Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Arriskuen analisi eta kontroleko adituek esperientziak trukatu dituzte, elikagaien segurtasunaren arloan ahaleginak batzeko

2010.eko maiatzak 25

Urrats bat aurrerago administrazioaren eta zientzia munduaren arteko lankidetzan, Euskadin elikagaien arriskuei aurrea hartzeko

(Arkaute, 2010eko maiatzaren 25a). Euskadiko Elikagaien Segurtasunerako Zientzia Batzordearen eta Kudeaketa Batzordearen II. Topaketa egin dute gaur goizean Zalditegietan, Arkauteko Lehen Sektorearen Topagune Zentroan. Bertan, bi taldeek elkar trukatu dituzte elikagaien arriskuen balioespen eta kudeaketa arloko esperientziak. Bigarren topaketa hori 2006. urtean egin zen lehenengo jardunaldiaren jarraipena da. Orduko jardunaldian ondorioztatu zuten beharrezkoa zela arlo horretako erakunde eskudunen artean informazioa trukatzea elikagaien arriskuekiko esposizioa murrizteko.

Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuorde Jon Azkuek inauguratu du Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak (ELIKA) antolatu duten jardunaldia. Biek azpimarratu dute beharrezkoa dela elkarlanean aritzea, "bakarkako eta une jakin bateko jarduerek ez baitute inolako zentzurik nekazaritzako elikagaien segurtasun politikan. Baina, zientzia ezagutza, eta analisi eta balioztapen neurriak trukatzeak prebentzio eta kontrol sistema hobea ezartzen laguntzen du".

Halaber, azpimarratu dute arriskuen balioespenak independentea, bikaina eta gardena izan behar duela Elikagaien Segurtasunerako prebentzio-politikak abian jartzeko, hau da, elikagaiak kontsumitzeagatik herritarrek jasan ditzaketen arriskuak murrizteko.

Helburu hori lortzeko, Eusko Jaurlaritza duela zortzi urte hasi zen Nekazaritzako Elikagaien Segurtasuneko Zientzia Batzordearen aholkularitza jasotzen. Zortzi urteotan 20 elikagairen arriskuekiko euskal herritarren esposizioa aztertu du, eta 30 jarduera baino gehiago gomendatu ditu esposizio hori murrizteko.

Horrela, gaurko jardunaldian, Batzorde horretako zenbait kidek adierazi dute nola balioesten dituzten arriskuak. Besteak beste, honako gai hauek landu dituzte: zergatik diren beharrezkoak hainbeste datu, zein irizpide erabiltzen dituzten arriskuak kategorizatzeko, noiz gomendatzen diren ikerketa-jarduerak eta noiz gomendatzen dituzten jarduera zehatzak arriskuak murrizteko. Halaber, Elikagaien Segurtasun arloko erabakiak hartu eta politikak garatzeko irizpideak eman dituzte, eta arriskuen komunikazioaren gardentasunaz ere aritu dira.

Amaitzeko, eztabaidatu egin dute Euskadin egiten den arriskuen analisiaren prozeduraren hobekuntzak antzemateko asmoz; izan ere, azken helburua da kontsumitzailearen osasuna babestu eta euskal elikakatearen kate guztiak sendotzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Azkue