Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak adierazi du San Juan baleontzia Pasaian birsortzea urrats garrantzitsua dela Labrador, Ternua eta Euskadiren artean historian zehar izandako lotura ezagutzeko

2014.eko ekainak 25

Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuorde José Ángel Muñoz eta Lurralde Plangintzako sailburuorde Izaskun Iriarte Pasaian izan dira gaur goizean, San Juan baleontziaren erreprodukzioaren gila jartzeko ekitaldian. Euskal arrantzaleek orain dela ia bostehun urte Kanadako Labradorreko Red Bayn eta Ternuako St.John'sen erabili zuten ontziaren berdin-berdina egingo dute. Basque Tour-eko eta Turismo Saileko zuzendariekin batera, Muñozek eta Iriartek azpimarratu dute urrats garrantzitsua dela honako hau Labrador, Ternua eta Euskadiren arteko historia ezagutzeko, eta hori, hein handi batean, Selma Huxley ikertzailearen ekarpenei esker egin dela. Huxleyren seme Michael Barkham-ek ere hartu du hitza.

 

Sailburuorde biak San Juan baleontziaren gila jartzeko ekitaldian izan dira; ontzi horrek, urte batzuk barru, Atlantikoa eta Ternua inguruak zeharkatuko ditu, Lapurdi, Bizkaia eta Gipuzkoako euskal baleazaleek eta bakailao-arrantzaleek duela ia bostehun urte egin zuten bezala. Hemendik urte batzuetara izango da hori, Kanadako estatuaren sorreraren oroipenarekin bat egingo du. Arrantzale haietako asko Kanadako kostaldeko herri txikietan jarri ziren bizitzen, eta urtean ia zortzi hilabeteko egonaldiak egiten zituzten han, arrantza-faktoriak eraikitzen. Euskaldun askok galdu zuten bizia Atlantikoa zeharkatzeko bidaia luzeetan edo Kanadako arrantzale-herri sortu berrietan.

 

Pasai San Pedroko Ondartxo ontziolan egindako ekitaldian, Pasaiako, Donostiako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko goi-kargudunek ere parte hartu dute. Albaola Fundazioko lehendakari eta ontziaren birsorkuntzaren sustatzaile den Xabier Argotek ere agurtu du Michael Barkham Huxley, baleontziaren istorioa berreskuratu zuen ikertzailearen semea. Azken horrek bere amak egindako lana gogoratu du ekitaldian.

 

Orain dela gutxi, Eusko Jaurlaritzak «Lagun Onari» goraipamena eman dio Selma Huxleyri, egindako ikerketa-lanagatik. Orain, Eusko Jaurlaritza eta Parks Canada gobernu-erakundea elkarlanean hasi dira, herrialde bien iragan bateratua ezagutarazten ari diren lanetan eta ikerlanetan sakontzeko asmoz.

                                 

Ottawako Zibilizazioen Museoan erakusketa handi bat dago zeinetan euskaldunek Labrador, Quebec eta Ternua inguruetan duten historia kontatzen den, euskaldunek arrantzaleen herri desberdinak fundatu baitzituzten, XIV. mendetik hasita, gutxienez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Argote, Michael Barkham Huxley