Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Merkatu Batasunaren Legeari buruzko aurreakordioa egin dute eta ez dute Konstituzio Auzitegira joko. (2014-06-24(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2014.eko ekainak 24

LABURPENA

Aurreakordioari esker, euskal araudia aplikatuko zaie Euskadin diharduten operadore ekonomikoei. Hala, araudi autonomiko leunagoa xede duten enpresak deslokatzea saihestuko da.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministro Cristóbal Montorok gutxi barru sinatuko dute aurreakordioa, Euskadiko eta Espainiako aldizkari ofizialetan argitaratuko dena.

Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Merkatu-batasuna Bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen hainbat artikuluren gaineko interpretazioari buruz ados jarri dira. Aurreakordioa lortu dute Espainia-Euskadi bitariko batzordean lau hilabetez negoziatzen egon ondoren. Horrela, Auzitegi Konstituzionalera jotzea saihestu dute, gobernu-batzordeak horixe onartu zuen arren joan den otsailean.

Eusko Jaurlaritzaren iritzian, Espainiako gobernua, merkatu-batasunaren aitzakian eta pertsonen, ondasunen eta zerbitzuen ezarpen eta zirkulazio askea argudiatuz, egiatan, Euskal Autonomia Erkidegoaren bere eskumeneko gaietan arautzeko gaitasuna urratzen ari zen.

Esaterako, Espainiako gobernuak Merkatu-batasuna Bermatzeko Legean zehaztutakoaren arabera, operadore ekonomikoek sorburuko agintaritzaren araudia beteko zuketen, ez helburuko agintaritzarena; alegia, ez zuketen beteko jardun ekonomikoa gauzatzen duten herrialdearen araudia. Akordio horri esker, bi gobernuek interpretazio berari helduko diote; operadore ekonomiko batek Euskadin badihardu, edozein dela ere bere sorburua, bere jardueraren gaineko euskal araudia bete beharko du. Hala, aurreakordioari esker, enpresen eta operadore ekonomikoen balizko deslokalizazioa saihestuko da; izan ere, enpresa batzuek araudi autonomiko leunagoko lurraldeetan beren egoitza koka zezaketen, nahiz eta Euskadin jarduten segitu.

Aurreakordioaren beste alderdi bat sektore-batzarren gainekoa da; legeak halabeharrezkotasun izaera galduko du: Euskadik ez badu sinatzen sektore-batzarretako batean adostutakoa, ez da horretara lotuta egongo.

Gainera, aurreakordioaren testuak Euskal Autonomia Erkidegoari aitortutako eskumenen mende dauden interes orokor dezente babesten ditu; adibidez, hizkuntza-eskubideak, kontsumitzaileen babesa, bide-segurtasuna, etab.

Azkenik, lizitazio publikoak Estatuak sortutako kontratazio-plataforma baten bidez argitaratzeko betebeharra ezartzen zuen legeak. Aurreakordioari esker, nahitaez betetzekoa ez, borondatezkoa izango da alderdi hori; baliozkotasun juridikoa emango zaio Euskadiko bitartekoen (esaterako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) bidez argitaratutako informazioari.

LEGEGINTZALDIKO AKORDIOAK BITARIKO BATZORDEAN

Akordio horretaz gain, legegintzaldi honetan, batzordeak beste zazpi akordio lortu ditu, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean beste hainbeste helegite aurkeztea ekidin dutenak:

Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua. (Akordio partziala).
Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua.
(Akordio partziala).
Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legea.
Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.
2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.
8/2013 Legea, ekainaren 26koa, hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzkoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau