Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak espediente bat ireki du Muskizen detektatutako koke hauts emisioa aztertzeko

2014.eko ekainak 23
  • Ingurumen Saila Petronor enpresa ikuskatzen ari da informazio osagarria biltzeko
  • Koke hauts balioak erreferentziazko balioen barruan daude, ohikoak baino balio altuagoak detektatu badira ere hainbat unetan

 

Asteburu honetan Muskizko Petronor enpresan izandako koke hauts isurpenarekin lotuta, nabarmendu beharra dago Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzak bildutako informazioak bat egiten duela funtsean enpresak berak kaleratutako informazio oharrean esaten denarekin. Izan ere, Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzak egiaztatu duenez, «bere ezaugarrietan koke hautsarekin bateragarria den material partikulatu isurpen bat egon da». Uneotan, Ingurumen Saila enpresa ikuskatzen ari da  isurpenaren jatorriaren gaineko informazio osagarria bildu eta Petronorrek emandako informazioa egiaztatzeko. Era berean, Ingurumen Sailburuordetzak administrazio espediente bat ireki du gertatutakoaren gaineko informazioa biltzeko.

 

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bildu ditu dagoeneko Airearen Kalitatea Zaintzeko Sareak San Julianen duen estazioko datuak –enpresak kudeatzen du estazioa–, eta datuok Petronorrek plazaratutako ondorioak berresten dutela nabarmendu beharra dago. Izandako hauts isurpenak auzotarren artean eragozpenak sortu baditu ere, airearen kalitatearen gaineko datuek egiaztatzen dutenez, material partikulatu eta BTX mailak erreferentziazko balioen barruan mantendu dira, hainbat unetan ohikoak baino hondo-kutsadurako balio altuagoak detektatu badira ere.

 

Isurpena izan zen unean, gainera, Ingurumen Sailburuordetzak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak elkarlanean kudeatzen duten Gas Kromatografiako eta Masen Espektrometriako unitate mugikorra martxan zegoen, eta prestazio analitiko altuko neurgailu horrek egindako konposatu organiko lurrunkorren azterketak ere San Julianeko estazioko datuak berresten ditu.

 

Ingurumen Sailburuordetzak, hori bai, gertatutakoaren inguruko informazioa biltzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzaren gainontzeko sailekin elkarlanean, eta, helburu horrekin, informazio bildu eta ebaluatzeko administrazio espediente bat ireki du. Osasun Sailak, bere aldetik, isuritako hautsaren lagin bat jaso zuen Osasun Publikoko Laborategiak azter zezan. Bihar goizean, asteartea, partikula kaptadorearen filtroak bilduko dira berriz ere metalen eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoen azterketa egiteko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CyberEuskadi
    2014.eko ekainak 23

    Comentario de Twitter:
    "El Gobierno Vasco abre un expediente para analizar la emisión de polvo de coque detectada en Petronor" http://t.co/56GfQdmppM

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)