Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du

2014.eko ekainak 24

Euskararen Agenda Estrategikoaren helburua da definitzea hizkuntza politikaren esparruan legealdi honetan Eusko Jaurlaritzak egin beharreko jarduketa. Horretarako, aurreko urteetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatu dituen ildo espezifikoak uztartu egingo dira Jaurlaritzaren beraren hainbat esparru sektorialetan euskararen erabilera sustatzeko egiten diren plan eta programekin.

Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernu Batzordean onartu den Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du gaur goizean Lehendakaritzan. Berarekin batera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua den Cristina Uriartek, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak ere hitz egin dute.

Urkulluren ustez, “euskarak gizartearen mobilizazio berri bat behar du, herritar guztiok inplikatzen gaituen mobilizazioa”. Lehendakariaren hitzetan, “mobilizazio horren mamia euskara gero eta gehiago erabiltzea da”.

Azken urteotan euskarak izan duen aurrerabideari buruz ere hitz egin du Urkulluk: “Duela 30 urteko ikuspegitik begiratuko bagenio gure gaurko egoerari, ametsa edo pentsaezina bezalako hitzak erabiliko genituzke”. Zentzu horretan, hurrengo konparaketa egin du: “Duela 30 urte, euskal hiztunen ehuneko altuenak 64 urtetik gorako adinetan biltzen ziren; gaur, berriz, 35 urtetik beherakoetan daude”.

Hori baieztatzen duen azken Selektibitateari buruzko datu bat eman du lehendakariak: ikasleen % 68k aukeratu du froga euskaraz egitea.

Azkenik, lehendakariak ausardia eskatu du. “Ausardia anbiziodunak izateko eta amets egiteko. Ausardia euskal gizartearengan sinesteko. Ausardia, nola ez, euskal herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko”.

Bestalde, Uriartek Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du, Gobernu Kontseiluaren bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Plan horren helburua euskararen kalitatea hobetzea, ezagutza handitzea eta gehiago erabil dadin lortzea dela esan du. Uriartek azaldu duenez, hezkuntzaren bitartez «aurrerapen handia» egin da hizkuntzaren arloan, baina erabilera «bizitzaren esparru guztietan», aisialditik eta merkataritzatik hasita administrazioarekiko solasaldietaraino, bultzatu beharra dagoela azpimarratu du.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mirenepalacios
    2014.eko ekainak 25

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari presenta la Agenda Estratégica del Euskera http://t.co/S6bVM1TM6P

  • ana
    2014.eko ekainak 25

    hay que concienciar que los jovenes aprendan euskera @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Gonzalez de Txabarri