Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik foroa erakunde instituzionalei zabaltzea proposatu du Udalsareko bileran

2014.eko uztailak 10
  • Ingurumeneko sailburuak hiri-espazioaren antolamendu eta diseinu jasangarriak, baliabideen erabilera eraginkorra, ekonomia hipokarbonikoa, ingurumenaren egokitzapena, hiri-lurzoruaren erabilera jasangarria eta hondakinen kudeaketa azpimarratu ditu Amurrion
  • «Euskadi jasangarritasun politiken aplikazio eraginkorraren nazioarteko erreferente gisa agertzea beharrezkoa da»

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Udalsareko hamargarren batzorde betearazlean nabarmendu du ingurumenaren aldeko euskal udalerrien sarea instituzioen arteko elkarlanaren arrakasta eredua dela, Euskadiko udalerrientzat jasangarritasunaren alorrean ekintza plataforma izateaz gainera. Udalsareak erakundeak, Energiaren Euskal Erakundea esaterako, bere lan-esparrura eraman nahi ditu.

«Azpimarratzeko modukoa izan da azken hamarkadan egindako ibilbidea eta lortutako heldutasuna. Hauek dira arrakasta horren adibide batzuk: Udalsarea 21ek orain arte argitaratu dituen 17 lan-koadernoetan agerian dagoen lan-taldeek egindako ezagutzak sortzeko lan handia, sarea osatzen duten kideek tokiko jasangarritasunean lortutako aurrerapen maila eta sare horrek lortu dituen mundu mailako errekonozimenduak, ICLEI bezalako erakundeen eta jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen aldetik», azaldu du Oregik.

Euskal udalerrien Tokiko Agenda 21ak dinamizatzen ditu koordinaziorako eta lankidetzarako foro den sare honek, eta Ekintza Planak betearazi ere egiten ditu. Hauek osatzen dute sarea: protagonista nagusiak diren 198 euskal udalerrik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Garraioen Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) ordezkatuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Ingurumen Kudeaketarako Elkarte Publiko Ihobek.

 

Gaitasuna

Oregiren arabera, uneotan, Udalsarea 21 etorkizuneko lau erronka berriri aurre egiteko gai da. «Lehendabiziko erronka Komunitateko jasangarritasun politiketan instituzioen eta sektoreen arteko integrazioan sakontzeko gai izatea da. 2020ra arteko Europar Batasunaren 7. Ingurumen Esparru Programak, “Ongi bizi, gure planetaren mugak errespetatuz” izenekoak, besteak beste, EBko hirien eta herrien jasangarritasuna handitzea du lehentasunezko helburutzat, bertako biztanleen % 80 hiriko edo hiri-inguruko eremuetan bizi baitira».

«Hartarako, hiriko espazioa antolatzeko eta diseinatzeko politika jasangarriak aplikatzea proposatzen da; horrelakoek hainbat alderdi hartu behar dituzte barruan, hala nola baliabideen erabilera eraginkorra, ekonomia hipokarbonikoa, klima-aldaketara egokitzea, hiri-lurzoruaren erabilera jasangarria, hondakinen kudeaketa, ekosistemen erresilientzia, uraren kudeaketa, giza osasuna, erabakiak hartzeko orduan herritarrek parte-hartzea, bai eta ingurumen arloan heztea eta sentsibilizatzea ere», esan du Oregik.

 

Sailburuaren iritziz, «bigarren erronka Udalsarea 21ek euskal administrazio publikoaren modernizazioari egin diezaiokeen ekarpena bultzatzea da, gobernantza berri bat eta gizartearen eta administrazioaren arteko kontratu berri bat eraginkor bihurtuz. Helburu hori lortzeko, beharrezkoa da eragile sozioekonomikoak politika publikoetan modu are aktiboagoan inplika daitezen, eragileok politika horien “erantzukide“ bihurtuz. Arrakasta izateko gako nagusietako bi administrazioak eredugarri izatea eta euren kudeaketa gardena izatea da».

Sailburuak proposatutako hirugarren erronka hau da: «Euskadi jasangarritasun politiken aplikazio eraginkorraren nazioarteko erreferente gisa agertzea». Eta azken erronkak sarearen ikuspegi berri bat proposatzen du, sarea kide berriei zabalduz: tokiko erakundeak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuk; horrela, sektore-politika desberdinak zabaldu ahalko dira tokiko eskalan

Oregirekin batera, hauek bertaratu dira: Amurrioko alkate Iosune Irabien, Ingurumen sailburuorde Josean Galera, Ihobeko zuzendari Javier Agirre eta EAEko udalerri guztietako ordezkariak.

 

Helburuak

Udalsareak Amurrion egin duen bileran 2014-2015 aldirako Kudeaketa Planaren proposamena analizatu du; planak sare bidezko lanari mesede egin nahi dio 2015. urtean, udalerriei tokiko jasangarritasun politiketan lan egiten laguntzeko. Gainera, planak Foru Aldundiak eta beste administrazio batzuk, Energiaren Euskal Erakundea esaterako, sarera bateratzearen garrantzia azpimarratzen du.

Aldi berean, planak Udalsarea 21 Eusko Jaurlaritzako ingurumen lehentasunekin bateratu nahi du; horretaz gain, ezagutzak eta metodologiak sortu nahi ditu alor hauetan: ekonomia eta enplegu berdea, zerbitzu ekosistemikoak, hirigintza jasangarria eta osasuntsua, eta tokian-tokian klima-aldaketara egokitzea.  Gainera, planak tokiko berrikuntza indartuko du integratuagoak eta handizaleagoak diren proiektuetarako kanpoko finantziazioa lortzeko. Horretaz gain, arduren banaketa handiagoa sustatuko du sareko kideen artean eta euskal udalerrien bizi kalitatea hobetzeko gizartearen inplikazioa bultzatuko du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)