Berriak
Eu

Jaurlaritzak gizakien salerosketen biktimak babestearen alde egingo du Europan

2014.eko ekainak 25

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak irizpen-proiektuetarako 14 zuzenketa defendituko ditu Bruselan, Eusko Jaurlaritzaren izenean

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza Bruselan da egunotan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Eskualdeetako Lantaldearen (EL) osoko biltzarrean. Bertan, hainbat irizpen onartuko dituzte, eta, horrez gain, organoko lehendakaria eta lehendakariordea aukeratuko dituzte, egungoak Europako Parlamentu berriko diputatu izendatu berri baitituzte.

Bilkuran, eskualdeetako eta tokiko erakundeek hamabost irizpen-proiekturen inguruko debatea egingo dute. Hauek dira proiektuetako batzuk: hiri-politika, 2020. urtera arteko biodibertsitateari buruzko Europako Estrategia, 2015. urterako Europar Batasunaren aurrekontuen proiektua, eta EBren etorkizuneko politikak justizian eta barne-gaietan. Gainera, EL hogei urte betetzera doala eta, ebazpen garrantzitsu bat onartuko dute, erakundeak duen rol politiko eta instituzionala indartzeko eskaerak biltzen dituena.

Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak hamalau zuzenketa aurkeztuko ditu irizpen-proiektuei dagokienez. Hauek dira proiektuok: ELren 20. urteurrenari buruzkoa, justizian eta barne-gaietan EBren etorkizuneko politikei buruzkoa, eta hirigintza zein mugikortasun jasangarriari buruzkoa.

ELren 20. urteurrenarekin lotutako ebazpenaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak legegintzarako eskumenak dituzten eskualdeen existentzia azpimarratzea proposatu du. Eskualde horiek rol diferentziatua dute EBko erakundeetan, eta batzuek dagoeneko Kontseiluaren hainbat taldetan hartzen dute parte.  Halaber, Europako lurraldeetan diren hizkuntza koofizialak erabiltzeko deia egin dio Eskualdeetako Lantaldeari; euskara bera, besteak beste. Zehazki, EBren lehentasunen eta horiek lurraldean izango duten inpaktuaren inguruko informazioa zabaltzean. Jaurlaritzak uste du herritarrei beren hizkuntzan hitz egitea beharrezkoa dela Europa eskualde bakoitzera hurbiltzeko. Helburu horrekin berarekin, Zuzenbidea argiagoa, ulergarriagoa eta betetzen errazagoa izatearen aldeko apustua egin du, horrela areagotu egingo delakoan herritarrek Europako legediarekiko duten onarpena eta, bide batez, Europar Batasunarengan duten konfiantza.

EBko justizia eta barne-gaietako etorkizuneko politikei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak etorkinak ez kriminalizatzearen garrantzia azpimarratu du, eta instituzio eskudunei gizakien salerosketaren biktima posibleei arreta berezia jartzeko eskatu die. Aldi berean, egoera irregularrean dauden etorkinen ahultasun-egoera azpimarratu du, eta adierazi du ezinbestekoa dela biktimek oinarrizko zerbitzuak eskuragarri izatea, pertsona izate soilagatik horien onuradun izatea dagokielako.

Jaurlaritzak, gainera, azpimarratu du eskualdeek lan egin behar dutela bai immigrazioarekin lotutako delituak prebenitzen eta hautematen, bai biktimak babesten eta oneratzen; orobat, adingabeei arreta berezia emateko eskatu du. Horretaz gain, lurreko zein itsasoko mugak kontrolatzeko eta zaintzeko orduan, bizitzak salbatzearen obligazioa betearazteaz gainera, lehentasun osoa eman behar zaio pertsonen osasuna eta duintasuna babesteari.

Hirigintzaren alorrean, Eusko Jaurlaritzak hiri-politikari buruzko etorkizunerako Europako agendak lurraldeen antolamendu-politikak kontuan har ditzala proposatu du, askotan Europako eskualdeak baitira politika horien arduradun; ibaien, trenbideen eta energia eolikoaren kasuetan, adibidez. Aldi berean, azpimarratzen du etorkizuneko Europako agendak degradatutako hiriguneen birsorkuntzari buruzko gaiak jorratu behar dituela, eta hirien zaharberritzea eta berrikuntza ere bai, eraikinen etxegintzaren energia-eraginkortasunaz gainera; horren helburua hirigintza jasangarria eta mugikortasun eraginkorra lortzea da.

Azkenik, Batzordeak hiri-mugikortasunaren arloan 2013an onartutako neurriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak mugikortasun jasangarriko planak hiri guztietan sustatzearen garrantzia nabarmendu du, denetan gerta dadin garraiobide ekologikoetarako eta jasangarrietarako trantsizioa. Gainera, Europako hainbat programak duten eginkizunaren garrantzia azpimarratu du, hala nola Civitas edo Ecostars programek, airearen kalitatearen hobekuntzan, auto-ilaren murrizketan eta joan-etorrien eraginkortasunean, nazioarteko isurpenen murrizketan eta garraio-sarean gertatzen diren istripuen kopurua jaistean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)