Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Haurreskolak Partzuergoak familien eguna ospatuko du larunbatean Donostian

2014.eko ekainak 27

400 lagunetik gora elkartuko dira, haur eta guraso, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan

 

Hamar urte bete dituen ikasturtea amaitu berri duela, Haurreskolak Partzuergoak gurasoekin eta haurrekin ospatzeko eguna antolatu du biharko, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. 400 lagunetik gora izena emanda daude dagoeneko, goiza bertan pasatzeko: 258 gurasoak dira eta 168 haurrak, hauetatik gehienak 0-2 urte tartekoak. Goizeko 10:30etik aurrera, Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak egingo dien harrerarekin hasiko dira ekitaldiak.

Teatro Paraiso antzerki taldeak prestatu duen jolaserako gunean, haurrek eta gurasoek elkarrekin jolas egin eta esperimentatu ahal izango dute. “Arkitektura sentikorra” jolas gunea prestatu dute horretarako Teatro Paraisokoek: txikienek eta gurasoek elkarrekin jolastu eta esploratzeko espazioa; mundu poetiko txikiak sortu eta familian bizitzeko aukera ematen duen gunea.

Helduentzat berriz, hitzaldia ere izango da. 0-3 adin tartean aditua den Vicenç Arnaiz psikologo menorkarrak “Nuevas infancias: nuevas dificultades y nuevos aprendizajes” (Haurtzaro berriak: zailtasun berriak eta ikaskuntza berriak) hitzaldia emango du, gurasoentzat ez ezik hezitzaileentzat ere interes handiko gaia.  Hitzaldi hau, streaming bidez emango da zuzenean, esteka honetan:  https://www.youtube.com/haurreskolakpar

Lehen aldiz antolatu du Haurreskolak Partzuergoak familien eguna hamar urteko bere ibilbidean. Eguna atsegina eta arrakastatsua ateraz gero, hurrengo urteetan ere esperientzia hau errepikatzea da partzuergoaren asmoa.

Haurreskolak Partzuergoa 2003ko abenduan sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Nekazaritza sailak eta EAEko 31 udal partaide zirela. 228 haur eskola daude egun partzuergoan, 176 udalerritan. 2013-2014 ikasturtean 8.111 plaza eskaini ditu 0-2 urteko haurrentzat, eta 2014ko irailean berriz 8.200 eskainiko ditu. 1.200 hezitzaile eta beste 100 ordezko ari dira bertan lanean, eta 10 urteko ibilbidean, 35.000 haur inguru pasatu dira Haurreskolak Partzuergotik.

 

Gasteizen, 2014ko ekainaren 27an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)