Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Nazioarteko ikertzaileak elkartu dira mildiuari eta oidioari, mahatsondoen gaixotasun nagusietako biri, aurre egiteko

2014.eko ekainak 30

Ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean mahatsondoei gehien eragiten dieten gaixotasun bien gaineko biltzarra egingo da Vitoria-Gasteizen, Mahatsondoen Mildiu eta Oidioari buruzko Nazioarteko Biltzarra, alegia, kongresuaren zazpigarren edizioa izango dena. Munduan gai horren gainean egiten diren topaketa garrantzitsuenetako bat da, eta aurreikusita dago Europa, Asia, Amerika eta Ozeaniatik etorritako ehun bat ikertzaile elkartzea bertan. Gaixotasun bien iragarpen goiztiarrak, kontrol fitosanitarioa eta gaixotasunei aurre egiteko landareetan egin beharreko hobekuntza genetikoak izango dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak antolatu duen goi bilera zientifikoaren gai nagusiak.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako sailburuordeak, Bittor Orozek, parte hartu du kongresuaren hasieran, Neiker-Tecnaliako gerentearekin, Josu Ezkurdia, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako diputatuarekin, Borja Monje, eta Gasteizko alkatearekin, Javier Maroto.

Oroz sailburuordeak Neiker-Tecnaliak gaixotasunen iragarpen goiztiarran egindako lana azpimarratu du. Azterketetan lortutako emaitzen arabera nekazariak erabiltzen dituzten tratamendu fitosanitarioen erabiliera txikiagotu daiteke. "Gure apostua da, NEIKER eta Eusko Jaurlaritzakoa, sektore profesionala eta lehiakorra izatea, horretarako gure esku dauden tresna guztiak eskeiniko diogu".

Gai guztiak ikuspuntu zientifikotik eta aplikazio praktikoaren ikuspegitik eztabaidatuko dira, eta mildiuari eta oidioari aurre egiteko moduak aztertuko dira, Europar Batasunak produktu fitosanitarioen erabilera iraunkorrerako ezarri dituen eskakizunak kontuan hartuta. Saio zientifikoen osagarri gisa, antolatzaileek hiru bisita tekniko aurreikusi dituzte: bat, NEIKER-Tecnaliako laborategietara, eta beste biak Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintzako produkzio gune batzuetara. Zehazki, Getariako Txakolina Jatorri Izendapeneko ‘Txomin Etxaniz’ upategia bisitatuko da, Getarian, eta Arabako Errioxako ‘‘La Rioja Alta’ eta ‘Bodegas y Viñedos Labastida’ upategiak, biak Bastidan (Araba).

Kongresura datozenek bisitatutako upategiei mahatsa ekoizten duten lursailak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, baita mildiu eta oidioarekin duten arazo zehatza ezagutzeko ere, hango teknikarien eskutik. Bisitak amaitzeko, ardoak eta bertako produktu tipikoak dastatuko dituzte.

NEIKER-Tecnaliak beste bisita batzuk ere antolatu ditu EAEko turismoa sustatzeko, eta horietako bat izan da Gasteizko Erdi Aroko erdigunearen bisita gidatua eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lau Jatorri Izendapeneko ardoren dastaketa bat, Bizkaiko Txakolina, Arabako Txakolina, Getariako Txakolina eta ABRA (Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea) jatorri izendapenena, zehazki

Hizlari ospetsuak

“Mahatsondoen Mildiu eta Oidioari buruzko Nazioarteko Biltzarrean” egongo diren hizlarien artean, azpimarratzekoa da Bernardo Latorre eta Emilio Gilen presentzia. Bernardo Latorre ingeniari agronomoa eta Txileko Unibertsitate Katolikoko katedraduna da, eta Txileko mahastizaintzaz eta mildiuak eta oidioak Txilen eragiten dituzten arazoez hitz egingo digu; Emilio Gil, berriz, ingeniari agronomoa eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko irakasle titularra da, eta hainbat herrialdetan produktu fitosanitarioen aplikaziorako prozesua ebaluatuko du.

Kongresuan, halaber, Espainiako, Alemaniako, Frantziako, Portugalgo, Suitzako, Amerikako Estatu Batuetako, Australiako, Israelgo, Bulgariako, Italiako, Kanadako, Txileko eta Txinako ikerketa zentro eta enpresetatik etorritako ordezkariak egongo dira. Topaketa prestatzeko, antolatzaileek hauen laguntza izan dute: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Vital Kutxako Gizarte Ekintza, BASF, Dupont, Belchim, Tecnovino eta Idiazabal. Era berean, OIV Mahastiaren eta Ardoaren Nazioarteko Erakundearen babesa izan dute. Erakundeak, gobernu arteko erakunde zientifiko eta teknikoa izanik, munduan prestigio aitortua du, mahatsondoei, ardoei, ardoz egindako edariei, mahaiko mahatsei, mahaspasei eta mahatsondoek ematen duten beste produktu batzuei lotuta egin diren lanengatik.

Garaiz antzematearen garrantzia

NEIKER-Tecnalia mildiua eta oidioa garaiz antzemateko moduak lantzen ari da, patogeno biei hasierako egoeran daudenean aurre egin ahal izateko eta mahasti osora zabaltzea ekiditeko. Detekzio goiztiarra funtsezkoa da, ardogintzaren sektorerako, gaixotasunak azkar tratatzea ahalbidetzen duelako eta, ondorioz, aplikatzen diren produktu fitosanitarioak nabarmen gutxitzen delako, bide batez diru asko aurreratuta.

Mahatsondoen mildiuak eta oidioak kalte nabarmenak eragiten dituzte mahastietan. Mahatsondoren errendimendua jaistea eta mahatsaren kalitate txikiagokoa izatea eragiten dute, eta horrek denak egiten du sektoreak produkzio eta diru galera handiak izatea.

Mildiua txakolinean eta oidioa Arabako Errioxan

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, mildiuak txakolin mahastiei eragiten die batez ere, giroko hezetasun handia eta tenperatura epelak dauden lekuan egoteagatik. Mahatsondoen oidioa, berriz, Arabako Errioxan da ohikoa, batez ere lurraldearen hegoaldean, hango baldintzak oidioaren hazkunderako eta garapenerako egokiak direlako, hezetasun erlatiboa txikia baita eta tenperaturak altuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)