Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren estimazioen arabera, udako operazioan 3.300.000 ibilgailuk zeharkatu dezakete EAE

2014.eko ekainak 20

Operazio berezia ostiralean hasiko da, ekainak 27

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok gaur goizean aurkeztu du Bilbon, ekainaren 27an, ostirala, hasi eta irailaren hasieran amaituko den udako operazio bereziaren ezaugarriak. Aurreikuspenen arabera, nazioarteko trafikoa 1.675.000 ibilgailukoa izatera hel daiteke. Hala, orotara, 3.300.000 ibilgailuk zeharkatuko dituzte euskal errepideak, tokiko joan-etorriak gehituta.

Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok gaur goizean aurkeztu du Bilbon ekainaren 27an, ostirala, hasi eta irailaren hasieran amaituko den udako operazio bereziaren ezaugarriak. Denboraldi horretan, Euskadiko errepideetatik penintsularen hegoalderantz igaroko den nazioarteko trafikoa 1.675.000 ibilgailukoa izango dela aurreikusi da.

Tokiko joan-etorriak kontuan hartuta, 3.300.000 ibilgailuk zeharkatuko dituzte euskal errepideak. Tokiko joan-etorriei dagokienez, meteorologiaren garrantzia kontuan hartu behar da.

«Aste Santuak balio izan zuen espero daitekeen trafiko-intentsitatea neurtzeko. Horrenbestez, iaz baino trafiko handiagoa jasango dugulakoan gaude. Albiste ona da izan, baina, egoera hori izanik, erne egon behar gara: arduraz jokatu eta zuhurtziaz gidatuta», adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok. «Azkenean iritsi dira oporrak, baina gozatzeko, funtsezkoa da onik iristea oporlekura eta itzultzea etxera. Arduraz jokatu behar dugu autoa hartzean. Zuhurtziaz eta pazientziaz gidatu behar dugu, errepideak gainezka egon daitezkeen data horietan».

Azken urte honetan, Irungo ordainlekuko datuen arabera, ibilgailu-kopuruak % 2,2 egin du gora, baina, hala ere, 2011ko datua baino % 2,1 txikiagoa da.

Uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan pilatzen dira ibilgailu mugimendu gehienak. Auto gehien irtengo den asteburua abuztuko lehena izango da, 1etik 3ra artekoa, hain zuzen.

Trafikoko Zuzendaritzak bost zati jarraituko ditu arreta bereziz: A-8ko Kantabriaranzko irteeran; Behobiako mugaldean; AP-8tik AP-1erako sarbidean; AP-1 autobidea/N-622 autobia eta N-622tik A-1 autobiarako sarbidearen arteko lotunean, Gasteizen; eta, azkenik, A-1 autobiatik AP-1 autobiderako sarbidean, Armiñónen.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateekin batera lan egiten ari da. Eta, dagoeneko, Ertzaintzarekin, foru aldundiekin eta autobideekin koordinazio-bilerak egin ditu.

Gipuzkoan, errepide-zati gatazkatsuena AP-8ak muga zeharkatzen duenekoa da; izan ere, Frantziako ordainlekuaren ahalmenak ilarak eragiten ditu. Trafikoko zuzendaria hainbatetan bildu da Miarritzeko ASFren Trafikoa Kontrolatzeko Zentroarekin eta Bordeleko CRICRen Trafikoa Kudeatzeko Zentroarekin, Biriatuko ordainlekua arinago zeharkatu dezaten ibilgailuek. Beste behin ere bilduko dira uztailaren 3an Donostian.

Trafiko Zuzendaritzak Itzulera Operazioko egun kritikoetan gidariak hutsik dauden edo ilara txikienak dauzkaten ordainlekuetara bideratzeko langileak eta seinaleztapen egokia jartzeko eskatuko dio ASFri.

Trafiko Zuzendaritzak berak, Itzulera Operazioan, abuztuko azken hiru asteburuetan, Biriatuko ordainlekua baino 800 bat metro lehenago, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak GPRS bidez kudeatutako seinaleztapen dinamikoko ekipo bat jarriko du, gidariei ordainlekuei buruzko informazioa emateko. Gainera, Trafiko Zuzendaritzak inguruetako Informazio-mezuen Panelak erabiliko ditu trafikoaren egoeraren berri emateko euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Nazioarteko joan-etorriak bideratzeko kartelak

Sare nagusiko zenbait puntu estrategikoetan kartelak ipiniko ditu Trafiko Zuzendaritzak gidari atzerritarrei nondik joan adierazi, eta istripuak eragin ditzaketen nahasmenak ekiditeko. Kartelak urrutitik ikusteko modukoak izango dira, horiak eta letra beltzekoak. Portugal eta Algeciras idazkunak izango dituzte, hala nola Portugaleko eta Marokoko banderak. Gipuzkoan ipiniko dira AP-8aren eta GI-20aren arteko bide-banatzean, hala nola Astigarragako lotunean.

Bestalde, ETKZk paneletako seinaleztapen neurriak indartu egingo ditu, auto-ilara edo arazoei buruzko mezuak emanez, baita ibilgailu astunetarako zirkulazio mugak gogorarazteko oharrak ere. Halaber, azken orduko informazioa Twitter bidez zabalduko da, traficoEJGV erabiltzailearen bitartez, baita APP TrafikoaEJGV gailu mugikorretarako aplikazioaren eta 011 arreta telefonoaren bitartez ere (24 orduko arreta).

Trafiko Zuzendaritzaren web gunean (www.trafikoa.net) Euskadi zeharkatzeko ordezko ibilbideak datozen mapa deskargatu ahalko da.

Ertzaintzak Trafiko Unitateko 550 kide prest edukiko ditu Irteera eta Itzulera Operazioan parte hartzeko. Araban Miñoien laguntza izango dute. Gainera, egun horietako zirkulazio hazkundearen eraginpean dauden tokietako komisarietako ertzainen laguntza ere jaso ahal izango dute. Era berean, baldintza meteorologikoek ahalbidetzen duten neurrian, Ertzaintzaren helikoptero unitate bat arazo handiak sortzen diren guneetan hegaz egitea aurreikusita dago.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2014.eko ekainak 20

    Comentario de Twitter:
    Trafiko Zuzendaritzaren estimazioen arabera, udako operazioan 3.300.000 ibilgailuk zeharkatu dezakete Euskadi... http://t.co/tSa6YPZ9lP

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)