Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadi eta Katalunia euren gastronomia sustatzen ari dira Bartzelonan elkarrekin showroom bat eginez

2014.eko ekainak 27
  • Pedro Subijana eta Nandu Jubany, ‘showroom’ bateko protagonistak 35 euskal eta katalan enpresa baino gehiagoren ‘gourmet’ produktuekin
  • Euskal-Katalan produktua sustatzeko ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua den Arantza Tapiak eta Kataluniako Generalitateko Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen kontseilaria den Josep Maria Pelegrik presiditu dute
  • Ekainaren 26tik uztailaren 7ra, kalitateko euskal produktuak IIIa Diagonal merkataritza zentroko Caprabon ere egongo dira

Eusko Jaurlaritzak eta Generalitateak indarrak batu dituzte, ostegun honetan Euskadiko eta Kataluniako elikadura eta edarien 35 enpresa baino gehiagoren gourmet produktuak sustatzeko. Casa Llotja de Mar (Bartzelona) egoitzan elkarrekin egindako showroom batean, eta Euskadi-Katalunia Elikagaiak eta Edariak Bat Eginda izenburuarekin, 24 euskal enpresak beren produktua erakutsi dute, eta txakolin, ardo, sagardo, kontserba, gazta, haragi eta abarren dastaketak eskaini dituzte. Edarien atalean, Arabako Errioxako Solaguen, Gomez de Segura eta Pagos de Leza upategiek parte hartu dute, Iturrialde, Arzabro eta Akarregui Txiki txakolin jatorri izendapenekoek, eta Sagarkide bezalako sagardo Eusko Labeldunek. Zubeltzu, Barrenetxe, Agiña, Ortiz eta Ibarlur etxeek ere euren produkturik onenak zerbitzatu dituzte (kontserbak), Lumagorrik eta Harakaik (haragia), Artzai Gaztak (Idiazabal jatorri izendapena), eta produktu ekologikoen ordezkaritza zabal batek.

Ekintza hau Euskadiko ekoizle profesionalak babesteko eta sustatzeko Eusko Jaurlaritzako estrategiaren barruan kokatzen da, eta helburua da banatzeko eta merkaturatzeko kanalak irekitzea eta zabaltzea.

Katalanen aldetik, 12 markak bertako produktuen dastaketak eskaini dituzte, horien artean, olioa, ardoa, cava, lekak, olibak, perretxikoak edo carquiñoliak. Besteak bestea, enpresa hauek izan dira bertan: Molí d’Oli Gasull, Dama d’Elaia, Urdet, Blai Peris, Bonans, Olis Solé, Cooperativa St Isidre eta Bodega El Grial. Bertaratutako publikoa gehienbat errestaurazioaren eta banaketaren sektoreetako profesionalak izan dira, eta produktuak dastatu eta egiteko prozesuak ezagutu ahal izan dituzte. 

Showroomean zehar, Pedro Subijana euskal chefak (hiru Michelin izar) eta Nandu Jubany katalanak (Michelin izar bat) showcooking bat protagonizatu dute euskal eta katalan produktuekin, hurrenez hurren. Jubanyk steak tartar bat prestatu du, tenperatura baxuko arrautzak eta katalan kremaren aparra, eta Subijanak, berriz, antxoak gatzetan eta txipiroi konfitatuak eta saltsatan estaliak.

Adiskidetze gastronomikoa

Eusko Jaurlaritzak sustatu du ekitaldian, nekazaritzako elikadurako euskal eta katalan produktuak adiskidetzeko moduan, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua den Arantza Tapia eta Kataluniako Generalitateko Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen kontseilaria den Josep Maria Pelegri.


Euskadi-Katalunia Elikagaiak eta Edariak Bat Eginda Eusko Jaurlaritzaren ekimen bat da, HAZIren (Landa, itsas eta elikagaien garapenerako fundazioa) eta Kataluniako Generalitatearen laguntza duena, Kataluniako Generalitateko Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Ingurune Naturaleko Departamentuari atxikita dagoen PRODECAren bitartez (Promotora d’Exportacions Catalanes). Ekimenak bi exekutiboek joan den martxoan izenpetu zuten hitzarmenaren esparruaren barruan diseinatutako ekintzetako bati erantzuten dio, bertako produktua sustatzeko helburuarekin.

Ostegun honetan egindako showroomarekin batera, kalitateko euskal produktuei ere presentzia nabarmena izango dute Bartzelonako Illa Diagonal merkataritza zentroko Caprabo supermerkatuan, ekainaren 26tik uztailaren 7ra; bertan, Euskadiko kalitatezko produktuen 100 erreferentzia baino gehiago aurkitu ahal izango dira.

ENPRESA PARTE HARTZAILEAK - Euskadi-Katalunia Elikagaiak eta Edariak Bat Eginda

EUSKAL ENPRESAK

PRODUKTUA

 

Iturrialde S.l

Bizkaiko Txakolina, Azurmendi gune enogastronomikoko kidea den Gorka Izagirre upategiak egina (3 Michelin izar)

 

Aretxaga Txakolina

Loreako Ama upategiak eginiko txakolina, zeinak Euskadin txakolinetarako dagoen mahastirik handiena daukan.

 

Arzabro Txakolina

Arabako txakolina, Hondarribi Zuri eta Izpiritza Txiki mahats aldaerekin artisau upategiak egina.

 

Akarregi Txiki

Getariako txakolina, Hondarribi Zuri  bertako mahats aldaerarekin egina, metodorik tradizionalenei jarraituta.

 

Solaguen Upategia

Errioxar ardoa, %100 Tempranillo mahatsarekin egina, barrikan 12 hilabete eta botilan beste 6 eginda.

 

Gomez de Segura Upategia

Gomez de Segura upategiak eginiko errioxar ardoa (Guardiako Campillar, Araba), Tempranillo eta Malvasia mahatsarekin, eta Viurarekin zurietarako.

 

Pagos de Leza Upategia

Arabako Errioxa eskauldeko Tempranillo mahatsarekin eginiko ardo beltzak, eta Viura eta Malvasia aldaerekin eginiko zuriak.

 

Azpillaga Urarte Upategia

Lantziegoko (Arabako Errioxa) famili upategi txikia, ekoizpen propioa duena, eta ustiapen ekologikoa mahastietan zein olibadietan.

 

Lurlan

Kalitatea egiaztatua duten Euskal Herriko produktu tipikoak eta esanguratsuak, bitartekorik erabiltzen ez duten ekoizle talde batek landuak.

 

Kimuak Ernamuinak

Zereal, lekale eta barazki produktu ekologikoak, ernamuinak eta kimuak. Dena %100 naturala, gehigarririk eta kontserbatzailerik gabe.

 

Zubeltzu

Ibarrako piperrak azidotasun gutxiko ozpin zuritan ontziratuak. Bere ezaugarriak dira azal leuna, mami samurra eta zapore fina. 

 

Ortiz Kontserbak

Kalitate handiko arrain kontserbak. Bere espezialitateak dira hegaluzea, antxoa, atunzuria, berdela eta plater prestatuak.

 

Sarriegui Patatak

Artisau moduan egindako chipsak eta patata zinta frijituak. 2012ko eta 2013ko Great Taste Award sariekin sarituak.

 

Delicass

Kalitate handiko ahatearekin egindako platerak: foie gras, magret, ahate solomoak, ahate konfita, ahate urdaiazpikoa, etab.

 

Arroyabe Kontserbak

Kalitate handiko eta artisau lanketako arrain kontserba, nabarmen izanik hegaluzea, atunzuria eta Kantauriko antxoa.

 

Eceiza Etxea

Teilak, Tolosako zigarretak, turroiak, galletak eta pastak, IFS-International Food Standard Certification kalitate ziurtagiriaren abalarekin.

 

Barrenetxe

Eusko Labela duten piperrak, Euskal Herriko barazki tradizionala ekoizten duen nekazari kooperatiba batek landuak.

 

Agiña

Eusko Labela duten Ibarrako piperrak, modu tradizionalean ekoitziak, ingurumena errespetatuz, eta eskuz jasotakoak. 

 

Ibarlur

Eusko Labela duten Ibarrako piperrak, ardo ozpinetan onduak merkaturatzen direnak, IBARLUR izenarekin.

 

Lumagorri

Eusko Labela duen Euskal Baserriko oilaskoa, haragi fin eta goxoduna. Zelaian libre eta elikadura guztiz naturalarekin hazita.

 

Euskaber

Eusko Labela duen arrautzak, oiloak aske hazi eta zaintzen dituen kooperatiba batek ekoitziak.

 

Harakai

Eusko Labela duen haragia, behiak zein ardiak hazten dituzten 300 euskal abeltzainek ekoitzia.

 

Sagarkide

Eusko Labela duen sagardo natural ekologikoa, sagar muztioa hartzituta, %6 inguruko alkohol graduarekin. 

 

Artzai Gazta

Idiazabalgo artzain gazta, Latxa eta Karrantza arrazen esne gordinez egina.

 

Basquefood

Hainbat produktu

 

KATALUNIAKO ENPRESAK

PRODUKTUA

Dama de Elaia SL

Oliba olio estra, almazara ekologikoan eta ia artisau moduan ekoitzia.

Urdet SL

Olioak, perretxikoak, escalivada eta rissotoa, artisau moduan eginak eta gehigarririk gabe. 

Agrària del Vallès SCCL

Vallesko nekazari kooperatibak merkaturatutako ganxet lekak eta garbantzuak (Les Franqueses del Vallès).

Blai Peris SL

Blai Perisek (Terra Alta) landutako olibak eta saltsak; enpresa olibaren munduan espezializatua dago, batez ere Empeltre eta Arbequina olibetan.  

Delicat Aliment SL

Baserriko ogia, carquiñolis, teules eta beste gourmet produktu batzuk afariak edo zizka-mizkak laguntzeko edo banaka dastatzeko.

Molí d'oli Gasull SL

Olibak, ozpinak eta oliba olio estra, suabea, frutaduna eta gozo samarra, eskuz jasotako arbequina olibekin egina.

Helga Harbig Cerezo

Rasqueran eginiko ardo eta olio ekologikoak, intsektizida, herbizida eta sintesiko ongarririk gabe eginak. 

Bonans SCP

Pierako mahasti txiki batean landutako muztio, ardo eta apardun ekologikoak.

El Grial SL Upategia

Chardonnay, Sauvignon Blanc, Gewürtztraminer, Merlot, Cabernet Franc eta Cabernet Sauvignon aldaerekin egindako ardo ekologikoa.

Sant Isidre Kooperatiba

Oliba olio estra, produkzio sistema integratu batez egina, ingurumena eta pertsonen osasuna errespetatzen duten metodoei jarraituta. 

Olis Solé SL

Olis Solek Mont-roig del Campen dituen olibadietatik abiatuta eginiko kalitate handiko oliba olio estra.

Mas Bertran Viticultors SL

Penedesen landutako kalitatezko ardoak eta cavak , Xarel·lo, Macabeu, Parellada eta Sumoll protagonista dituela.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)