Berriak Osasuna
Eu

Sukarrietan Osakidetzaren kontsultategia ireki dute

2014.eko ekainak 19
  • Orain arte, Sukarrietarrak Mundakako kontsultategian artatu izan dira; instalazio berriei esker, gertuago izango dute osasun-asistentzia

 

  • Zentroan, medikuntzako eta erizaintzako kontsulta-gela bana egongo dira

Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria, Sukarrietako alkate Peru Sainz eta Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari kudeatzaile Jon Guajardo Osakidetzaren Sukarrietako kontsultategi mediko berrian egon dira, gaur goizean. Zentro berri horri esker, sukarrietar askok ez du herritik kanpora joan beharko; izan ere, orain arte Mundakako kontsultategian artatu izan dituzte.

Orain arte, Sukarrietako pazienteek —350 inguruk— Mundakako kontsultategira jo behar izan dute asistentzia medikoa jaso ahal izateko. Kontsultategi horretan Medikuntza eta Erizaintzako kontsultak eskaintzen dira egunero, 08:00etatik 15:00etara bitartean.

Sukarrietako Udalak, asistentzia medikoa sukarrietarrengana hurbiltzeko, lokal bat jarri du, udalerriko herritarrei zerbitzu emateko; hartara, haietako askok ez dute Mundakara joan beharrik izango.

Instalazio berriek 61.48 m2-ko azalera dute guztira, honela banatuta: medikuntzako kontsulta-gela bat, erizaintzako beste bat, itxarongela bat, egokitutako komuna eta halla.

Mundakako mediku titularra astean behin joango da Sukarrietara (ostegunetan, 8:00etatik 11:00etara), bertako pazienteei arreta emateko. Era horretan, hobeto artatuko dituzte paziente kronikoak eta adinekoak. Gainerakoetarako, Mundakako ordutegia mantenduko da.

Gainera, Mundakako erizain titularra Sukarrietan egongo da astearteetan, 08:00etatik 11:00etara bitartean, kontsultak egiteko, astean zehar osasun-asistentzia emateko helburuarekin, baina Mundakako lana utzi gabe.

74.000 euroko inbertsioa egin da kontsultategi berria egiteko, eta eremu hartan lehendik zeuden baldintzak eta azpiegiturak osatu ditu, bai eta hobetu ere. Horixe nabarmendu du Jon Etxeberriak, Osakidetzako zuzendari nagusiak; hain zuzen, esan duenez, “herritarren irisgarritasuna eta osasun-arreta hobetzeko asmoz Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila gauzatzen ari diren politikaren barruan beste urrats bat da kontsultategi hau”.

 

Sukarrieta, 2014ko ekainaren 19a

 

PRENTSA KABINETEA/GABINETE DE PRENSA

OSASUN SAILA/DEPARTAMENTO DE SALUD

945 01 91 94

prensa-san@ej-gv.es

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Peru Sainz Sukarrietako Alkatea, Pedro de la Maza Kontsultategiko Medikua, Jon Guajardo OSIko Zuzendaria