Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2014/6/27)

2014.eko ekainak 27

Iñigo Urkullu lehendakariak Kontrolerako Plenoan egin dizkioten galderak erantzun ditu:

Galdera, Miren Josune Gorospe Elezkano Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2015eko aurrekontuen proiektuak izango dituen oinarriei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariaren aurreikuspenen arabera, bigarren seihilekoan langabeziaren zerrendatik 1.000 pertsona gutxiago egongo dira hilero batez beste. Horrek esan nahi du hemendik eta urtea amaitu arte, gutxienez 6.000 herritarrek lortuko dutela ana, adierazi du Urkulluk. Honen ustez hau gertatzearen gakoa “Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko Programa izaten ari da.

“Aurreikuspenak positiboak dira adierazleak ere positiboak direlako”, esan du Urkulluk kontsumoaren indizeak % 1 gora egin duenaren berri emanez. Lehendakariak, datorren urtera begira, BPGaren % 1,7ko hazkundea egongo dela adierazi du eta beraz “enplegua sortuko da”.

4. Galdera, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, hazkunde ekonomikoaren gaineko aurreikuspenei buruz:

Lehendakariak hainbat adierazle aipatu eta oinarritzat hartu ditu 2015erako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena ezartzeko:

  1. Industriako sektorearen % 2,8ko hazkundea.
  2. Zerbitzuek ere izango dute % 1,6ko hazkundea.
  3. Eraikuntzak beherakada geldiaraziko du, eta egonkortasunera hurbilduko da.
  4. Barneko eskariak % 1,5eko hazkundea izango du, eta % 0,2koa kanpokoak.
  5. Familien kontsumo-gastuak hobera egin du kontsumitzaileen konfiantzaren hazkundeari eta interes-tasa txikiei esker.
  6. Nazioarteko ingurunearen bilakaera positiboa da; Nazioarteko Diru Funtsak % 3,9ko hazkundea aurreikusi du. Euroguneak dinamismoa ere berreskuratu du, % 1,5 hazita.
  7. Gora egin du eraikuntzako eta ekipo-ondasunetako inbertsioak.
  8. Euskadiren merkataritza-kuota handitu da, eta gora egin dute esportazioek (% 3,4 uneotan).


Lehendakariak azaldu duenez, Euskadiren ekoizpen-eredu ekonomikoa industriala da, Estatuan baino 10 puntu gehiago; horrenbestez, «hazkundea eta enplegu-sorrera geldiagoak dira, bai, baina sendoagoak; seguruagoak epe ertain eta luzera».

5. Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, forupeko egoera anakronikoa desagerrarazteko aukerari buruz

«Kargu publikoen berme-araubidea eta haren mugak aztertzeko, hausnartzeko eta egokitzeko prozesu» bat «lehenbailehen» hastearen alde dago lehendakaria, ekainaren 12an bere aldeko botoarekin onartu zen moduan. Herritarrak gai honen bidez ez nahasteko eskatu du Urkulluk, nolanahi ere: «forupeko egiteak ez dakar inoiz zigorgabetasunik».

Forupekoa «berdin epaitzen dute, baina Auzitegi batek egiten du», esan du lehendakariak, eta, gainera, kasua berrikusteko konstituzio-eskubidea galtzea ere badakarrela, «ez dago bigarren instantziara jotzerik».

«Erreforma hain garrantzitsu bati aste batetik bestera ekitea ezinezkoa» dela adierazi du lehendakariak, Estatutua, Konstituzioa eta hainbat lege aldatzea ekarriko bailuke; horregatik, gai hori Eusko Legebiltzarrean aztertzea eskatu du «presarik, demagogiarik eta oportunismorik gabe».

9. Galdera, Diana Carolina Urrea Herrera EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Hondarribiko eta Irungo alardeetan emakumeen parte-hartzeari buruz

«Jaurlaritza honek konpromiso eta erabakitasun irmoa du emakumeen eta gizonen berdintasunarekin», azaldu du lehendakariak. Irungo eta Hondarribiko alardeetan sortutako gatazkari dagokionez, udal-erakundeek dute, Urkulluren ustez, berau egun jakin horietan zein urteko gainerakoetan kudeatzeko konpromisoa, «emakumeek herritartasun osorako eskubidea lor dezaten laguntzeko duten betebeharra ahaztu gabe».

10. Galdera, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, estatus berriari buruz egin dituen adierazpenei buruz.

«Estatus berri bat nahi dugu, baina guztiok ez dugu gauza bera nahi». Hala, guztiok lan egitea eskatu du Urkulluk Legebiltzarrean akordio bat lortzeko. Itun hori «herritarrek berretsia, eta errespetatua» izan beharko da.  

Lehendakariaren iritziz, estatus berri horrek «bermeak» eman behar ditu, egungoak ematen ez baititu. Ez ditu ematen Urkulluren ustez, «Espainian gure autogobernua ahuldu nahi duten legeak onartzen» dituztelako. Guztira 26 auzi 18 hiletan, horixe da Konstituzioaren aurreko errekurtsoen edo bitariko batzordeko tentsioen balantzea. «Estatutua ez da betetzen eta ez dago aldebikotasunik», eta horregatik, «bermeak ematen dituen estatus politiko berri bat behar dugu», adierazi du lehendakariak.

11. Galdera, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "ETAren amaiera eta Euskal Herrian bizikidetza errekuperatzea" ikastaroari buruz.

Urkulluren iritziz «egokia da testuinguru akademiko batean ETAren terrorismoaren amaierak guztioi planteatzen dizkigun zereginei buruzko gogoeta egitea», eta horretarako bide bat da «ETAren amaiera eta Euskal Herrian bizikidetza errekuperatzea» ikastaroa.  «Iraganaren ikuspen batean» oinarritutako etorkizuneko bizikidetza baterantz pausuak ematea da asmoa.

Ikastaroan barruan Asier eta biok filma ere jaso da; euskal filmik onenarentzako Irizar saria eskuratu zuen 2013ko Donostia Zinemaldian. Filmak «indarkeriaren aurkako mezu argia eta zuzena» du, eztabaida sorraraz dezake. «Ez gara eztabaidaren beldur izan behar, isiltasunaren eta zentsuraren beldur baizik», lehendakariaren aburuz.

12. Galdera, Xabier Isasi Balanzategi EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Vitalek eta BBK-k ekainaren 30ean egingo dituzten batzar orokorren deialdiei buruz

Euskadiko kutxen gobernu-organoei dagokie beren errealitate juridikoa eguneratzeko eta bankuko fundazio bihurtzeko legezko betebeharra egitea, lehendakariak azaldu duenez. Urkulluren ustetan, «kutxek ez dute ezer galtzen erabaki honen bidez, beren nortasunari, errotzeari eta gizarte-ekintzari eusten diete». Lehendakariak begirunea agertu die kutxen organoek hartutako erabakiei.



Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2014.eko ekainak 27

    Comentario de Twitter:
    Kontrolerako osoko bilkura (2014/6/27) http://t.co/ui7VHP9UlG

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)