Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak laurehun dibulgazio-saio baino gehiago eman ditu euskal ikastetxeetan

2014.eko uztailak 02
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura eta Segurtasun Sailen elkarlanerako akordioaren emaitza
 
Delitu-informatikoetan, drogetan, eskola-jazarpenean, genero-indarkerian, bide-segurtasunean, jokabide bidegabeetan edota kirol jardueretan espezializatutako ertzainak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean aritu dira ikasturte honetan, euskal ikastetxeetan gai horiei buruzko aholkuak eta hezkuntza emanez. Gauzatu den lehen urtean, Eusko Jaurlaritzako bi sailon arteko akordioa arrakasta hutsa izan da, eta datozen ikasturteetan arrakasta horri segida eman nahi zaio.
 
Bi sailburuen Legegintzaldiaren hasieran sinatutako Lankidetza Akordioak Ertzaintzako adituak eraman ditu ikastetxeetara, dibulgazio-solasaldien bidez, gaurko euskal gazteei eragiten dieten arazoetako askori aurre egiteko prebentzio-aholkuak eman asmoz.

Guztira, 438 dibulgazio-saio eskaini dira. Horietan gehienak, 275 saio, sare informatikoen bidezko delituen prebentzioari buruzko solasaldiak izan dira. Ikasgeletako bullying fisikoko egoerak hautemateko eta gainditzeko saioak izan dira garrantzian hurrenak, saio-kopuruari dagokionez: 78 saio. Ondoren, saio-kopuruaren araberako ordenan, droga-trafikoari, etxeko eta genero-indarkeriari, jokabide bidegabeen prebentzioari, bide-segurtasunari eta kirol jardueretako arriskuen prebentzioari buruzko saioak daude.

Saiook ikastetxe publikoetan eta itunduetan gauzatu dira, eta lehen zikloko, bigarren zikloko, batxilergoko, lanbide heziketako eta hezkuntza bereziko ikasleei zuzendu zaizkie. Azken horiei dagokienez, besteak beste, Bizkaiko autismo arloko APNABI elkartean eta Arabako Down sindromeko Isabel Orbe elkartean emandakoak aipa daitezke.

Instalazioak bisitatzea

Dibulgazio-saioak osatzeko, polizia-instalazioak bisitatu dituzte euskal ikasleek, Ertzaintzak bere jarduna gauzatzeko darabiltzan lan-prozedurak eta baliabide materialak nahiz teknikoak bertatik bertara ezagutu ditzaten. Bisitatuko egoitzak, gaur-gaurkoz, Erandioko polizia-etxe zentrala, Zaintza eta Erreskate Unitatearen Iurretako egoitza, Arkauteko Polizia eta Larrialdien Euskal Akademia eta Sestao zein Balmasedako ertzain-etxeak dira.

Gogobetetzea

Ertzaintzak berak balizko hobekuntzak hauteman eta gauzatzeko zerbitzuen gaineko ebaluazio-prozesua dela eta, saiootan parte hartu duten ikasleek inkestak bete dituzte. Guztira, 3.180 inkesta bete dira honako gai hauei buruz: ertzainen azalpenen argitasuna, aurkezpenen edukia, zalantzei emandako erantzunak, aurreikuspenen betetze-maila, erabilgarritasun-maila, etab. Gai horiek guztiek balorazio oso ona jaso dute, ia auzi guztietan bost puntutik lau eman baitituzte ikasleek.

Ekimenak lehen ikasturte honetan izan duen harrera ikusita, hurrengo ikasturteko saioak prestatzeari ekin zaio. Emandako saioak ugaritu nahi dira, hala nola edukiak ikasleen eskakizunetara ahal beste doitu, Ertzaintzaren eta Sailaren egoitzetara eginiko bisitaldiei garrantzi gehiago emateaz gain.

Jarraipen Batzordea

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura eta Segurtasun Sailek jarraipen-batzordea eratzea adostu dute, lankidetza-akordioaren funtzionamendua ebaluatzeko. Batzordea bi sailetako kideek osatuko dute. Lehen bilera maiatzean egin du, ikasturtea amaitu ondoren, akordioaren lehen urte honi buruzko balorazioa egin, eta hurrengo ikasturteko plangintza egiten hasteko.

Hurrengo ikasturterako berritasunen artean egongo da, besteak beste, ertzainen azalpenak laguntzeko material grafikoa banatzea; alegia, ikasleentzat propio diseinatutako segurtasun-gomendioen esku-orria, beren denbora librean mendira edo hondartzara doazenerako erabilgarria izango dena.

Dibulgaziozko saioak eskatzea

Bi Sailek Sinatutako Akordioan esaten denez, ikastetxe batek bere instalazioetan Ertzaintzako agenteek dibulgaziozko saioak eman ditzatela nahi badu, gai desberdinen inguruan izan daitezkeenak, eskaera dagokion mugapeko ertzain-etxearen bitartez egin dezake (mapa eta harremanetan jartzeko helbideak: www.ertzaintza.net).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko uztailak 02

    Comentario de Twitter:
    La Ertzaintza ha impartido más de trescientas sesiones divulgativas en centros escolares... http://t.co/GzmRWbSjQL

Komunikabideek behera kargatzeko