Berriak
Eu

Administrazio orokorrean greba ez da % 20ra iritsi

2010.eko maiatzak 25

Eusko Jaurlaritzak funtzionarioek erakutsi duten "erantzukizuna eta solidaritatea" azpimarratu ditu

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Idoia Mendiak, ELA, LAB, ESK, STEE, Ehne eta Hiru sindikatuek sektore publikoan soldaten murrizketaren kontra antolatu duten grebak "ez duela arrakasta handirik izan" azpimarratu du, administrazio orokorrean ez baita % 20ra iritsi. Mendiak funtzionarioek nazioarteko krisi ekonomikoko egoera zail honetan erakutsi duten "erantzukizuna eta solidaritatea" aipatu ditu.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, ELA, LAB, ESK, STEE, Ehne eta Hiru sindikatuek funtzionarioen artean gaurko antolatu duten grebaren deialdiaren jarraipena % 19,2koa izan da. Jaurlaritzaren bozeramaile den Idoia Mendiaren ustez, zifra horiek, lehenago egin diren beste deialdi batzuetakoak baino baxuagoak izan direla kontuan hartuz, lan-etenaldiak "ez duela arrakasta handirik izan" berresten dute. Mendiak gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoko testuinguruan grebari babesa eman ez dioten funtzionarioen gehiengoak erakutsi duen "erantzukizuna eta solidaritatea" azpimarratu ditu.

Astero egiten den Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gobernu autonomikoaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, funtzionarioen sektorean grebak izan duen eraginaren lehenengo balantzearen inguruko zifrak eman ditu eta horrez gain, Gobernu Kontseiluak hartu dituen erabaki nagusien berri eman du.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, geldialdian parte hartu duten langileak ehuneko 19,12 izan dira, Osakidetzan 4,31 Araban, 4,72 Bizkaian eta 6,6 Gipuzkoan. Lehen Hezkuntzan, aldiz, parte-hartzea ehuneko 50eraino iritsi da eta Bigarren Hezkuntzan ehuneko 30eraino.

Horrez gain, bozeramaileak Euskadiko arrantza-ontzi batek Madagaskarreko itsasoetan eraso bat jasan duela jakinarazi du. 'Campolibre Alai' atunontziak Somaliako piraten erasoa jasan du gaur goizean Madagaskarreko uretan zegoela. Mendiaren hitzetan, "tiroak" egon diren arren, ez da zauriturik egon.

Erasoa itsasontzia Mayyotte uharte frantziarretatik hurbil zegoenean gertatu da.

Itsasontziko segurtasun-langileek tiro egin dute erasoa saihesteko eta horri esker, piratek ihes egin dute.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta

Bestalde, Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki nagusien artean, gailentzekoa da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) arautzen duen dekretuaren onespena. Urtarrilaren hasieran Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria onartu ondoren, beste arau honi esker aurrerapenak lortuko dira Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea guztiz garatzeko bidean, eta Gizarteratze Aktiborako Hitzarmen eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen arauketarekin burutuko da.

Dekretu honen arabera, diru-laguntza hori jasoko duten pertsonek lan-bilaketarekin lotutako laneratze aktiborako hitzarmen bat sinatu beharko dute. Gema Zabaletaren sailaren lerro estrategiko bat da, hain zuzen ere, gizarte prestazioak lanarekin lotu nahi dituena. Beraz, dekretu berriak nobedade batzuk barne hartzen ditu, esaterako, errenta aktiboko plan pilotu bat abian jartzea aurrez ikusten du, eta laguntza horiek jasotzen dituzten pertsonei arreta gizarte zerbitzuetan eskaini beharrean enplegu bulegoetan eskaintzea du helburu, horrela, pertsona horiek gizarte zerbitzuen esparrutik irtetea lortzeko, izan ere, gehienetan enplegagarritasun aukera ertainak edo altuak dauzkate. "Laguntza horiek jasotzen dituzten pertsonek gizarte zerbitzuen leihatiletara joateari utziko diote, hartara, lehenengoz joango dira enplegu zerbitzuetako leihatiletara", azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Gema Zabaletak.

Beste nobedade bat guraso bakarreko familientzako osagarria izango da, familia horien kasuan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren % 6,4ko igoera eragingo baitu.

Sailburuaren hitzetan, laguntza horiek gehienez 2 pertsonari entregatuko zaizkie etxebizitza bakoitzeko. "Laguntzak behar dituzten pertsonei ez dizkiegu kenduko", azpimarratu du Zabaletak, baina Gobernuak "bost edo sei pertsona edo familia pilatzen diren pisuen kontra borrokatu" nahi duela azaldu du. "Laguntzak berrantolatu egin behar dira", erantsi du.

Adin-nagusitasunera iritsi arte aldundien tutoretzapean zeuden 18 urteko gazteak izango dira laguntza hori eskuratuko ez dutenak. Erabakia egungo krisi egoeraren ondorioz hartu da, izan ere, Gobernuarentzat "garrantzitsuagoa da dauden eskubideak finkatzea eta zalantzan ez jartzea" eskubide "itxaropen berriak" sortzea baino.

52.849 familiak jasoko dute DBE

Gaur egun, DBEaren zenbatekoa 650,19 eurokoa da hartzaile bakoitzeko. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak prestazio horretarako 2010erako daukan aurrekontua 281,4 milioi eurokoa da.

Gaur egun 52.849 familiak jasotzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren arabera, prestazio hori legearen arabera exijitu daitekeen eskubide subjektibo bat da, eta horri esker, Euskadi babes ekonomikorik altuenetakoa daukan herrialde europarretako bat da. Aldi berean, laguntza jasoko duten pertsonek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, DBE berria laguntzarik zorrotzena da, horrexegatik bere helburu nagusia onuradun horien aktibazioa eta kualifikazio profesionala da, hain zuzen ere, pertsona horiek laneratzea errazteko.

DBEarekin beren pentsioa osatzen duten pentsiodunek izan ezik, gainerakoek laneko orientaziorako eta beren enplegagarritasuna baloratzeko eskaintza bat jasoko dute prestazioarekin batera. Gaur egun DBE jasotzen duten pertsonen % 36 pentsiodunak dira, % 34k DBE osorik jasotzen dute eta gainerako % 30ak laneko errentaren bat daukate eta DBEaren zati batekin osatzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010.05.25)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-05-25n hartutako erabakiak

3 iruzkin
  • @mikel_uriguen
    2011.eko apirilak 17

    Comentario de Twitter:
    Aportaciones interesantes RT @Irekia: Entrevista a Antonio Gutierrez Rubi. II Congreso I. C. D. http://t.co/4El595m

  • @mikel_uriguen
    2011.eko apirilak 17

    Comentario de Twitter:
    Eztabaidarako interesgarri RT @Irekia: Antonio Gutierrez Rubiri elkarrizketa. H. D. N. II Kongresua. http://t.co/4El595m

  • @angelagonzalezm
    2011.eko apirilak 17

    Comentario de Twitter:
    Antonio Gutierrez Rubi, Congreso Ciudadania Digital http://www.irekia.euskadi.net/es/web_tv/2073 de las sedes a las redes @antonigr

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea; Gema Zabaleta, sailbura