Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako ikertzaileak izan dira buru, eta BioMed Central aldizkarian argitaratu dute: IKERKETA BATEK TRESNA BAT SORTU DU, BGBK GAIXOTASUNA BIZIAGOTU ZAIEN PAZIENTEETAN LARRITASUN-MAILA SAILKATZEKO

2014.eko ekainak 30

Osakidetzako ikertzaileak izan dira buru, eta BioMed Central aldizkarian argitaratu dute.

IKERKETA BATEK TRESNA BAT SORTU DU, BGBK GAIXOTASUNA BIZIAGOTU ZAIEN PAZIENTEETAN LARRITASUN-MAILA SAILKATZEKO.

    • BGBK duten pazienteetan gaixotasunaren biziagotzeen larritasuna puntuatzeko sistema dakar eskala berriak. Sistema horrek iragartzeko gaitasun handia du, eta pertsona batek larrialdietan egon denetik aurrera hilabete baino denbora laburragoan hiltzeko duen aukera aurreikusten du.
    • Eskala berriari esker, eta gaixotasunaren biziagotzearen larritasun-maila behin ezarrita, aukera dago tratamendua eta tratamenduaren segimendua bideratzeko.
    • Ebaluazio-sistemak ez du eskatzen laborategian probarik egiterik, eta berehala aplika daiteke lehen mailako arretan eta ospitaleko zein ospitalez kanpoko larrialdietan.
    • REDISSEC sareko (Gaixotasun Kronikoetako Osasun Zerbitzuen Ikerketa Sarea) bost autonomia-erkidegotako ikertzaileak eta 16 ospitale elkarlanean aritu dira ikerketan, eta 2.500 paziente aztertu dituzte.
    • Parte hartu duten 16 ospitale horietako batzuk dira Arabako Unibertsitate Ospitalea, Donostia Unibertsitate Ospitalea, Santa Marina Ospitalea, San Eloy Ospitalea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Galdakao-Usansolo Ospitalea; guztiak Osakidetzarenak.

 

Bilbo, 2014ko ekaina.- Medikuntza klinikoaren esparruan lehen mailakoa den BioMed Central Medicine aldizkari zientifikoak ikerketa-lan bat argitaratu berri du, ‘Predictive score for mortality in patients with COPD exacerbations attending hospital emergency departments’ (BGBK —biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa— larriagotu zaien eta larrialdi-zerbitzuetara joan diren pazienteentzako heriotza aurreikusteko eskala) (1) izenburu duena. Ikerketa-lan horren buru Osakidetzako ikertzaile eta Galdakao-Usansolo Ospitaleko (Bizkaia) doktore José María Quintana izan da. REDISSEC sareko (Gaixotasun Kronikoetako Osasun Zerbitzuen Ikerketa Sarea, Carlos III.a Osasun Institutuak finantzatua),  bost autonomia-erkidegotako ikertzaileek hartu dute parte ikerketan; Osakidetzako Galdakao-Usansolo Ospitaleak eta Kronikgunek (kronikotasunaren arloko Bikaintasuneko Ikerketa Zentroa, Osasuna Saila) koordinatzen dute sarea Euskaditik, eta sarearen buru dira. Espainiako 16 ospitale publikok hartu dute parte, eta 2.500 paziente aztertu dituzte.

Parte hartu duten 16 ospitale horietako batzuk dira Arabako Unibertsitate Ospitalea, Donostia Unibertsitate Ospitalea, Santa Marina Ospitalea, San Eloy Ospitalea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Galdakao-Usansolo Ospitalea; guztiak Osakidetzarenak.

BGBK gaixotasuna larriagotu izanaren ondorioz Espainiako ospitale publikoetako larrialdi-zerbitzuetara joaten diren pazienteak ditu ardatz azterlanak, eta bertan “epe laburrean hiltzeko arriskuaren eskala sortu dute. Eskala horrek aukera ematen du pazienteak mailakatzeko, ospitaleko larrialdietara —edo ospitalez kanpokoetara edo lehen mailako arretara— iristean duten arrisku-mailaren arabera, eta horrek paziente horien tratamendua eta tratamenduaren segimendua bideratzea ahalbidetzen du”.

BGBK duten pazienteetan gaixotasunaren biziagotzearen larritasuna ebaluatzeko sistema hau balio handikoa da; izan ere, “dela lehen mailako arretan (ez da laborategiko parametrorik erabiltzen) dela ospitaleko larrialdian bertan erabilgarri dauden aldagaiak baliatzen ditu, eta horrek ahalbidetzen du larritasun-maila azkar sailkatzea eta, beraz, paziente bakoitzaren tratamendua eta tratamenduaren segimendua bideratzea. Bestalde, azterlan honek tresna horren baliozkotze oso eta zuzena aurkezten du, eta horrek tresna sendoa dela bermatzen du”.

Hiltzeko arriskua zehazten duten aldagaiak

Azterlanerako 2.500 paziente inguru bildu zituzten, modu prospektiboan. Larrialdi-zerbitzuan jaso zuten informazioa —han eman zitzaien lehen arreta—, eta pazienteei segimendua egin zieten, gero. Segimendua ospitalean egin zieten ospitaleratu zituzten pazienteei, eta telefonoz egin zieten (pazienteari etxera deituta) larrialdi-zerbitzuan alta eman zitzaien pazienteei.

Ikerketan hainbat parametro identifikatu ziren: “pazientearen aurrekarien artean, bere adina, egoera egonkorrean (gaixotasuna larriagotu aurretik) zuen disnea-maila eta ea lehendik etxeko oxigenoterapia erabiltzen zuen”. Horrez gain, honako hauek ere identifikatu ahal izan ziren, pazienteari gaixotasuna larriagotu zitzaion unea aintzat hartuta: “kontzientzia-maila asaldatuta zuela iritsi zen larrialdietara, edo arnasketako muskulatura osagarria erabili zuen; izan ere, horrek guztiak adierazten du paziente hori beste batzuk baino larriago dagoela”. Parametro horiek lotura dute “pazienteak epe motzera hiltzeko arrisku handiagoa izatearekin”.

Beraz, aldagai horiek guztiak sartu dira “gaixotasunaren biziagotzearen larritasuna puntuatzeko sistema batera; sistema horrek iragartzeko gaitasun handia du, eta pertsona batek larrialdietan egon denetik aurrera hilabete baino denbora laburragoan hiltzeko duen aukera aurreikusten du”.

Aplikazio klinikoa

Tresna berri hori lehen mailako arretan eta ospitaleko zein ospitalez kanpoko larrialdietan ezartzeko aukeraren aurrean, ez dagoenez laborategiko analisiak egitea eskatzen duen aldagairik, ikertzaileek espero dute “paziente horietan larritasuna sailkatzeko sistemaren proposamen erraz eta azkar hau praktika klinikoan onartu eta sartuko dutela, eta pazienteen tratamendua behar bezala bideratzeko balioko duela”.

BMC Medicine 2014, 12:66    doi:10.1186/1741-7015-12-66

http://www.biomedcentral.com/1741-7015/12/66

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Koldoberri
    2014.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    Osakidetzako ikertzaileak izan dira buru, eta BioMed Central aldizkarian argitaratu dute: IKERKETA BATEK TRESNA ... http://t.co/pbLlwEvrf3

  • @Koldoberri
    2014.eko uztailak 07

    Comentario de Twitter:
    Liderada por investigadores de Osakidetza y publicada en BioMed Central. UNA INVESTIGACIÓN DESARROLLA UNA HERRAM... http://t.co/7NEcBx7e0F

Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Quintana doktorea eta Galdakao-Usansolo Ospitalearen REDISSEC (Red de Investigación en Servicios de Salud en Enfermedades Crónicas) lantaldea.