Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Galera: «Jaurlaritzaren laguntzei esker, euskal udalerriek urtean hiru mila tona CO2 isurtzea saihestu dute»

2014.eko uztailak 11
  • Aurten Jaurlaritzak emango dituen 1,8 milioi euroko diru-laguntzen helmena azaldu die Ingurumeneko sailburuordeak udalen teknikariei
  • Partikula eta NOx isurpenak ere murriztu dira; 13.000 kg eta 877 kg isurtzea saihestu da, hurrenez hurren.
  • Kutsatuta egon zitezkeen 24 hektarea baino gehiago ikertu eta berreskuratu dira

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak «1.810.000 euro emateko sailak jarri dituen ingurumen-jardunbide lehenetsiak» azaldu dizkie udalen ordezkariei; gaur goizean bildu dira Lakuan. Laguntza horiek lau alor hauei zuzentzen zaizkie: lehenengo esparrua Lurzoru Kutsatuena da; bigarrena Atmosfera, airearen kalitatea hobetzeko eta zarata eta berotegi-efektua eragiten duten gasak murrizteko, klima-aldaketaren eraginak gutxiagotzeaz gainera; hirugarren alorra Biodibertsitatea da, aniztasun biologikoaren kontserbazioa, berrezarpena eta hobekuntza sustatzeko; azken eremua Eskolako Agenda 21 da, horren eta Lekuko Agenda 21en koordinaziorako. Galeraren arabera, «joan den urtean laguntza horiek ingurumenaren kalitatea nabarmen hobetu zuten, urtean hiru mila tona CO2, 13.000 kg partikula eta atmosferara 877 kg NOx isurtzea saihestuz. Gainera, kutsatuta egon zitezkeen 24 hektarea baino gehiago ikertu eta berreskuratu dira».

 

 

Ekainaren 30ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Euskal Autonomia Erkidegoko garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak gauzatzen dituzten Udalei, Mankomunitateei, beste Toki Entitate batzuei, Toki Erakunde Autonomoei, Tokiko Garapen Agentziei eta Tokiko Merkataritza Sozietateei zuzendutako diru-laguntzen Agindua argitaratu zuen.

 

Ingurumeneko sailburuordeak jardunaldi bat antolatu du udalei lehentasunen eta horrekin zerikusia duten alderdi tekniko guztien berri zuzenean emateko, eta datozen deialdietarako iradokizunak eta ekarpenak biltzeko.

 

Josean Galerarekin batera, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredo eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko eta Ihobeko zenbait arduradun tekniko bertaratu dira. Galerak hurrengoa azaldu du: «lehentasun horiek zehaztearen helburua da indarrean dagoen Ingurumen Esparru Programan zehaztu ditugun ingurumen-erronkak betetzea; programa hori sail onek martxan duen ingurumen-politikarako erreferentzia da».

 

Emaitzak

Aurreko deialdian 185 proiektu aurkeztu ziren; 120 proiekturi eman zitzaien diru-laguntza: Lurzoruei zuzendutako 17 proiektu, atmosferari zuzendutako 38, biodibertsitateari zuzendutako 25 eta Lekuko Agenda 21 eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioari zuzendutako 40.

 

«Horiek guztiak egin izanak eragin nabarmena izan du ingurumenaren kalitatearen hobekuntzan. Horrela, urtean hiru mila tona CO2, 13.000 kg partikula eta atmosferara 877 kg NOx isurtzea ekidin da. Gainera, kutsatuta egon zitezkeen 24 hektarea baino gehiago ikertu eta berreskuratu dira», azaldu du Galera sailburuordeak.

 

Diruz lagundutako proiektuen artean nabarmentzekoak dira autobus ekologikoen erosketa, igorpen kutsagarrien legea gainditzen dutenak, kontrol telematikoaren bidezko energia-kontsumoaren murrizpena zenbait udalerritan, zarata mapen sorrera, babestutako lurraldeetan espezie inbaditzaileen desagerraraztea eta geldirik dauden zabortegi publikoen ingurumen jarraipena eta kontrola, besteak beste.

 

2007an diru-laguntzei buruzko agindu hau martxan jarri zenetik, udal-esparruko gutxi gorabehera mila proiektuk jaso dute diru-laguntza; Jaurlaritzak 43 milioi euro baino gehiago zuzendu dizkie. Proiektuen bidez, ingurumen-hobekuntza nabarmen gauzatu ahal izan da Euskadin.

 

Galerak dioenez, «aginduaren helmenak ingurumenaren hobekuntzarako ekintza asko egitea posible egin du. Helburua da erabaki horren bitartez diruz lagundutako proiektuek jasangarriagoa den garapen eredu berri bat bermatzea, gizarteko eragile guztien eta instituzioen arteko arduren banaketaren bidez».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)