erradikalekin zorrotza izatea ezinbestekoa dela. Horrela argi izango dute politika egin nahi izatekotan ETAk armak uztea lortu behar dutela edo bestela, terroristengandik aldendu behar direla; giza eskubideen errespetuaren, legezkotasunaren eta jokoaren arauen aldeko apustua egin behar dute'. 

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren aburuz, Alderdien Legea guztiz demokratikoa izateaz gain, demokrazia bera defendatzeko nahitaezkoa da. Hala ere, EAJk ez du, antza, iraganetik ezer ikasi'.

'Ortuzar jaunak dioenaren aldean, esan behar, lege hau erabakigarria izan dela ETAren aurka borrokatzeko eta hiritarren eskubide eta askatasunen alde egiteko'.
Sailburuak gogoratu du baita, Alderdien Legeak ez dituela inoiz galarazi aldarrikapen nazionalista erradikalak.

'EAJk etengabe aurkakoa adierazten badu ere, Alderdien Legeak ez dio Euskadiri arazorik ekarri. Terrorismoaren indarkeria defendatzen dutenei eta ETArengandik aldendu ezin direnek soilik izan dituzte arazoak; ez du inola ere independentzia edota bestelako aldarrikapen nazionalista erradikalak babestea galarazi. Terrorismoaren indarkeriaren alde daudenek erakunde demokratikoetan parte hartzea da eragotzi den gauza bakarra'. 

'Abertzale erradikalen erabakien inguruan egin dute gogoeta askok azken aldian baina ez ditugu hiritarrengan itxaropen faltsuak sortu behar. Erabaki horiek sinesgarritasuna izan dezaten, ekintzekin frogatu behar dira. Erradikalek indarkeriarengandik aldentzeko behin betiko erabakia hartu behar dute eta, politika egiteko, jokoaren arauak errespetatu beharko dituzte'. 

'Ez diegu besteok bidea erraztu behar; zorrotzak izan behar dugu eta erabakiak har ditzaten estutu egin behar ditugu. Hala egiten ez badugu edo irteera faltsuak ematen badizkiegu, derrigor hartu behar dituzten erabaki horiek gerorako uzten ariko gara'.

'Terroristak babesten dituzten taldeak existitzen diren bitartean -eta EAJk dioenaren aldean- ahal dugun guztia egingo dugu Alderdien Legea zorroztasun osoz erabili dadin; ez dio inork euskal gizarteari adarra joko'.

Terroristenganako eta laguntza eta babesa ematen dietenenganako tolerantziarik ez izateko Eusko Jaurlaritzak duen asmoa azpimarratu du amaitzeko Rodolfo Aresek. 
 
'Demokrazia irmoki babesten duen politika egingo dugu beti bezala Eusko Jaurlaritzan. Arlo guztietan zorrotzak izaten jarraituko dugu; hori baita -argi eratu den legez- terrorismoarekin behingoz bukatu eta askatasuna eta bakea sustatzeko azken pausuak emateko biderik onena'.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan