Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
qrcode

Akordia, Euskararen Agenda Estrategikoa onartzeko dena. (2014-06-24(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014-06-24

LABURPENA

EUSKARAREN AGENDA ESTRATEGIKOA (2013-2016)

Legealdiaren hasieran, Jaurlaritzak legealdi honetarako (2013-2016) 14 Plan Estrategiko egingo zituela iragarri zuen. Hauetako bat da, hain zuzen ere, Euskararen Agenda Estrategikoa. Jaurlaritzak legealdi honetan euskara biziberritzearen alde egingo dituen ekintza eta jarduera nagusiak jasotzen ditu Agendak, hain zuzen. Beraz, Agenda betetzea Jaurlaritza osoaren erantzukizuna da, Jaurlaritzaren sail guztiena, alegia.

Euskararen Agenda Estrategikoak hiru helburu orokor ditu:

- Euskararen ezagutza zabaltzea

- Euskararen erabilera handitzea

- Euskararen kalitatea hobetzea. (Euskararen kalitateaz hitz egiten denean, euskararen komunikagarritasuna hobetzea esan nahi du. Hizkuntza biziago eta komunikagarriago bat lortzea, hain zuzen ere)

Hala ere, dokumentu hau ez da hutsetik sortu, ezta gutxiago ere. Euskararen Agenda Estrategikoa osatzeko hiru dokumentu hauek hartu dira oinarritzat:

- Euskara 21. Itun berritu baterantz
- Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP)
- Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Programa

Hiru dokumentu horietan jasotzen diren ekintzak ez ezik, legealdi hasiera honetan, euskara biziberritze aldera, Jaurlaritzak landu eta onartu dituen hainbat ekarpen gehigarri dira, beraz, Euskararen Agenda Estrategikoa.

Gainera, Agendaren parte dira, baita ere, Jaurlaritzaren jardun-esparru jakin batzuetako Euskararen Erabilera Plan espezifikoak, dagoeneko onartuta dauden hauek:

- Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia (V. Plangintzaldia 2013-2017)
- Osakidetzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2013-2019)
- EAEko Justizia Administrazioan Hizkuntzen Erabilera Normalizatzeko Plan Orokorra (2009-2017)
- EITBko Euskararen Erabilerarako Plana (2013-2016).

Halaber, lantzen ari den eta uda honetan aurkeztuko den Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko I. Plana ere Agendari erantsiko zaio eta Agendaren parte bihurtuko da.

Zer lortu nahi du? Euskararen Agenda Estrategikoaren helburua da euskararen bilakaera soziolinguistikoaren adierazle nagusietan aurrerapenak eragiten jarraitzea eta aurrerapauso neurgarriak ematea honako hauetan:

Euskal biztanleriaren euskara-gaitasun orokorrean
Euskal biztanleria elebakarraren euskarazko oinarrizko ezagutzan
Euskal herritarren euskararen erabileran
Eusko Jaurlaritzaren esparruan euskarak lan-hizkuntza gisa duen erabileran
Euskal biztanleriaren euskararekiko atxikimenduan
Eusko Jaurlaritzaren esparruan euskara zerbitzu hizkuntza gisa orokortzera bidean
Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoetan euskararen presentzia sendotzera bidean
Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien eta organoen jardun publikoan euskarak duen erabilera mailan
Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako herri aginteen arteko harremanetan euskarak duen erabilera mailan
Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideetan
Eusko Jaurlaritzako langileen eta erakunde-ordezkarien hizkuntza-gaitasunean
Eusko Jaurlaritzako langileen eta erakunde-ordezkarien euskararekiko atxikimenduan
Merkataritza gune handietan eta zerbitzu unibertsalak (ura, elektrizitate, gas hornitzaileak eta beste) ematen dituzten enpresa handietan kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak duten betetze mailan
Merkataritza eta ostalaritza orokorraren arloko euskararen erabileran
Informazio eta komunikazioaren teknologietan euskarak dituen baliabideetan eta erabileran

Aurrerapauso hauen neurketari dagokionez, aipatu beharra dago, Inkesta eta Mapa Soziolinguistikoaren hainbat adierazletan oinarrituko dela nagusiki betetze mailaren ebaluazioa.

Nola lortu nahi dira helburu hauek? Batetik, hizkuntzaren gainean eramango den politika eta hizkuntzaren kudeaketa zehar lerro bihurtuz eta Jaurlaritza osoaren erantzukizun bilakatuz. Bestetik, arlo bakoitzeko gizarte-eragileen lana sustatuz eta haiekiko elkarlana bultzatuz.

Bestalde, helburuen lorpenerako 13 lan ildo, 34 ekimen eta 168 ekintza konkretu definitu dira. Hauek dira 168 ekintza hauen adibide batzuk:

Euskara ardatz duen hezkuntza sistema eleaniztun batean ikasleek, ahoz eta idatziz, bizitzaren alor desberdinetan, bi hizkuntza ofizialak era egokian eta eraginkorrean erabiltzeko gaitasuna bermatzea.
Euskararen ezagutza bizitza osorako ikaskuntzaren markoan txertatzea.
Euskaltegien sarean oinarrizko A1 eta A2 mailak ere ezartzea eta egiaztatzea, eta ikasleen diru-laguntzetarako kontuan hartzea.
Euskararen erabilera sozialerako aukerak areagotzea, lehentasuna jarriz aisialdi esparruko jardueretan.
Gazteen harreman eta komunikazio esparruetan (kulturan, musikan, kirolean...) eta bitartekoetan (IKTetan, sarean...) euskararen presentzia handitu dadin sustatzea.
Lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek lan-mundura hurbiltzean egin ohi dituzten praktikak euskaraz ere egiteko aukera izan dezaten bultzatzea.
Herritarren gehiengo nabarmena elebidun izanik euskaldunenak diren gune geografikoetan administrazioak euskaraz normaltasunez funtziona dezan bultzatzea, betiere herritar guztien hizkuntza eskubiderik urratu gabe.
Gurasoek euren hizkuntza ohiturek seme-alaben hizkuntza portaeran duten eraginaz ohartaraztea eta seme-alabekiko jokabidea lantzea, bikote euskaldun nahiz mistoetan
Traktoreak diren merkataritza guneetan euskararen presentzia areagotzeko proiektu pilotuak egitea
Atzerriko hizkuntzetan ekoiztutako puntako eta kalitatezko zinea telebistan euskaraz azpititulaturik ikusteko aukera garatzea.
Kanpotik etorritako nerabeengan arreta berezia jartzea eta haientzako programa berezien garapena sustatzea.
Elebideren jarduera sendotzea.
Arartekoaren eta Elebideren arteko lankidetza herritarren hizkuntza eskubideak indartzeko
BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria garatzen jarraitzea, hizkuntza kudeaketak kalitate prozesuarekin duen lotura gizarteratuz.
.eus domeinua ahalik eta esparru gehienetan erabil dadin neurriak hartzea
Euskal Wikipedia (EW) sustatzea edukiak txertatuz; EWren kokapena aprobetxatzea euskarazko edukietarako sarbide gisa, EWn erreferentzia eta lotura egokiz elikatzea, ikastetxeetan eta unibertsitateetan EWrako artikuluak sortu eta itzultzea, EWn edukiak txertatzeko lankidetza sustatzea (zientzia, teknologia, literatura...).
Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin hitzarmenak garatzea, eta hango euskararen sustatzaileen jarduna laguntzea.
Galiziako Xuntarekin, Kataluniako Generalitatearekin eta Balear Uharteetako Gobernuarekin sinatutako lankidetza hitzarmena garatzea

Iruzkin bat
  • Argazkia erabiltzaile
    @juanmateozabala
    2014-06-25

    Comentario de Twitter:
    Euskararen Agenda Estrategikoak 3 helburu: euskararen ezagutza zabaltzea, erabilera handitzea eta kalitatea hobetzea http://t.co/Bdi9Y7VbGr

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan