Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak helegitea jarriko du Konstituzionalean Espainiako Kanpo Ekintzaren Legearen aurka eskumen urraketa larriagatik

2014.eko ekainak 22

Eusko Jaurlaritzarentzat «onartezina» eta «justifika ezina» da Espainiako gobernuak Euskadiren kanpo-ekintzaren gainean ezarri nahi duen «kontrol politikoa»

Espainiako legeak «Kanpo-politika» eta «Kanpo-ekintza» kontzeptuak nahasten ditu, Euskadik arlo horren gainean dituen eskumenak urratuta

Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko proposamena egingo dio Espainiako gobernuari artikulu gatazkatsuen gainean, helegitea jarri aurretik, legea baliatuz
 
Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko du Auzitegi Konstituzionalean Espainiako Kanpo Ekintzaren eta Zerbitzuaren martxoaren 25eko 2/2014 Legearen hainbat manuren aurka, «bateratzailea» eta «kontrolatzailea» delako. Izan ere, arloaren gaineko Euskadiren eskumenak, Gernikako Estatutuan aitortzen direnak, nabarmen urratu nahi ditu.
 
Lehenik, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, «onartezina» eta «justifika ezina» da Espainiako gobernuak autonomia-erkidegoek atzerrian nahi beste bulego irekitzeko duten erabakimenaren gainean ezarri nahi duen «kontrol politikoa». Espainiako legeak, besteak beste, honakoa ezartzen du: autonomia-erkidegoek Kanpo Gaietarako eta Lankidetza Ministerioari nahitaez jakinarazi beharko diote atzerrian bulegoak irekitzeko asmoa, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioek eta, hala badagokio, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak berrikusi eta azter dezaten.
 
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, Konstituzioaren aurkakoa da Kanpo Ekintzaren eta Zerbitzuaren Legeak ezarritako aurretiazko baimen-mekanismoa.  Arauaren helburua da autonomia-erkidegoei mugak jartzea kanpo-ekintzaren garapenean, baldin eta ekintza horiek Espainiako gobernuak onartutako Kanpo-ekintzarako Estrategiaren barne ez badaude.
 
Eusko Jaurlaritzak uste du legeak «Kanpo-politika» eta «Kanpo-ekintza» kontzeptuak nahasten dituela eta, ondorioz, Euskadiren nazioartekotzeko erabakimena urratzen duela. Hain da handia nahasketa, Espainiako legeak autonomia-erkidegoen arlo horretako jardunaren gaineko kontrola Kanpo-politikarako Kontseiluari (Espainiako presidenteari kanpo gaietarako aholku-organoa) esleitzen baitio.
 
Azkenik, legeak neurriz gaindiko koordinazio-gaitasuna esleitzen dio Estatuari. Hain da gehiegia, ezen autonomia-erkidegoen kanpo-ekintzak planifikatzeko eta arautzeko autonomia mugatzen baitu.
 
ALDEBIKO BATZORDEA
 
Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean» negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan. Zehazki:
 

  • 1. artikuluko 1 eta 2.a) eta b) paragrafoak.
  • 3. artikuluko 1 eta 2.a), b) eta c) paragrafoak.
  • 5. artikuluko 2. eta 3. paragrafoak.
  • 6. artikuluko 2. eta 3. paragrafoak.
  • 11. artikulua.
  • 12. artikuluko 1., 2. eta 3. paragrafoak.
  • 13.1 artikulua.
  • 14.1 artikulua.
  • 20. artikulua.
  • 34. artikulua.
  • 35. artikulua.
  • 37. artikuluko 1. eta 3. paragrafoak.
  • 38. artikuluko 2. paragrafoa.
  • Lehen xedapen gehigarria.
  • Bigarren xedapen gehigarria.
  • Amaierako bigarren xedapenaren 2. paragrafoa.

 
Uneotan Euskadiko eta Espainiako gobernua beste lau lege negoziatzen ari dira «Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean»:

  • 8/2013 Legea, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE)
  • 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa.
  • 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, Merkatu Batasuna bermatzekoa.
  • 1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.

 
Legegintzaldi honetan, batzorde horrek zazpi akordio lortu ditu guztira, Konstituzio Auzitegira jotzea saihestuta:

  • Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua. (Akordio partziala).
  • Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua. (Akordio partziala).
  • Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legea.
  • Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
  • Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.
  • 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.
  • 8/2013 Legea, ekainaren 26koa, hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzkoa.

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2014.eko ekainak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [NOTICIA] Gobierno recurre al Constitucional la Ley Española de Acción Exterior por grave intromisión competencial ➡ http://t.…

  • @algortakoEAJ
    2014.eko ekainak 23

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Gobierno recurre al Constitucional la Ley Española de Acción... http://t.co/tY6unw7Pq5

  • ana
    2014.eko ekainak 23

    hay que seguir trabajando

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)