Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak mendi- eta itsas irteeretan segurtasuna sustatzeko esku-orria ondu du

2014.eko uztailak 03

Ertzainek solasaldi didaktikoetan banatuko dute ikastetxeetan

Ertzaintzak informazio esku-orria prestatu du, mendi- eta itsas irteeretan segurtasuna sustatzeko neurri erraz eta praktikoak dakartzana. Datorren ikasturtean banatuko dute esku-orria, Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteek ikastetxeetan emango dituzten informazio-solasaldietan. Aholkuok www.ertzaintza.net helbidean kontsultatu daitezke.
 
Esku-orriaren bidez, mendian eta itsasoan segurtasun-maila areagotzeko portaera-jarraibideak ezagutarazi nahi dira. Gainera, SOS Deiaken 112 larrialdietarako telefonoaren ezagutza handitu nahi da, larrialdirik gertatuz gero, laguntza eskuratzeko bide erraz eta azkarra denez. Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteek ikastetxeetan emandako saio informatiboon mezua osatzeko diseinatu dute esku-orria, baina, halaber, erabilgarria da herritar guztientzat, batez ere udan.

Datorren urtean banatuko den esku-orriak, besteak beste, txangoak prestatzeko aholkuak jasoko ditu: ibilbidea planifikatzea, iragarpen meteorologikoak kontsultatzea, oinetako eta arropa egokiak erabiltzea, telefono mugikorra eramatea, seinaleak eta argibideak errespetatzea eta geokokapen-sistemak aktibatzea, halakorik edukiz gero.

Aholku horiez gain, berariaz mendirako pentsatutakoak aipatu behar dira: eguraldi txarra emanez gero, irtenaldia bertan behera uztea; nora goazen eta noiz itzuliko garen adieraztea, beharrezko jakiak eta edariak hartzea edota gailur inguruak zein leku irekiak bilatzea larrialdietan, 112rekin harremanetan jartzea errazteko.

Itsas inguruneari dagokionez, Ertzaintzak sorosleen oharrak eta banderak beti errespetatzea aholkatzen du. Halaber, aholkatzen du uretara jauzi egin aurretik arriskurik dagoen egiaztatzea, bainatzea debekatuta dagoen tokietan edo ekaitza iragarrita badago ez bainatzea, korronteaz ez fidatzea eta tenperatura aldaketa bortitzak saihestea, uretan sartzean. Itsasora barkuz ateraz gero, beharrezkoa da salbamendu-txalekoa janztea, itsasontziko bidaiarien mugimenduak kontrolatzea, patroiaren aginduak obeditzea eta, uretara eroriz gero, laguntza-oihuak egitea edo txistua erabiltzea, halakorik edukiz gero.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko uztailak 03

    Comentario de Twitter:
    La Ertzaintza elabora un folleto para promover la seguridad en las salidas al monte y al mar... http://t.co/PlFiAH6OrS

Komunikabideek behera kargatzeko