
Lehendakariak Arartekoaren XXV. urteurrena ospatzeko ekitaldia inauguratu du
- Tagak
- urteurrena
- Ararteko
- hitzaldiak

«Herritarrak ziur egon behar dira, arazo bat dutenean, administrazioak gardentasunez, eraginkortasunez eta ekitatez erantzungo duela. Horixe da Arartekoak egin duena, egiten duena eta egin behar duena».
Iñigo Urkullu lehendakariak Arartekoaren XXV. urtemuga ospatzeko gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin den ekitaldia inauguratu du.
Lehendakariak adierazi du «herritarrek administrazio irekia, gardena, hurbilekoa eta arduratsua izateko eskubidea» gauzatutzat ematen dela gaur egun. Baina ez da horrela izan beti: «Arartekoa izan da lorpen sozial horren buru».
Erakunde hori 1989an eratu zen eta sortzez Eusko Legebiltzarraren goi mandataria da, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak edota erakunde horien mendeko administrazioak) jarduera eta politika publikoen aurrean pertsonen eskubideak defendatzeko betebeharra duena.
Arartekoaren eginkizun nagusia da administrazioaren jarduera okerren edo arauz kanpokoen gaineko herritarren kexak, eskariak edo kontsultak jaso eta izapidetzea.