Berriak Segurtasuna
Eu

Lau ertzainek hartuko dute parte Bruselan ospatuko den Polizien eta Suhiltzaileen Europako txapelketan

2014.eko uztailak 10
Hauek dira Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen bosgarren edizioan Ertzaintzaren ordezkari gisa arituko diren lau agenteak: Jon Salvador, Aitor Etxeguren, Juan Carlos Murillo eta Joseba Mentxaka. Atletismoko diziplinan eta banakako eta taldekako maratoi erdiko modalitateetan parte hartuko dute. Ertzaintzaren ordezkariek 101 domina lortu dituzte aurreko txapelketetan (olinpiadak eta Munduko eta Europako Txapelketak).

Euskal Poliziaren ordezkaritza bihar uztailak 11, ostirala, irtengo da Belgikako hiribururantz uztailaren 12tik 20ra ospatuko den lehiaketa honetako edizio berrian parte hartzeko. Orotara Europa osotik heldutako milaka polizia eta suhiltzailek hartuko dute parte 24 modalitate ezberdinetan. Kontuan izan behar da, Olinpiar Jokoen eta Munduko Txapelketen ostean, parte-hartzaile gehien biltzen dituen kirol ekitaldia dela. Pontevedran 2006. urtean hasi zirenetik, edizio bakoitzean gero eta parte hartzaile gehiagok ematen dute izena Europako jokoetan. Bi urtero, urte bikoitietan, Europako herrialde guztietako eta haratagoko poliziak, suhiltzaileak eta kartzela administrazioko kideak biltzen ditu.

hauek dira Europako Joko hauetan Ertzaintzaren ordezkari gisa jardungo duten agenteak: Jon Salvador, Aitor Etxeguren, Juan Carlos Murillo eta Joseba Mentxaka. Atletismoko diziplinan eta banakako eta taldekako maratoi erdiko modalitateetan parte hartuko dute. Atletak datorren igandean lehiatuko dira, uztailaren 13an.

Ertzaintzaren ordezkaritzak esperientzia handia du antzeko txapelketetan eta bertako partaide guztiak kirolari federatuak dira; agente bakoitza bere espezialitatean federatu da eta 2 eta 9 txapelketa artean parte hartu du. Horren erakusle, orain artean 101 domina lortu dituzte guztien artean eta munduko hiru errekorren jabe ere badira 3.000 metroko oztopo lasterketan eta 400 metro hesidunetan. Antzeko txapelketetan eskarmentu handiena duen agentea 1999an Stockholm hirian jokatutako txapelketan izan zen.

Agenteek parte hartuko duten hurrengo txapelketa handia bi urtean behin, urte bakoitietan, egiten den Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketa izango da. 1985ean hasi zen eta hurrengo edizioa Ipar Amerikako Fairfax hirian izango da, Virginia estatuan, 2015. urtean.

2013ko abuztuan egin zen Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen Ertzaintzak. Belfast hirian egin zen eta 15.000 agentek parte hartu zuten. Ertzaintzak 19 domina irabazi zituen guztira: urrezko 13, zilarrezko 4 eta brontzezko 2. Atletismo eta txirrindularitza probetan parte hartu zuten. Arrakasta handiena atletismoko probetan lortu zuten; hamazazpi domina (urrezko 13, zilarrezko 3 eta brontzezko 1). Gainerako bi dominak txirrindularitzan lortu zituzten (zilarrezkoa bat eta brontzezkoa bestea).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko