Berriak Lehendakaritza
Eu

Herritarren %88ren iritziz Euskadin osasungintzak ondo edo oso ondo funtzionatzen du

2014.eko ekainak 25

EUSKAL SOZIOMETROA 

Herritarren %88ren iritziz Euskadin osasungintzak ondo edo oso ondo funtzionatzen du; %10ek bakarrik uste dute gaizki edo oso gaizki funtzionatzen duela. Gainera, gero eta jende gehiagok uste du Euskadiko osasun zerbitzuak Estatuko beste lekuetakoak baino hobeak direla.

Azken urtebetean Osakidetzaren zerbitzuak erabili dituztenek 10en gaineko 7,7 punturekin baloratu dute jasotako zerbitzuen kalitatea. Datu hori aurreko urteekiko hobetu egin delarik, 2004an 7,4 punturekin baloratu zuten.

Herritarrek oso balorazio ona eman diete planteatutako osasun-sistemako aspektu ia guztiei 0tik 10erako eskalan: osasungintzako langileen profesionaltasuna (7,7), gizatasuna tratuan (7,5), instalazioak eta ekipamenduak (7,4), pazienteak nahiago duen hizkuntzara egokitzea (7,3), zerbitzu administratiboen eraginkortasuna (7,0), telefono bidezko kontsulta medikoak (7,0), paziente bakoitzari eskaintzen zaion denbora (6,8), herritarrek dituzten osasun-behar guztiekiko arreta (6,5) eta hitzordua eskatzeko telefono bidezko arreta pertsonaleko sistema (6,4). Salbuespen bakarra da espezialistekin kontsulta izateko eta ebakuntzetarako itxaron zerrendak, 4,6 punturekin.

Gero eta jende gehiagok jotzen du Osakidetzara, 1998an %74 ziren eta gaur egun %82. Hauetatik %52 osasun zentrora joan dira, %6 ospitalera eta %24 bietara.

Herritarrak zatiturik azaldu dira Eusko Jaurlaritzak osasungintzara bideratutako baliabideen nahikotasunari buruzko iritzia ematean: %48ren ustez behar direnak dira, eta %41en ustez behar direnak baino gutxiago.

Osasungintza publikoa vs osasungintza pribatua

Herritarren %80k nahiago lukete Osakidetzara joan klinika pribatu batera baino ebakuntza bat behar balute, eta %71k espezialista batekin kontsulta behar balute. Sistema publikoa nahiago izateko arrazoi nagusia da garantia eta segurtasun handiagoa egozten zaiola zaiola. Herritarren %21ek diote mediku-aseguru pribatua dutela.

Gehiengo zabal batek (%82) uste du osasun sistema publikoa zergen bidez bakarrik finantzatu behar litzatekeela, baina %23k bakarrik uste dute hala izango dela 20 urte barru. %47k uste dute osasun sistema publikoaren zati bat zergen bidez finantzatuko dela eta beste zati bat paziente bakoitzak ordainduko duela, bere diru-sarreren arabera.

Immigranteen arreta

Egoera irregularrean dauden immigranteen mediku-arretari buruz, %60ren ustez pertsona guztiak berdin artatu beharko lirateke, lege-egoera eta erroldatuta daramaten denbora alde batera utzita; %21ek uste dute artatu behar direla, denbora jakin batean erroldatuta egon direla ziurtatzen badute, %14k ez direla artatu behar, larrialdietan salbu.

Mediku-zerbitzuen erabileran / Errezeta elektronikoa / Kopagoa

Nahikoa zabaldua dago mediku-zerbitzuak eta botikak neurriz kanpo erabiltzen diren pertzepzioa: gehiengoak uste du jendea behar baino gehiago joaten dela medikuarenera (%55) eta behar baino botika gehiago hartzen dituela (%57).

Ia herritar guztiak (%91) ondo edo oso ondo baloratzen dute errezeta elektronikoaren sistema berria. Herritarren %63k erosi du botikaren bat errezeta elektronikoarekin.

Botiken kopagoari dagokionean, %58k gaizki edo oso gaizki baloratzen dute, baina %33k ondo edo oso ondo.

Prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako programak

Osakidetzaren prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako programak nahikoa ezagunak dira: herritarren %88k ezagutzen dute titietako minbizia goiz detektatzeko programa, %77k ondesteko minbizia detektatzekoa, %66k jaioberriei egiten zaien orpoaren proba eta %57k haurren hortzak zaintzeko programa.

Herritarren %95 ados daude Osakidetzak bere baliabideen zati bat programa horietarako erabiltzearekin.

EGOERAREN BALORAZIOA

Egoera ekonomikoaren egoera eta bilakaerari buruzko espektatibak 2013an baino apur bat positiboagoak dira.

Herritarren %24ren ustez EAEko egoera ekonomikoa ona edo oso ona da (Espainiakoa %6 bakarrik) eta %73ren ustez txarra edo oso txarra (Espainiako %92).

Egoera ekonomikoaren bilakaerari buruzko espektatibak ere 2013an jasotakoak baino hobeak dira, %32ren ustez hemendik urtebetera egoera orain baino hobea izango da Euskadin eta %25en arabera orain baino hobea izango da Espainian. Espektatiba baikor horiek Europar Batasuneko herrialde gehienetan baino zabalduago daude EAEn.

Egoera politikoari dagokionez orekatuta dago: %40ren ustez ona edo oso ona da Euskadin eta %46ren ustez txarra edo oso txarra. Espainiako egoera politikoa okerrago ikusten da berriro ere: %81 txarra eta %8 bakarrik ona.

Herritarrei konfiantza gehien eragiten dieten instituzioak Eusko Jaurlaritza (%65k konfiantza dute) eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak (%65) dira. Ondoren datoz Udalak (%64), Eusko Legebiltzarra (%55), eta Diputazioak (%53).

2010eko datuekin alderatuta, ondoko instituzioen konfiantza maila handitu egin da: Eusko Jaurlaritza (%57tik %65era), Eusko Legebiltzarra (%51tik %55era), udalak (%61etik %64ra) eta Eliza (%26tik %29ra).

Ondokoekiko konfiantza mailak, aldiz, behera egin du: Europar Batasuna (%50etik %36ra), Gobernu Zentrala (%29tik %17ra), Sindikatuak (%38tik %28ra), Enpresarien elkarteak (%28tik %19ra), Diputatuen Kongresua (%24tik %15era), Diputazioak (%60tik %53ra), Justizia Epaitegiak (%31tik %26ra) eta Alderdi politikoak (%18tik %16ra).

Herritarren ustez, EAEko arazo nagusiak dira berriz ere lan-merkatuarekin lotutakoak (%83k aipatu dituzte) eta arazo ekonomikoak (%27). Ondoren, egoera eta gatazka politikoa (%21). Ustelkeria eta iruzurra %6 aipatzen da bakarrik.

BIZI KALITATEA / BALIO SOZIALAK

EAEko herritarrak nahikoa zoriontsuak dira, 7,1eko puntuazioarekin 0tik 10erako eskalan.

Herritarren %85ek diote pozik daudela daramaten bizitzarekin, batez ere beren familiarekin (8,4), lagunekin (8,0) eta harreman afektiboekin (7,8). Poztasun txikiena okupazio egoerarekin adierazi dute (6,5).

Herritarren ustez, zoriontsu izateko faktore garrantzitsuenak dira osasuna (bi nagusien artean aipatu dute %75ek), familia (%48) eta lana (%26). 1997ko datuekin alderatuta, handitu egin da familia aipatu dutenen ehunekoa.

Herritarren %81en ustez homosexualen arteko ezkontzak Europa osoan onartu beharko lirateke eta %73ren ustez baimendu beharko litzateke bikote homosexualek haurrak adoptatzea. Bi ehuneko horiek handitu dira 2007tik.

Handitu egin da halaber gizartean erlijioak toki garrantzitsuegia daukala uste dutenen ehunekoa (%36tik %48ra). Txikitu egin da, aisialdiari lanari baino garrantzi handiagoa eman beharko litzaiokeela uste dutenena (%64tik %57ra).

JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

Euskal alderdi eta buruzagien balorazioa

Alderdi politiko guztien balorazioa okerragotu da otsailetik hona, eta alderdi bakar batek ere ez du lortu herritarren oniritzia.

Buruzagi politiko guztien balorazioa ere jaitsi egin da. Iñigo Urkullu Lehendakariak bakarrik jaso du oniritzia (5,2 lortu du 0 eta 10 arteko eskalan). Ondoren datoz Andoni Ortuzar (4,6), Laura Mintegi (4,5), Patxi López (3,7), Arantza Quiroga (2,8) eta Gorka Maneiro (2,1).

Identitatea eta independentzia

Euskal Herriaren independentziari buruzko jarrera ez da aldatu aurreko neurketekiko: herritarren %26 alde daude, %31 kontra, eta %32 alde edo kontra egongo lirateke egoeraren arabera.

EAEko biztanleriak espainiartasun sentimendu baxua adierazten du (3,9 0tik 10erako eskalan).

 

Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 2.576 lagunek osatua da. Elkarrizketak aurrez-aurre egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%2,0koa da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2014ko maiatzaren 5a eta 12a bitartean egin zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)