Berriak Segurtasuna
Eu

Lege-proiektua, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jarduerena. (2014-07-01(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko uztailak 01

 

LABURPENA

IKUSKIZUN PUBLIKOEN ETA JOLAS JARDUEREN LEGE PROIEKTUA ONARTU DUTE

Hauek dira testuaren asmoak: ikuskizunetan segurtasuna areagotzea, gizarte-ohituren bilakaerara egokitzea eta ekintzaileen ekimenari mesede egitea, bikoiztasunak ezabatuz eta ikuskaritza eta kontrolerako administrazioaren esku-hartzea arrazionalizatuz

Gobernu Kontseiluak Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren Lege proiektua onartu du gaur goizean. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azaldu duenez, honako helburuak ditu:

- ikuskizun eta jarduera publikoen garapen segurua erraztea,
- parte-hartzaileen segurtasuna eta osasuna zaintzea,
- ikuskizunak leku hartzen duten ekipamenduen erosotasuna eta ingurumen-jasangarritasuna jagotea
- eta ikuskizunen garapenean bizikidetza baketsu eta ordenatua egotea.

Lege proiektuak indarrean dagoen araudia ordezkatuko du, 1995ean onartu zena; hiru helburu nagusi ditu:

- ikuskizunetan segurtasuna handitzea, antolatzaileei segurtasunerako eta bizikidetza baketsurako baldintzak betetzera behartuz
- aisialdirako gizarte-ohituren bilakaerara, establezimendu mota berrietara eta espazio publikoetan egiten diren aisialdiko jardueren ugaritzera egokitzea
- Eta ekintzaileen ekimenari mesede egitea, administrazioaren esku-hartzeetan bikoiztasunak ezabatuz

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.38 artikuluak ezartzen duenez, ikuskizun publikoen arloko eskumena Euskadirena da esklusiboki, eta horretan oinarriturik onartu zen Ikuskizun Publikoei eta Jolas Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legea.

Ia hamabost urte igaro dira lege hori onartu zenetik. Horrek behartzen gaitu gizarte- eta kultura-parametro berrien trataera birplanteatzera, egun aisialdiarekin harremana duten jardueren orokortasunari eta dibertsifikazioari kasu eginez. Egoera horrek honakoen sentsibilitate, eskubide eta betebeharren arteko oreka eskatzen du:

- ikuskizunen eta jolas-jardueren antolatzaileak
- ikusleak edo erabiltzaileak eta
- jarduera horiek eragiten dien beste pertsona batzuk; pertsona horiek ez daude behartuta bizikidetza normalizatu batetik haratago doazen eragozpenak jasatera.

Horretaz gain, esperientziak diosku pertinentea dela hutsune zehatz batzuk betetzea edo lege-babesa indartzea alderdi batzuetan, hala nola ikusle edo erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren araubidean edo zehatzeko araubidean.

Legeak 65 artikulu izango ditu, bost titulutan, xedapen osagarri batean, sei xedapen iragankorretan eta hiru azken xedapenetan banatuta. Gainera, ikuskizun publikoen, jolas jardueren eta establezimendu publikoen katalogoa jasotzen duen eranskina du.

Bost titulu

Legearen I. tituluan zioa eta aplikazio-eremua ageri dira, legez kanpo dauden gaiak eta debekatuta dauden ikuskizunak eta jolas jarduerak zehaztuz.

Debekuen artean nabarmentzekoa da ostalaritza lokalez kanpoko edariak kalean edo espazio publikoetan eta taldean kontsumitzea, dagokion lekuko araudiak hala zehazten duenean, eta beste pertsona batzuei edo inguruaren narriadurari eragiten dien eragozpenei erantzunez.

Gainera, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua arautzen du, administrazioen arteko eta parte-hartze publikorako kudeaketaren eta elkarlanaren ardura izango duena.

II. tituluan, jendaurreko ikuskizunek eta jolas jarduerek bete behar dituzten oinarrizko arauak xedatzen dira: ikusle edo erabiltzaileen eta antolatzaileen, eta horiez gainera, artista, aktore eta gainerako pertsonalaren eskubideak eta betebeharrak. Gainera, alderdi berritzaileenetako bat da legeak beste pertsona batzuen eskubideak ere biltzen dituela, beren interes legitimoetan eraginak jasan dituztenak.

Titulu horretan espresuki aipatzen dira haurren eta gazteen babeserako neurriak.

Neurrietan, adingabekoentzat egokiak ez diren jardueretan horien presentzia debekatzen da: pornografia edo muturreko indarkeria azaltzen den erakusketetan, festetarako areto eta diskoteketan, adinarekiko mugapenik ez duten sareetan sartzea posible den ziber-lokaletan eta jolaserako lokal batzuetan, duten araudiaren arabera.

Taberna berezietan eta pubetan sartzea eta bertan geratzea ere debekatuta dute 16 urtetik beherakoek, adinekoek lagunduta egon ezean, eta edonola ere, alkohola kontsumitu gabe eta 22:00ak arte

III. tituluak establezimendu publikoen eta ikuskizun eta jolas jardueretarako zentroen irekiera-araubidea xedatzen du. Bertan, legeak establezimendu publikoen irekierarako sektoreen araudi desberdinek exijitzen dituzten lizentzien nahaspila errazten du.

Udalerriei dagokie establezimendu publikoen irekieraren aldez aurreko kontrola egitea. Hala ere, ikuskizunetarako autonomia-autoritateek esku-hartu ahal izango dute, indarrean dagoen txosten baten bitartez, jarduera klasifikatuko lizentzia jaso aurretik, eta 700 pertsona baino gehiago biltzen diren eta legeak aurreikusten dituen kasuetan.

Autonomiaren ardura izango da honako ezaugarriak dituzten ikuskizunak zaintzea: zezenak, piroteknia eta hiriarteko bideetan eginiko kirol frogak.

Espazio publikoetako ospakizunei dagokienez, udalaren esku-hartzea domeinu publikoaren erabilera pribatu edo berezirako lekuko atribuzioen araberakoa izango da. Hala ere, autonomiak ere esku-hartu ahalko du, indarrean dagoen txosten baten bitartez, eta 700 pertsona edo gehiagoko sarrera-mugapena duten espazio publikoen kasuetan.

IV. tituluan zaintza, kontrola eta ikuskaritza arautzen dira.

Ikuskizunak bertan behera utzi ahalko direla aurreikusten da, kasu hauetan:

- legeak debekatzen dituenean
- aldez aurreko baimenik izan edo horren berri eman ez denean edo baldintzen aurka egitean, ez badira exijitutako segurtasun-baldintzak betetzen
- pertsonentzako edo ondasunentzako arrisku zehatz bat dagoenean edo pertsona eta ondasunentzako arriskutsuak izan daitezkeen anabasa larriak aurreikusten direnean

Sarritan, ikuskizunak egiteak edo jendetzak biltzeak bildu direnen segurtasunerako arriskuak dakartzate, eta beharrezkoa izaten da ohiz kanpoko polizia-zerbitzuen erabilera.

Legeak ikusleen edo erabiltzaileen segurtasuna babesteko polizia-zaintza berezia jartzeko aukera xedatzen du, ikuskizuna edo jolas jarduera egin bitartean, jende asko egoteagatik, istiluen edo indarkeriazko gertaeren aurrekariak izateagatik edo beste arrazoi batzuengatik arrisku berezi bat existitzen denean, futbol eta saskibaloi partidetan gertatzen den antzera.

Zerbitzu berezi horiek gastu publikoa dakarte, eta publikoaren, baina batez ere ekitaldien antolatzaileen onurarako dira, irabazi asmoa dutenean, esku-hartze publikorik gabe negozioa ezingo baitute nahi erako garantien arabera egin.

Horretarako, legeak tasen eta prezio publikoen legean aldaketa bat aurreikusten du, Ertzaintzaren zerbitzu berezietarako tasa gehitu behar baitzaio. Horrekin antolatzaileek beren ekitaldiek izandako ondorio publikoen arduren banaketa egin dezatela sustatu nahi da.

Tasa horren menpe dago ohiz kanpoko polizia-zerbitzuen kontratazioa, jendaurreko ikuskizunetan pertsonen eta ondasunen segurtasunerako uneko edo benetako arriskua dela eta kontratatu beharrekoak.

Ordaindu beharreko kuota bertaratu diren funtzionario kopuruaren (31 euro bakoitzeko) eta zerbitzuaren denboraren arabera zehaztuko da. Bakarrik hartuko dira kontuan barrutian eta inguruetan prestatutako zerbitzuak, eta ekitaldiak irauten duen bitartean; behar izanez gero, ekitaldiaz aurreko eta osteko orduak ere hartuko dira kontuan. Muga hori ez dagokie zaleen eta kirol-kluben eskolta- eta laguntza-zerbitzuen kitapenari.

Tokiko instituzioek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek ez dute tasa ordaindu beharko.

V. tituluan legearen zehatzeko araubideaz hitz egiten da, eta honakoak multzokatzera zuzendutako lau kapitulu ditu bere barne: arau-hausteak, zigor-motak, agindu eta iraungipen araubidea eta eskumena eta prozedura, hurrenez hurren.

Autonomiako organo eskudunek zigortuko dituzte arau-hauste oso larriak, eta gainontzeko arau-hausteak zigortzeko eskumena autonomikoa ala lekukoa izango da, kontrolerako eta ikuskaritzarako atribuzioen inguruan egindako banaketaren arabera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko