Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiko eta Bavierako gobernuek lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute Munichen

2014.eko uztailak 02

 Hitzarmena gaur izenpetu dute Munichen Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza andreak eta Europako Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako ministro Beate Merk andreak.

 

Euskadiko eta Bavierako gobernuek gaur lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute harremanak indartzeko eta bi aldeentzat interesa duten gaietan lankidetza estutzeko. Hitzarmena izenpetzea eta SPRIren Alemaniako bulegoa inauguratzea —Munichen dago bulego hori— aldi berean izan dira eta bertan izan dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola. Duela gutxi ekin dio bulegoak bere ibilbideari.

Alemania Euskadiren bazkide nagusia da inportazioen eta esportazioen arloan. Frantziarekin batera, euskal esportazioen helmuga nagusia da (%14,2) eta lehentasunezko tokia du herrialde hornitzaileen artean. Euskal enpresen merkataritza-ezarpen gehien dituzten herrialdeetako bat ere bada.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Europako Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako ministroak izenpetutako hitzarmenaren helburua da 1994an Euskadi eta Baviera artean egindako lankidetza‑adierazpena berritzea, izan ere, alde biko harremanak sustatzea ekarri baitu lankidetza horrek ordutik hona intereseko zenbait arlo politikotan, hala nola ikerketa eta garapenean, hezkuntzan edota segurtasunean, besteak beste.

Lankidetza hitzarmen berri honen bitartez, aldebiko sektore-harremanak sortzeko esparrua ezarri da. Bi eskualdeon asmoa da aldebiko harremanetan sakontzea interes komuneko zenbait arlotan lankidetzan aritzeko. Hain zuzen ere, honako esparru hauek izango dira lankidetzaren ardatz, hasteko: ikerketa, garapena eta berrikuntza; industria politika eta horren sektore nabarmenenak, hala nola automobilgintza, manufaktura eta makina-erreminta; ingurumena eta energia; lanbide heziketa; baita barne segurtasuna eta polizia-lankidetza ere.

Hitzarmenak bi urteko indarraldia izango du eta luzatu egin daiteke indarraldia. Etengabeko harremanak izango dira lankidetzeren oinarri eta berariazko proiektuetan oinarritutako lantaldeak sortuko dira.

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Bavierako Gobernuaren Kantzileritza arduratuko dira hitzarmenaren koordinazio eta jarraipen zereginez.

Gogorarazi behar da Baviera dela aukera eskaintzen duen lehentasunezko esparru geografiko gisa identifikatutako eskualdeetako bat Kanpo Harremanetarako Estrategia Esparruan eta Basque Country Estrategian. Lehentasunezko esparru geografiko horiek ezagututa, Eusko Jaurlaritzak euskal interes multisektorialen zati handiena biltzen duten guneak aukeratu nahi ditu, Jaurlaritzak datozen urteetan kanpoan burutuko dituen jarduera gehienak batzeko bertan.

Hitzarmen hau, nazioarte mailako eta batik bat europar mailako bazkide estrategikoen sare baten sorreraren aldeko apustuan barneratzen da. Sare honek gure eragin gaitasuna handituko du eta era berean euskal interesak kanpoan hobe defendatzea ahalbidetuko du.

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @andercaballero
    2014.eko uztailak 10
  • @CyberEuskadi
    2014.eko uztailak 02

    Comentario de Twitter:
    "Los gobiernos de Euskadi y Baviera firman en Munich un acuerdo de colaboración" http://t.co/YGvSXMKHsS

  • @ArAitor
    2014.eko uztailak 02

    Comentario de Twitter:
    Los gobiernos de Euskadi y Baviera firman en Munich un acuerdo de colaboración http://t.co/DXrP9iB21p

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Beate Merk