Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak ziurtatu duenez, Euskadiko Udal Legearen aurreproiektua «abiapuntuko testu oso ona da», erakunde-sistema antolatzeko

2014.eko uztailak 01

Bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak aurkeztu du Euskadiko Udal Legearen aurreproiektua Gobernu Kontseiluaren ostean. Gaur hasi da hiru Foru Aldundiek eta EUDELen artean eginiko testuan jendaurrean jartzeko fasea. Sailburuaren iritzian, «abiapuntuko testu oso ona da, eta euskal erakunde-sistemaren ordenamendua osatzen du».



Guztira, 9 titulu eta 110 artikuluz osatutako aurreproiektua da. Erkorekak bosgarrena nabarmendu du: udalerriek eskubidea izango dute eragiten dieten legeak edo arauak osatzeko prozesuan parte hartzeko. Halaber, 17. artikulua aipatu du: udalen eskumenen zerrenda zehatza. 



Aurreproiektuak berritasun hau dakar: erakundeen arteko bi lankidetza-mekanismo berri. Tokiko Politika Publikoen Kontseilua eta Alerta Goiztarreko Organoa arduratuko dira arauek tokiko autonomian duten eragina aztertzeaz. Finantzaketari buruzko tituluan zehazten denez, udalerriek «hitza eta botoa» izango dute, hala Finantza Publikoen Kontseiluan, nola Zerga Koordinaziorako Organoan.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak Ikuskizun Publikoen eta Aisialdiko Jardueren Lege-proiektua onartu du. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azaldu duenez, Lege-proiektuaren asmoa da «bakean eta elkarrekin ondo pasatzeko baldintzak ezartzea, gizalegea bermatuta». Aisialdiko jardueren parte-hartzaileek eta antolatzaileek arriskurik ez izatea da proiektuaren helburua. Horrez gain, arindu egin nahi ditu antolatzaileentzat tankera horretako ekitaldiak antolatzeko prozesua, bikoiztasunak saihestuta. 



Sarritan, ikuskizunak egiteak edo jendetzak biltzeak segurtasunerako arriskuak ekartzen dituzte, eta beharrezkoa izaten da ohiz kanpoko polizia-zerbitzuen erabilera. Lege horrek tasa bat aurreikusten du Ertzaintzak eskaintzen duen zerbitzu gehigarri horregatik (30 euro inguru pertsonako eta orduko), antolatzaileei ere ospakizun horien ondorio publikoen ardura ipintzeko. Beltrán de Herediak azaldu duenez, neurri hori oso kasu jakinetan hartuko da:

  • Irabazi asmodun erakundeek antolatutako ekitaldietan
  • Pertsona multzo handiak biltzen dituzten ekitaldietan
  • Pertsonentzako eta ondasun publikoentzako kaltea ekar dezaketen ikuskizunetan
  • Segurtasun-neurri ezohikoak edota gehigarriak behar direla zehazten den kasuetan

 

Bestelako gaiei helduz, Erkorekak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) inguruan Konstituzio Auzitegiak emandako epaia balioetsi du. BGAEak irabazi asmorik gabeko erakundeak dira, eta Gizarte Segurantzako derrigorrezko gizarte-aurreikuspenari aurreikuspen osagarria egitea dute helburu, Gernikako Estatutuan jasota bezala. Konstituzio Auzitegiak babestu egin du Espainiako Gobernuak 2012an ipinitako helegitea, eta horrek, Erkorekaren esanetan, «mugatu eta estutu egiten du» beren jarduna etorkizunera begira.

Bozeramaileak adierazi du epai horrek eraginak izango dituela etorkizunean, baina ez urteetan ekarpenak egin dituzten pertsonen egoeran eta eskubide kontsolidatuetan.
 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2014.07.01)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)