Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko taldeei igorri die Euskadin 1960-2010 aldian izandako Tortura Ikertzeko Proiektuaren proposamena

2014.eko ekainak 28

Ikerketak torturaren fenomenoaren dimentsio globala eskainiko du, salaketak oinarri hartuta; halaber, 200 eta 400 kasu bitarteko lagin adierazgarri baten azterketa enpirikoa ere egingo du.

Txostenak 40 kasu enblematiko ingururen azterketa kualitatibo eta narratiboa jasoko du; bertan haien giza esperientziak azalduko dira, baita bizitzan pairatutako ondorioak ere.

Ikerketa, Eusko Jaurlaritzak Paco Etxeberriari aginduta, 2016ko irailean amaituta egotea aurreikusten da.

Ikerketaren diseinuaren dokumentu hau Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordera ere bidali da, bere balorazioa egin dezan.

Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioei bidali die gaur 1960-2010 aldian Euskadin izandako Tortura Ikertzeko Proiektuaren proposamena. Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak Francisco Etxeberria auzitegiko mediku ezagunari eta kidea den Kriminologiaren Euskal Institutuari agindu die aipatutako proiektua.

KREIko lantaldeak datozen bi urte eta erdietan erabiliko dituen ikerketaren eta metodologiaren diseinua da aste honetan Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzari emandako agiria.

Fenomeno horrek 50 urte hauetan Euskadin izan duen benetako eraginaren berri ematea da ikerketaren helburua, eta errekonozimendu, konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak zehaztea.

KREIk egingo du ikerketa, hauek koordinaturik:

  • Francisco Etxeberria, Medikuntzan Doktorea. Lege eta Auzitegiko Medikuntzan osagile espezialista. EHUko irakasle titularra.
  • Benito Moretin, Medikuntzan Doktorea. Lege eta Auzitegiko Medikuntzan osagile espezialista. Auzitegiko Mediku Titularra.
  • Carlos Martín Beristain, Medikuntzan Doktorea. Osasunaren Psikologian osagile espezialista.
  • Laura Pego, Zuzenbidean lizentziaduna. Kriminologian espezialista. KREIko ikertzailea.  

Ikerketa proiektuaren egitura eta metodologia

Bost azterlan osagarri izango ditu Euskadin 1960-2010 aldian izandako Torturari eta Tratu Txarrei buruzko Ikerketa-azterketak:

1.-Torturaren eta tratu txarren prebalentziari buruz eskura dagoen informazio dokumentalaren analisi-txosten bat egitea, bai eta epaitegi-ikerketak halako kasuetan ikertu diren elementuen analisi bat ere.

Helburua: torturari buruz egindako txostenak biltzea eta aztertzea.

2.- Torturaren eta tratu txarren kasuei buruz hainbat iturritan dagoen informazio guztia biltzen duen azterlan bat egitea. Ahal bada, biktimarekin harremanetan jartzen saiatuko dira informazioa egiaztatzeko.

Helburua: arazoaren dimentsiora hurbiltzea salaketa judizialak edo sozialak aztertuz, eta kasu horien gainean dagoen dokumentazio-maila ezagutzea. Zentsu bat egitea (kasu kopurua zein honako alderdi hauen araberako sailkapena: sexua, adina, atxiloketa gertatu den herrialdea, atxiloketaren arrazoia, atxiloketaren osteko legezko egoera, atxiloketa egin zuen polizia-kidegoa).  

3.- Bildutako salaketen artetik modu adierazgarrian hautatutako 200-400 kasuren ikerketa (2. azterlanean lortutako zentsuaren neurriaren araberakoa izango da kopurua). Elkarrizketa sakonak egitea Istanbuleko Protokoloa aplikatuta. Lau garaitan sailkatuko dira (1960-1978; 1978-1990; 1991; 1991-2000; 2001-2013).

Helburua: salaketen sinesgarritasun globala baloratzea. Lekukotzen, bestelako froga dokumentalen eta ondorio fisiko eta psikologikoen osasun-azterketa eta azterketa psikologikoaren konsistentziaren neurriari buruzko informazioa lortzea.

4.- Aurreko taldetik hautatutako 40 kasu adierazgarri ingururen azterketa kualitatiboa, narratiboa eta espezifikoa.

Helburua: biktimen giza esperientzia, pairatutako ondorioak, gizartearen eta erakundeen aldetik jasotako erantzunak eta haien bizitzan izandako eragina ezagutzea, kasuen estatistika-datuetatik edo balorazio mediko edo psikologikotik harago.

5.- Txostena bera idaztea. Torturaren eta tratu txarren ikerketaren, errekonozimenduaren, erreparazioaren eta prebentzioaren arloko nazioarteko esperientzia konparatuan oinarritutako ondorioak eta gomendioak.

Beharrezko ikerketa bat iragana argitzeko

Ikerketa-proiektuaren proposamen hau Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordera ere bidali da, bere balorazioa egin dezan. Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkari Jonan Fernandezek martxoan aurkeztu zion TPBko Latif Hüseinof presidenteari Eusko Jaurlaritzaren ekimen hau, eta oso harrera ona egin zion Europako Kontseiluaren organo horrek.

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren 6. ekimena da ikerketa hau, Planak zehaztutako hiru konpromiso handietako lehenaren barruan: iragana argitzea: «Ez dago etorkizuna eraikitzerik iraganean ezer gertatu izan ez balitz bezala. Pairatutakoa larriegia da. Indarkeria eta giza eskubideen urraketak argitu behar dira egia, justizia eta ordaineko printzipioak gauzatu ahal izateko».

Torturak urratu egiten ditu giza eskubideak, eta larriki gainera. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, beharrezkoa da torturak gure testuinguruan duen benetako eraginari buruzko azterlan zorrotz eta independente honi ekitea, eta errekonozimendu-, konponketa- eta prebentzio-neurriak hartzea. Hartarako elementuak eta ondorioak ematea du helburutzat azterlanak, arlo horretan dauden nazioarteko estandarrei jarraikiz. Era honetan erantzuten die Eusko Jaurlaritzak nazioarteko erakundeek adierazitako gomendioei.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @FernandezJonan
    2014.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco presenta con Francisco Etxeberria el Proyecto de Investigación sobre Tortura http://t.co/GRNrQ5s6TN

  • @FernandezJonan
    2014.eko ekainak 28

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak Euskadin 1960-2010 aldian izandako Tortura Ikertzeko Proiektuaren proposamena aurkeztu du http://t.co/8pQRC7Zh6I

Beste gonbidatu batzuk
  • Francisco Etxeberria