Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela gizartearen topagune den espazio bat partekatzea bakea bermatzeko

2014.eko ekainak 30

Iñigo Urkullu lehendakariak «ETAren amaiera eta Euskadiren susperraldia eta bizikidetza» ikastaroa hasi du gaur goizean. Bakegintzarako eta Bizikidetzarako Idazkaritzak babesten du eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko uda ikastaroetako bat da.

Hasiera emateko konferentzian, lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Plana elkarrekin lan egiteko gonbidapen bat dela. Urkulluren arabera, horren helburua plaza publiko bat eraikitzea da, non Euskadiren lau tradizio politiko nagusiek lekua izango duten: «Gizartearen topagune den espazio bat partekatu behar dugu». «Asko sufritu dugu», onartu du lehendakariak, eta alderdi politikoen arteko komunikazio ezak kezkatzen duela adierazi du. Urkullu jarrerak hurbiltzearen alde azaldu da, «Mandelaren espiritua» oinarri hartuz, «trintxerarik gabeko» gizarte bati mesede egiteko.

ETAk iraganera amarratzen gaitu
Helburu horrekin, lehendakariak «desarmatze eta desagertze prozesua gehiago ez luzatzeko» eskatu dio ETAri. Urkulluren arabera, ETAk «iraganera amarratzen gaitu», etorkizunerako aurrerapena oztopatuz. Aldi berean, ETAk ez dio ezker abertzaleari aurrera egiten uzten. Azken horri, lehendakariak «keinu eta konpromiso zehatzak» egiteko eskatu dio, gainontzeko alderdi politikoekin normaltasunez lan egin ahal izateko.

Gobernuen arteko lankidetza
Lehendakariak Espainiako Gobernuari ere eskua luzatu dio, «herrialdeko gobernuen eta indar nagusien arteko elkarlanerako aldi berri bat» bultzatzeko; horren bitartez, espetxe-politika bezalako gai garrantzitsuak jorratzearen alde agertu da. «Ezer ez egitea edo bakarrik lan egitea da, segur aski, honelako egoera batean har daitekeen erabakirik txarrena».

Lehendakariak alderdi politiko guztiei 2014ko bigarren seihilekoan beste esfortzu bat egin dezatela eskatu die, elkarlanerako klima bat sortzeko helburuz. Horri dagokionez, Euskadiko Alderdi Sozialistari eta Alderdi Popularrari Eusko Jaurlaritzaren Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko elkarretaratzera batu daitezela eskatu die.

«Martxan» dagoen plana
Urkullu lehendakariak azaldu du Bake eta Bizikidetza Plana «martxan» dagoela. Hamazortzi ekimen ditu, non iragana, oraina eta etorkizuna lantzen diren: iragana gertatutakoa argitzeko, oraina egoera politikoa normalizatzeko eta etorkizuna kontziliaziorako eta prebentziorako.



Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2014.eko ekainak 30

    HAY QUE SEGUIR TRABAJANDO PARA QUE LA BANDA DESAPAREZCA DE COMBATE , PARA ELLO ESTAR TODOS LOS ESPAÑOLES UNIDOS ANIMO @iurkullu EUSKADI JUNTOS , NO HACERLES CASO LO QUE LA BANDA DIGA , TENEMOS QUE ESTAR CON LAS VICTIMAS DEL TERRORISMO Y AYUDARLES

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)