Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Tabako-kerik gabeko Euskadi estrategia

2010.eko maiatzak 26

Tabakoa da gaur egun munduko heriotza-kausa saihesgarriena, eta tabakoa kontsumitzen dutenen erdia arrazoi horregatik hiltzen da. Gaur egungo joerek aurrera jarraitzen badute, 2030ean  zortzi milioi lagun baino gehiago hilko ditu tabakoak urtero, munduan.  Heriotza horien hiru laurden diru-sarrera gutxiko herrialdeetan izango direla kalkulatzen da.

EAEn, 2.500 heriotza (% 13) izaten dira urtero, zuzenean tabakoaren kontsumoarekin erlazionatutako arrazoiengatik. Huts egiteko beldurrik izan gabe esan dezakegu EAEn hildako gizonen % 23 kontsumo kaltegarri horren eraginez hiltzen dela.

Azkeneko hamar urteetan adin-tarte guztietakoek tabako gutxiago kontsumitzea lortu da, besteak beste, neurri hauei esker: heziketa eta sentsibilizazioa, prezioa garestitzea, saltzeko eta leku publikoetan kontsumitzeko mugak  jartzea...

Gizonek baino emakume gutxiagok erretzen badu ere (% 21ek), gizonek ahalegin handiagoa egin dute, eta gizon gehiagok utzi dio tabakoa kontsumitzeari; hala, 16 urtetik gorako gizonen % 35ek kontsumitzetik % 29k kontsumitzea pasatu dira.

Kezkagarria da emakumeetan tabako-kontsumoak horrelako beherakada azkarra ez izatea, baina are kezkagarriagoa 16-24 urteko adin-tartean, lehenengo aldiz, tabakoa gizonek baino emakume gehiagok kontsumitzea. Hala, 16-24 urte bitarteko emakumeen % 25ek eta gizonen % 22k erretzen du.

Maila sozioekonomikoa eta ikasketa-maila dira tabakismoan eragiten duten beste bi faktore. Zenbat eta maila txikiagoa, orduan eta tabakismo-indize handiagoa.

Gure helburua, Osasun eta Kontsumo Saila garen aldetik, euskal herritarren tabako-kontsumoagatiko gaixotasun- eta heriotza-tasa gutxitzea da. Horretarako, ahal den guztia egin behar dugu tabako-kontsumoa saihesteko edo atzeratzeko, batez ere, gazte eta nerabeen tabako-kontsumoa, kontsumitzaile-kopurua gutxitzeko, erre daitekeen eremu publikoak desagerrarazteko lege-neurriak eta beste zenbait ekimen babesteko eta ez-erretzaileen osasuna babesteko.

Hala bada, hauek dira indarrean dagoen Euskadiko Osasun Planean sartutako tabakoarekin erlazionatutako helburuak:

  • Ez-erretzaileen ehunekoa %80 izatea.
  • Tabako-kearen eraginpean dauden pertsonen ehunekoa %10 baino txikiagoa izan dadin lortzea.
  • Tabako-kontsumoari dagokionez, desberdintasun sozioekonomikoak %25 gutxitzea.

Urte honen amaieran ebaluatuko da Osasun Plana, eta, beraz, laster jakingo dugu helburuak lortu diren. 

Helburuak lortzeko zenbait neurri gauzatuko dira lehen mailako arretarako kontsultategietan. Aholku xehea ematen da kontsultategietan: aztertu eta erregistratu, aholkatu, erretzeari uzteko zer asmo dagoen ikusi, erretzeari uzten lagundu, segimendu-plana adostu.  Osasun-langile guztiek ematen diete aholku xehea beren pazienteei, eta hori osasun-sare osoan sistematizatuta egotea da gure asmoa.

Pertsonak erretzeari uzteko erabakia hartu duenean, mendekotasuna gainditzeko modua eskainiko dio bere medikuak edo erizainak.  Egiten da jada lehen mailako arretarako zentro askotan, baina hedatu egin nahi dugu eta tabako-mendekotasuna gainditzeko unitateak sortu nahi ditugu osasun-etxeetan, bereziki, tabakismo-tasek eragin handia duten inguruetan. Unitate horiek erreferentzia izango dira eskualdeko beste osasun-zentro batzuetarako. 

Osasun-arazo larriak izan eta beren kabuz erretzeari utzi ezin diotenentzat kontsultategietan bertan laguntza farmakologikoa ematea ari gara aztertzen.

"Tabako-kerik gabeko Euskadi" proiektuaren antolaketa-proposamenak Osasunaren Mundu Erakundearen MPOWER-estrategia hartu duela esan dezakegu.

MPOWER neurrien plana OMEren gaixotasun ez-kutsakorrak prebenitzeko eta kontrolatzeko ekintza-planaren parte da.  Sei MPOWER-estrategiak dira "Tabako kerik gabeko Euskadi" programaren helburu estrategikoak:

  1. Monitoring: tabako-kontsumoa eta prebentzio-neurriak behatzea.
  2. Protecting: herritarrak tabako-kearen eraginpean jartzetik babestea.
  3. Offering: tabako-kontsumoa uzteko laguntza eskaintzea.
  4. Warning: tabakoak dituen arriskuez ohartaraztea.  Maiatzaren 31 kasu, Tabakoaren Aurkako Mundu Eguna baita.
  5. Enforcing: publizitateari, sustapenari eta babesari buruzko debekuak betearaztea.
  6. Raising: tabako-zergak igotzea.

MPOWERek eta tabakoa kontrolatzeko nazio-programek tabako-kontsumoa zaintzea, herritarrak tabako-ketik babestea, tabakoa uzteko laguntza eskaintzea, tabakoaren arriskuez ohartaraztea, publizitateari, sustapenari eta babesari buruzko debekuak betearaztea eta tabako-zergak igotzea dute helburu.

Ezinbestekoa da gizarteak tabakismoa kontrolatzeko neurriak babestea, arrakasta bermatzeko. Zorionez, kerik gabeko eremuak izateko politikek geroz eta babes handiagoa dute mundu osoan; horixe erakusten digute eskura ditugun estatistikek.

Kerik gabeko airea arnasteko dugun eskubidea errespetatzeko Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den lege-neurri berriekin batera herritarrei zuzendutako jarduera espezifikoak ere egingo dira, gizarte-onargarritasuna areagotu dadin, bai eta tabakoa utzi nahi dutenei laguntzeko programak indartu daitezen ere.

Gizartean burutzen ari den tabakoaren kontrako borrokak konpromiso politiko sendoa eta gizartearen partaidetza eskatzen ditu, eta EAEn bi horiek baditugula uste dugu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko