Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Frantziatik datorren turismo-fluxua eta helmugan esperientziak indartzea, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak uda honetarako

2014.eko uztailak 11
  1. Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak Frantziako hego-mendebaldetik sarrerak indartzeak duen garrantzia nabarmendu du, 2013an bidaiari atzerritarren merkatu igorle nagusia izan baitzen, bisitarien % 9arekin
  2. Mertxe Garmendia Turismoko zuzendariak eta Arantza Madariaga Basquetour agentziakoak azaldu dute sustapen ekintzak lehentasunezko merkatuetan eta helmugetan egiten direla, turismo industriaren emaitzak hobetzen laguntzeko

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak prentsaurrekoa eman du gaur, Mertxe Garmendia Turismoko zuzendariarekin eta Arantza Madariaga Basquetour agentziakoarekin batera, eta turismo-industriaren emaitzak hobetzeari begira lehentasunezko merkatuetan eta helmugan turismo-sustapena indartzeak duen garrantziaz mintzatu da.

Epalzak gaur bertan atzerriko merkatu nagusian hasi den kanpaina nabarmendu du; Frantziakoan, alegia; Euskadiko turismo osoaren % 9 ordezkatzen baitu (2013ko itxiera-datuak: Euskadi: guztiaren % 15; Madril: guztiaren % 14; Katalunia: guztiaren % 9; Frantzia: guztiaren % 9).

Euskal turismoaren 2020 Plan Estrategikoaren arabera, motibazio-profila duten 16.500.000 pertsonako merkatu potentziala da Frantzia. Herrialde mugakidea da eta konexio egokiak ditu autoz nahiz trenez bertaratzeko. Euskadik, gainera, zuzeneko hegaldiak ditu Frantziako 4 hirirekin, eta 15 hegaldi zuzen ditu egunero.

2013an, 226.830 frantsesek hartu zuten ostatu gure hoteletan eta landetxeetan. 220.530 pertsona ‒hau da, 2012an baino % 7,3 gehiago‒ hoteletan izan ziren, eta gainerako 6.300 frantsesak ‒2012an baino % 8,5 gehiago‒ landetxeetan.

Hori guztia aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat jarri du abian, Basquetour agentziaren bidez. Udan eta udazken-neguan gauzatuko du Frantziako hego-mendebaldean, gugandik hurbilen dagoen gunean, bertatik etortzen baitira Euskadira turista frantses gehienak.

Frantzian gauzatuko den kanpaina

Kanpainak bi fase izango ditu eta hainbat bitartekoren bidez gauzatuko da: Internet, mezularitza, prentsa eta aldizkariak, eta kanpoko eta kaleko marketina. Orotara, 320.000 euroko aurrekontua izango du.

  • 1. Fasea: uztailaren 11tik abuztuaren 15era. Bertakoentzat nahiz turista frantsesentzat izango da ‒beste gune batzuetatik etorritakoak, baina batez ere Paristik‒. Euskadin egun bateko edo biko plan zehatz erakargarriak egiteko gonbita egingo zaie, gertutasuna baliatuz eta udako agendako jarduera ospetsuenak azpimarratuz.

Kanpoan, 217 hesi jarriko dira kostaldean (Arcachon, Baiona, Donibane Lohizune, Hendaia, Urruña…), baita Bordelen ere.

Prentsan,agerraldiak egingo dira hauetan: Sud-Ouest, Direct Matin Burdeos, Direct Matin Toulouse eta La Depeche du Midi.

Interneten, kanpaina egingo da egunkari digital nagusietan (Sud Ouest, La Depeche du Midi, Le Figaro, Le Monde). Halaber, bidaien, gastronomiaren, surfaren eta meteorologiaren arloko guneetan egingo da, baita Tripadvisor gunean ere. Formatu desberdin eta sortzaileak izango dituzte, eta udako agendako edukietara jotzeko esteka izango dute, euskaditurismo.net gunera lotuta.

Road show edo turismo-bulego/autobus ibiltaria sustapen-ekintzak uztailean eta abuztuan egingo dira, 15 egunez, Angelu, Capbreton, Biarritz, Bordele eta Arcachon herrietan. Road show: autobusa eta bizikleta, informazio turistikoz eta oroigarrien merchandisingaz hornituta.

  • Bigarren fasea irailaren 14tik abendura egingo da. Bertakoentzat izango da, Euskadin barna asteburuko egonaldi luzeagoak egiteko, eta ad hoc planekin urteko sasoi horretarako.

Sustapeneko eta merkaturatzeko beste ekintza batzuk

Prentsaurrekoan, era berean, Euskadiko eskaintza sustatzeko eta merkaturatzeko hainbat ekintza azpimarratu dituzte, bidaiarien eskaera eraginkortasun handiagoz gogobetetzeari begira.

Euskadiko «puntu beroetan» turismo-esperientzien eskaintza eguneratzea eta merkaturatzea

Esperientzien eskaintza zabaldu eta eguneratu egin da, 50 esperientziako sorta baten bidez, 200 jarduera-proposamenetan baino gehiagotan oinarrituta. Horiek guztiak sailkatzeko orduan, kokapena, basque style, nortasuna, berezitasunak eta produktu anitzak hartu dira kontuan. Gainera, hainbat kanal eta euskarriren bidez merkaturatzen ari dira:

  1. Helmugan, Euskadiko hotel eta landetxe nagusietako logeletan jarritako mahaiko display baten bidez banatuko dira. Hainbat euskarritan egongo dira, eta Euskadi bisitatzera etorritakoek galdu ezin dituzten hamar baliabideak eta TOP esperientziak adieraziko dituzte. Euskarriak honako hauek dira: errepide-mapa (ezinbesteko hamar guneekin eta hamar TOP esperientziekin), natura-mapa, esperientzia-mapa (eguneratuta, 50 ofizialekin) eta Euskadi Gastronomika gida eguneratuta.
  2. Gainera, esperientziak helmugan merkaturatzeko Aste Santuan auzatutako proiektu pilotuaren jarraipen eta hobekuntza gisa, Eusko Jaurlaritzak hitzarmena egin du Infotactile enpresarekin, euskarrietan esperientzien eskaintza osoa sartzeko. Euskarri horiek hiru hiriburuetako hotel nagusietan eskura daitezke, baita Guardiako turismo-bulegoan ere. Aste Santuko proiektu pilotua paregabea izan zen turistari helmugan bertan esperientzien edo planen eskaintza helarazteko moduak balioesteko eta egokienak hautatzeko. Horrela, oraingo honetarako prestatutako euskarriak aukera ematen du proposamenei, jarduerei, bisitatu beharreko baliabideei eta abarri buruzko informazioa kontsultatzeko, erreserbak egiteko ‒telefono mugikorraren, kreditu-txartelaren eta abarren bidez ordaintzeko‒, txartelak inprimatzeko, informazio erabilgarria eskuratzeko... Halaber, app bat ere badago telefono mugikorrean deskargatzeko eta informazioa modu praktikoagoan kudeatzeko. Hori guztia «aste nagusien» eskaera-fluxu handietarako eta aurtengo saskibaloiko munduko txapelketarako laguntza edo osagarri gisa.
  1. Lankideen bidez merkaturatzea. Grupo Silken. Silken taldearekin elkarlanean jardungo da Euskadiko osatuetakoren batean egonaldia erreserbatu duten bezeroei jakinarazteko esperientzia-eskaintza, bezeroak jasotzen duen erreserba-txartelean banner bat jarrita. Bidaia-ondorengo mezularitzan ere banner hori jarriko da. Horren xedea batez besteko egonaldia luzatzea da, bidaia errepikatzea, gomendatzea, leial bihurtzea eta gastua areagotzea; horiek dira, hain justu ere, marketin-plan berriaren premisak.
  2. Produktua Estatuan handizkari-mailan banatzea (agentzia-kanala). Viajes Azul Marino enpresaren bidez ‒esperientziak merkaturatzeko ofizialki esleitutako agentzia‒, handizkari-mailan agintzen dituzten esperientziak txertatu dira, Nervión Travel enpresaren katalogoaren bidez saltzeko. Atzotik, ostegunetik, aurkezpenak egingo dira tokiko agentzietan esperientzia horiek merkaturatzeko, Viajes Azul Marino enpresaren merkataritza-sarearen bidez, honako hiri hauetan: Madril, Bartzelona, Palma, Tenerife, Coruña, Valentzia, Sevilla, Santander, Valladolid eta Bilbo. Bestalde, Azul Marino enpresak Barceló, Red Ceus ‒mila bidaia-agentzia baino gehiago estatuan‒, Viajes El Corte Inglés eta Eroski Bidaiak enpresekin dituen banaketa-akordioen bidez, esperientziak sartzen ari dira agentzia horien produktuen dokumentu-zorroan, merkaturatzeko.
  3. Online kanpaina, Euskadiko esperientzia-eskaintza zabaltzeko eta ezagutarazteko, uda-sasoirako laguntza gisa.

Ekintza hauek orain arte merkatu ezberdinetan turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko egindako ekintzak osotzen dute: merkatu estatalean zein nazioarteko lehentasunezko eta interesdun beste merkatu batzuetan ere, esaterako Erresuma Batuan, Italian, Ipar herrialdeetan, Holandan, Turkian,…

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)