Berriak Segurtasuna
Eu

2013ko Urtekari Estatistikoak adierazten duenez, jaitsi egin da trafiko-istripuetan hildakoen kopurua milioi biztanle bakoitzeko azken urteotan

2014.eko ekainak 20

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak Trafiko-istripuen gaineko 2013ko Urtekari Estatistikoaren datuak eman ditu ezagutzera, irteera operazioaren gaineko prentsaurrekoan

Argitalpenean jasotako datuen arabera, Euskadi, trafiko-intentsitate handia eta ibilgailu-kontzentrazio handia eduki arren, bide-segurtasuneko Europako erreferentziako herrialdeen artean dago. 30 egunetan milioi biztanleko hildako pertsona-kopurua 111,4 zen 2001ean. 2013an, 32,4koa izatera igaro da.

Adierazleen arabera, euskal bide-sarean Espainian edo Europan adina istripu jazotzen den arren, horien larritasuna nabarmen txikiagoa da. Adin-taldeka, denetan hobetu dira adierazleak. Hori bai, xehe aztertuz gero, kolektibo zaurgarrienekin lan egitearen beharra agerian geratzen da; esaterako, ibilgailuek harrapatutako adinduekin.

Gogora ekarri behar da iaz Euskadiko errepideetan eta kaleetan 56 pertsona hil zirela, azken urteotako beheranzko joerari eutsita. Hildako 56 lagun horietatik (14 Araban, 20 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan) 36 gidariak ziren (4 txirrindulari, 11 motor gidari eta 21 auto gidari), 6 bidaiariak eta 14 oinezkoak.

«Kontzientziazio-kanpainak –adierazi du Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–, alkoholaren kontsumoaren eta segurtasun-gailuen erabileraren gainekoak (uhala, haurrei eusteko sistemak), eta gidarien jokabide arduratsua fruituak ematen ari dira. Alabaina, pozgarria den arren, arau-hausleak jazartzen jarraituko dugu. Ezin dugu onartu alkoholagatik, drogengatik edo segurtasun-sistemak ez erabiltzeagatik bizitza galtzea».

Gaur arte, ekainak 20, hamar pertsona hil dira trafiko-istripuetan, iazko egun berera arte baino hamar gutxiago. (Bi Araban, sei Bizkaian eta lau Gipuzkoan). Horietako zortzi gidariak ziren (txirrindulari bat, lau motor gidari eta hiru auto gidari), eta hiru oinezkoak. 

Urtekaria 1996tik hona argitaratu da. Hasieran, paperean, baina 2005etik aurrera formatu digitalean. Jasotako datuak Ertzaintzak eta Udaltzaingoek istripuak gertatzen direnean betetzen dituzten zirkulazio-istripuen gaineko galdetegi estatistikoetatik ateratzen dira. Informazioa eskuragarri da Trafiko Zuzendaritzaren web gunean (www.trafikoa.net).

Urtekaria argitaratzearen helburua Euskadiko trafiko-istripuen baldintzak eta ezaugarriak aztertzea da, istripuen kopurua eta larritasuna murrizteko erabakiak hartu ahal izatea xede dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)