Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik eta Kataluniak lankidetza-hitzarmena sinatu dute industria, energia eta turismo arloetarako

2014.eko ekainak 27

Enpresa eta Enplegu sailburu Felip Puigek eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak bi herrialdeen arteko lankidetza koordinatzeko hitzarmena sinatu dute gaur, garapen industrialaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen, energiaren eta turismoaren arloetarako. Akordioaren xedea da ezagutza eta bitartekoak partekatzea, produktibitatea eta aberastasun-sorrera hobetzeko eta kohesio soziala areagotzeko. Era berean, autogobernuak eskaintzen dituen aukerak aztertuko dira hitzarmenaren baitan, nork bere lehiakortasun-eredua optimizatu ahal izateko.

Arantza Tapiak positibotzat jo du sinatutako hitzarmena: «Bi herrialdeok partekatzen dugu estrategia berbera lehiakortasunaren esparruan; hori dela eta, lankidetzak bi ekonomiak sendotzen lagun dezake».  Alde horretatik, adierazi du inoiz baino beharrezkoagoa dela autogobernua elkarrekin defendatzea, baita alor ekonomikoan ere, «izan ere, politika zentralizatzaileak ezartzen ari dira Madril aldean, esate baterako, industria-ehunean horrenbeste kalte eragiten ari den erreforma energetikoa».

Felip Puigen esanetan, eredu ekonomikoa aldatzen ari da: «Krisia gainditzen ari gara, erronkak bizi ditugu autogobernuaren alorrean inoiz baino beharrezkoago baita; hori dela eta, politika sektorial transbertsalez mintzatuko gara, eta eredu lehiakor bat lortzen lagunduko diguten politika ekonomikoen eta industrialen ardatzak partekatuko ditugu elkarren artean».

Agiriaren zati handi bat industria-jarduera sendotzeari eskaini zaio. Bi herrialdeetan, industria-sektoreak pisu handia du ekonomian, Europan baino handiagoa, eta berrindustrializazioari susperraldi ekonomiko sendorako oinarri irizten diote. Hala, Kataluniaren eta Euskadiren arteko lankidetzak hainbat esparru ukituko ditu: industria-jardueren eta -politiken lurralde-hedapena, manufaktura aurreratuaren bultzada –puntako teknologia integratuta, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko– edota atzerrian presentzia izateko deszentralizatutako ereduen defentsa, enpresei laguntzeko.

Era berean, klusterren arloa jorratuko dute; Katalunia eta Euskadi aitzindariak diren formula, industriaren lehiakortasuna indartzea xede duena. Hitzarmenak, besteak beste, klusterrak kudeatzeko informazio-trukea eta Kataluniako 25 klusterren –1.200 enpresa-kide, eta 50.000 milioi euroko fakturazioa– eta Euskadiko 11 klusterren eta 11 preklusuterren –1.700 enpresa-kide, 67.500 milioi euroko fakturazioa– arteko harremana sendotzea.                                                                                                 

Enpresa-berrikuntzari dagokionez, hitzarmenak hainbat neurri ekarriko ditu; esaterako, bi lurraldeetako teknologia zentroen bitartez nazioarteko proiektuetan elkarrekin parte-hartzea, eta zentroon arteko esperientzia-trukea. Teknologia enpresetara transferitzea da horren guztiaren xedea, eta, batez ere, ETEak dira jomuga, lehiakorragoak izan daitezen maila globalean.

Energiaren alorrean, Kataluniak eta Euskadik beren industriei kalitatezko energia-hornidura bermatzea dute asmo, hala nola energia izatea ekonomia bultzatzen duten motorretako bat. Hori dela eta, lankidetzaren ardatza energia-aurrezkia eta -eraginkortasuna izango da; energia berriztagarrien ezarpena eta epe luzerako prospekzioa eta plangintza. Egitekoetan lehena izango da Espainiako gobernuak proposatutako energia-sistemaren erreformak industria-ehunean izango dituen ondorioak aztertzea, ondorio horiei aurre egiteko edo erreforma aldatzeko neurriak bultzatuta.

Azkenik, turismoari dagokionez, Kataluniak eta Euskadik batera lan egitea ezartzen du hitzarmenak, turismoa sustatu, nork bere eskaintza besteari are gehiago ezagutarazi, eta atzerriko turistak erakartzeko. Era berean, bi lurraldeak elkarlotuko dituzten produktu edo ibilbide turistikoak sustatuko dira, Ignazio Bidea edo turismo gastronomikoa, kasu.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)