Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Geodibertsitate Estrategia 2020 aurkeztuko du Euskadiko geoparke bakarrean

2014.eko uztailak 09
  • «EAEko Geodibertsitate Estrategia 2020» Euskadiko ondare geologikoa babesteko eta kudeatzeko irizpide orokorrak biltzen ditu.
  • Partaidetza publikoko prozesuan, ikusgai jarritako zirriborroak 10.000 bisita baino gehiago jaso ditu Irekia atarian, eta herritarren 250 ekarpen.
  • Euskadik nazioartean garrantzitsua den ondare geologikoa du: munduko 64 estratotipoetako hiru ditu, hau da, denbora geologikoaren banaketa erakusten duten hiru toki.  
  • Nazioarteko garrantziko interes geologikoko bost leku (geositeak) eta Euskal Kostaldeko Geoparkea,  Kantauri itsasoko ertzeko bakarra.


Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, «Eusko Jaurlaritzak sortu duen Geodibertsitate estrategia ondare geologikoa osorik kudeatzeko eredua zehazten du, haren kontserbazioa bermatzeko eta erabilera jasangarria sustatzeko, aurrerapen ekonomikoarekin eta landa inguruaren garapenarekin bateragarria». Eusko Jaurlaritzak onartutako ekintza-planak, 2020ra artekoak, sektorekako politika guztiak biltzen ditu, Interes geologikoko lekuen inbentarioan oinarrituta dagoenez, etorkizunean beste batzuk gehitu dakizkioke.

EAEko Geodibertsitate Estrategia 2020, Euskadiko ondare geologikoa kontserbatzeko eta kudeatzeko irizpide orokorrak biltzen dituen tresna aurkeztu du gaur goizean Ana Oregik, Zumaian, EAEko geoparke bakarrean kokatutako herrian.

«Estrategian, berrogeita hamar ekintza inguru bildu ditugu, aurretik jarri ditugun helburuak betetzeko. Geodibertsitatea eta ondare geologikoa osorik kudeatzeko eredua zehazten dute, eta Euskadiko geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren kontserbazioa bermatzen dute, geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren erabilera jasangarria bultzatzen dute eta geoturismoa eta kontserbaziorako hezkuntza, prestakuntza eta nazioarteko difusioa sustatzen dute», azaldu du Oregik.

Elementuak

Dibertsitate geologikoa edo geodibertsitatea Lurraren eboluzioaren emaitza diren elementu geologiko guztiek osatzen dute: harkaitzek, mineralek, fosilek, lurzoruek, erliebearen formek, formazio eta unitate geologikoek eta paisaiek.

«Munduko lehen parke naturala sortu eta ia mende eta erdi ondoren (Estatu Batuetako Yellowstone, 1872an), azken hamarkadetan arlo geologikoa babestearen garrantzia handitu da, historiari, kulturari, zientziari, ingurumenari eta ekonomiari dagokienez balio handia duela onartu baita. Gaur egun, ondare geologikoa babesteko, interes geologiko bereziko eremuak identifikatu, horiek babesteko eta kudeatzeko estrategiak sortu, erabilera jasangarria bermatu eta herritarrak horretarako sentsibilizatu behar dira. Eusko Jaurlaritzak onartu duen Geodibertsitate estrategiak alderdi horiek guztiak biltzen ditu», esan du Ana Oregi sailburuak.

7.000 metro koadro soilik eduki arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren ondare geologikoa garrantzitsua da nazioartean, munduko 64 estratotipotako hiru hemen baitaude. Denbora geologikoa bereizten duten tarteen arteko aldeak ondoen erakusten dituzten lekuak dira estratotipoak, eta Euskadin hiru daude: bi Zumaian eta bat Getxon.

Estratotipoez gain, nazioarteko garrantziko interes geologikoko bost leku (Geosites proiektuak biltzen dituenak) eta duela lau urte Unescok Europako Geoparkeen Sarean sartu zuen Euskal Kostaldeko Geoparkea daude. Euskal Kostaldeko Geoparkea Kantauri itsasoko ertzeko bakarra da, eta Zumaia, Deba eta Mutriku herrietako kosta hartzen du barne. Bost kilometroko zutabe estratigrafikoek gure planetaren historiaren 60 milioi urte inguru adierazten dituzte.

«Euskadiren ezagutza geologiko ona ikerketen historia luzearen emaitza da. Gainera, azken urteetan interes geologikoko lekuak izendatu dira eta hainbat interpretazio zentro sortu dira, hain zuzen ere, Zumaiako Algorri, Mutrikuko Nautilus, Oiartzungo Luberri museoa, Gallartako Meatzaritzaren museoa eta beste ekimen batzuk, besteak beste: Karrantzako Pozalagua haitzuloak, Oñatiko Arrikrutz, Oiartzungo Arditurri meazuloak, Gesaltza Añana edota Gasteizko Natura Zientzien museoa», adierazi du Oregik.
 
Intereseko 150 leku

Geodibertsitate estrategian jasotako EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioak 150 toki eta bakoitzaren fitxa biltzen ditu, baita informazio geografikoa eta geologikoa, ingurumen- eta lurralde-informazioa, informazio kulturala, erabileraren balorazioa eta lekuen zaurgarritasuna ere.

Interes geologikoko 150 leku horiek Euskadiren historia geologikoaren 360 milioi urteren adierazgarri dira. Haiek hautatzeko hainbat diziplina geologiko hartu dituzte kontuan. Hala, interes geomorfologiko handiko lekuak (Torca del Carlista, Nerbio ibaiaren jauzia eta Arreo-Caicedo Yusoko aintzira), balio hidrogeologiko handiko lekuak (Omako bailara eta Salburuako hezegunea), interes tektoniko handiko lekuak (Ataungo domoa, Conchas de Haro izeneko zamalkadura, Barrikako angeluarrak) edota interes estratigrafiko eta sedimentologiko handiko lekuak (Deba eta Zumaiako flyscha) bildu dira. Halaber, balio paleontologiko handiko lekuak (Urizaharreko anbar aztarnategiak, Kiputzeko kuaternarioa eta Gesaltza Añanako ugaztunen iknitak), balio petrologiko handikoak (Fruizko basaltoak eta Aiako Harriko granitoa) eta meategiak (Arditurriko meazuloak, Bodovalle meategia, Añanako gatzagak eta Maeztuko asfaltoak) bildu dira.

Parte-hartze publikoa

«2020rako Geodibertsitatea estrategiari eta haren garapenari esker, Euskadi geologia-babesaren eta kudeaketaren abangoardian izango da», nabarmendu du Ana Oregi sailburuak, eta herritarrek egindako ekarpenak eta elkarlana azpimarratu ditu: «piztu duen interesaren erakusle argia dira».

Izan ere, partaidetza publikoko prozesuak iraun duen hiru hiletan, estrategiaren zirriborroak 10.000 bisita baino gehiago jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren Irekia atariaren bitartez. Denbora horretan, arduradunek hamarka bilera egin dituzte hainbat eragilerekin (GKEak, interes-taldeak eta partikularrak), eta herritarrek 250 ekarpen inguru egin dituzte.

Bestalde, Geodibertsitate estrategian bildutako ekintzen proposamenak nabarmendu ditu Oregik. Ondare geologikoaren kontserbazioa, babesa eta erabilera jasangarria bermatzea eta geoturismoa eta ingurumen-hezkuntza sustatzea helburu duten 45 ekintza dira. Azken bi helburuak Euskal Kostaldeko Geoparkea Kudeatzeko Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez eta datorren astean Bilbon egingo duten Geologiaren Irakaskuntzari buruzko sinposioaren babesaren bidez gauzatuko dira.

Geogarapen hitzarmena

Geodibertsitate Estrategia 2020 aurkeztu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak hitzarmen bat sinatu du Geogarapen Euskal Kostaldeko Geoparkea Kudeatzeko Elkartearen presidentearekin, estrategiak biltzen dituen ingurumeneko ekintzak gauzatzeko. Epea 2016. urtea izango da, eta aurrekontua 90.000 eurokoa.

Era berean, datorren astelehenean, uztailak 14, Geologiaren Irakaskuntzari buruzko XVIII. Sinposioa inauguratuko dute Bilbon. Besteak beste, Lurraren Zientziak Irakasteko Espainiako Elkarteak (AEPECT gaztelaniazko sigletan), Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskadiko Geologoen Elkargoak antolatu dute.

Irakasleei zuzenduta dago, gizartean geodibertsitatea eta geologiaren irakaskuntza sustatzea baitu helburu. Aste osoa iraungo du, eta batzarrak, hitzaldiak eta eztabaidak ez ezik, mintegiak eta irteerak ere egingo dituzte.

(+ info)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Joseba Palenzuela, Presidente de Geogarapen