Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako lehergailu-teknikariek Muskizen aurkitutako armategia indargabetu eta deuseztatzeari ekin diote

2014.eko ekainak 21

Horrelako gailuak inoiz ez ukitzeko gaztigua egin du berriz ere Ertzaintzak

Ertzaintzako Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko adituak Muskizeko baserri batean joan den igandean lehergailuak indargabetzen eta deuseztatzen eman dituzte azken egunak. Horrelako gailuak aurkituz gero inoiz ez ukitzeko eta 112 zenbakira deitzeko gaztigua egin du berriz ere Ertzaintzak.

Guztira, askotariko bostehun bat lehergailu eraman zituzten eraikinetik Ertzaintzako lehergailu-teknikariek. Erdiak, gutxi gorabehera, karga lehergaia osorik zuten. Armategia sailkatuta, 345 artilleria-jaurtigai, 100 mortero-jaurtigai, 40 eskuko granada, 5 hegazkin-bonba, 6 jaurtigai antiaereo, espoletak, fusil-kartutxoak, etab., zenbatu zituzten.

Pieza gehienak 1936ko gerrakoak ziren, baina Karlistadetako jaurtigaiak ere bazeuden. Azken horien lehergaia, teknikariek egiaztatutakoaren arabera, zartatzeko moduan zen.

Egin beharreko izapideetarako sailkatu eta erregistratu ondoren, materiala deuseztatzeari ekin zaio azken egunotan Ertzaintzaren Berroziko instalazioetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau