Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Jaurlaritzatik kultura-sektoreetara bideratutako diru-laguntzek %13 egin dute gora 2012-tik

2014.eko ekainak 18

Deialdi irekien bidez kultura-sektoreetara zuzenean iristen diren laguntzak handitu edo mantentzea lehenetsi du Kultura Sailburuordetzak 2014an

 

Kultura-sektoreen aldeko apustua egitea, eta sektore horietara bideratzen diren diru-laguntzak babestea izan ditu Kultura Sailburuordetzak lehentasun, 2014ko deialdiak atontzerakoan. Horrela erakusten dute datuek. Testuinguru ekonomiko zailean, diru-bilketak eta ondorioz aurrekontuek behera egin duten garaian, sektoreen sorkuntza eta produkzioa laguntzeko deialdietan hazi egin dira Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak: 2013an aurreko urtean baino %3 gehiago, eta 2013tik 2014ra ere beste %10eko igoera. 2012-2014 artean, beraz, %13 ugaritu dira kultura-sektoreetara zuzenean bideratutako laguntzak.

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak aurkeztu ditu datuok gaur goizez Bilbon, Clara Montero eta Imanol Agote zuzendariak lagun zituela Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egin duen agerraldian.

Diru-laguntza deialdiak

Kultura-sektore guztietan sorkuntza eta produkzioa diruz laguntzeko deialdi irekiak ditu Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak. Deialdi hauen bidez (14 deialdi urtean) musika, dantza, ikus-entzunezkoak, antzerkia, artea nahiz literaturan burutzen diren jarduerak laguntzen dira diruz. Horiez gain jarduera transbersaletarako deialdiak ere badira: Sormen Lantegien deialdia, uztailaren 16ra arte eskaerak aurkezteko epea irekita daukana, eta Jaialdien deialdia, udazkenean argitaratuko dena. Ondoko taulan ikus daiteke azken hiru urteetan deialdi hauen bidez bideratu diren kopuruak, eta urtetik urterako aldea:

 

2012

2013

2012-2013

2014

2013-2014

2012-2014

Deialdiak, GUZTIRA

5.689.800 €

5.879.000 €

+3%

6.503.300 €

+10%

+13%

 

2014an deialdi hauen bidez bideratu diren 6,5 milioi euroek %10eko igoera esan nahi dute aurreko urtearekin alderatuz gero, eta %13koa 2012tik. Dantza (%25eko igoera 2013tik, eta %43koa 2012tik) eta artea izan dira aurten bereziki zaindu diren arloak, talentu baina hauskortasun handiko sektoreak izaki. Ikus-entzunezkoetan eta literaturan ere nabaritu da igoera. Azken honetan liburu salmentaren jaitsierari aurre egin asmoz, batik bat. Musikan berriz, Musika Bulegoa/ Euskadiko Soinuak proiektua lantzen hasi da Saila, musika alorreko elkarte sektorialekin elkarlanean. Programa honen barruan, musika taldeen zirkuituak diruz laguntzen dira. Honela, taldeei ezezik aretoei ere laguntzen zaie, eta gure musikari bisibilitatea eman. 

Elkarte sektorialei laguntzak

Aurreko diru-laguntzen deialdi irekiei, elkarte sektorialei ematen zaizkien diru-laguntza izendunak gehitu behar zaizkie. 22 elkarte sektorial estrategikorekin ditu hitzarmenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak. 2014an 1.154.400 euro bideratu dira 22 elkarte horien diru-laguntza izendunetara, 2013an baino %18 gehiago.

 

Elkarte sektorialak

2012

2013

2014

%2013-14

%2012-14

Guztira

958.300€

950.000€

1.154.400

+%18

+%17

 

Diru-laguntza izenduna jasotzen duten elkarte hauek, euren sektoreko profesionalen ordezkaritzan, Sailaren kultur politiketan solaskide dira. Elkarte hauekiko elkarlanari lehentasuna ematen dio Kultura Sailburuordetzak: elkarrekin sektoreen profesionalizazioan, prestakuntzan, nazioartekotzean, eta transmisioan lan egin, eta estrategiak elkarrekin garatzeko. Elkartez osaturiko sare hau Euskadiko politika kulturalen ezaugarritzat har daiteke. Sare hori sustatzea eta bertako kultur eragileak ahalmentzea ezinbesteko tresna ikusten du Kultura Sailburuordetzak egungo egoera ekonomiko zailari elkarrekin aurre egiteko.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik ere ia 30 elkarte eta fundaziok jaso dituzte diru-laguntza izendunak 2014an: 8.222.321 euro orotara, 2013an baino %12 gehiago aurten.

 

Une honetan irekita dauden diru-laguntza deialdiak

 

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzatik

-Ikus-entzunezko sorkuntza, garapena eta ekoizpenerako deialdia: 1,8 milioi euroko diru laguntzak,  2012an eta 2013an baino %17 gehiago. Eskaerak aurkezteko epea, uztailaren 9ra arte. Ondorengo modalitateetarako ematen dira diru-laguntzak: fikziozko film luzeak, animaziozko film luzeak, dokumentalak edo eta film laburren proiektuak garatu eta ekoizteko.

-Sormen Lantegiak programa: 1.000.000 euroko laguntzak. Iazko kopurua mantentzen du. Eskaerak aurkezteko epea, uztailaren 16ra arte. Kultur edukien formetan, egituretan eta edukietan berrikuntza dakarten proiektuak laguntzen ditu diruz, sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplinartekotasuna suspertzeko helburuz. Hiru modalitatetan ematen dira laguntzak: Sorgune modalitatea, sorkuntza zentroei zuzenduak; Ikertu modalitatea, proiektuen diseinuari zuzenduak; eta Arragoa modalitatea, kultur proiektuak gauzatzeko laguntzak. 

-Dantza sustatzeko deialdia: 400.000 euro laguntzatan, iaz baino %25 gehiago (2013an 300.000 euro). Eskaerak aurkezteko azken eguna: uztailak 16. Dantza-jarduerak diruz laguntzen dituen deialdia da, honako modalitateetan: koreografia-sorkuntzarako laguntzak; dantza konpainiak finkatzeko laguntzak; lanen ekoizpenerako; etengabeko formaziorako eta dantzako profesionalei laguntzekoak.

-Musika jarduera profesionala laguntzeko deialdia: 445.000 euro, 2013an baino %7 gehiago. Eskaerak aurkezteko, uztailaren 11ra arte. Deialdi honek, ondorengo modalitateetan biltzen diren musika-jarduerak laguntzen ditu diruz: musika partiturak paperean argitaratzea; musika proiektu bateratuak; enpresa ekimen musikalak eta musika programazioa.

-Literatura argitalpenak: 626.800 euro laguntzatan, 2013an baino %14 gehiago. Eskaerak aurkezteko epea, ekainaren 30a arte. Literatur izaerako argitalpenak laguntzen dira diruz.

-Euskadi Literatura Sariak: 150.000 euro. Lanak aurkezteko epea, ekainaren 30era arte.

-Antzerki ekoizpenei laguntzak: 787.500 euro laguntzatan, iaz baino %7 gehiago. Eskaerak aurkezteko epea, ekainaren 30era arte. 2014an egindako edo burutzen hasitako antzerki ekoizpen profesionalak laguntzen ditu diruz.

-Kale Antzerkia Bultzatuz deialdia: 75.000 euro, iazko kopuru berbera. Eskaerak aurkezteko azken eguna, ekainak 30.

-Arte Plastikoen eremuan jarduerak laguntzeko deialdia: 416.000 euro, 2013an baino %20 gehiago. Eskaerak aurkezteko, uztailaren 2ra arte. Arte plastikoen eta ikusizkoen eremuan egiten diren jarduerak laguntzen ditu diruz.

 

 

Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik:

-Liburutegietan funtsak berritzeko deialdia:  820.000 euro, iaz baino %18,2 gehiago. Liburutegi publikoetarako liburu berriak erosi eta funtsak handitu edo berritzeko diru-laguntzak dira. Diru kopoura handitu eginda, nahiz eta aurten liburutegien alorrean lerro berri bat ere ireki den: liburu digitalen online mailegua. Eskaerak aurkezteko epea, uztailaren 2ra arte.

-Liburutegietarako teknologia berrien deialdia:  350.000 euro, 2013ko kopuru berbera. Liburutegi publikoetan teknologia berriak ezarri edo garatzeko diru-laguntzak banatzen ditu. Eskaerak aurkezteko epea, uztailaren 2ra arte.

-Irakurzaletasuna eta liburutegi publikoen erabilera sustatzeko deialdia: 258.000 euro, 2013an baino %24 gehiago. Ekainaren 17ko Gobernu Kontseiluan onartu da deialdi hau arautzen duen agindua. Aurki irekiko da eskaerak aurkezteko epea.

-Museoen deialdia:  600.000 euro. Kopurua mantentzen du. Diru laguntzen xedea aldatu egin da aurten deialdian, eta museo batek bere dituen funtzio kultural guztietara zabaldu dira laguntzak, hala nola, bildumak kudeatu eta ezagutarazteko, erakusketak egiteko, hezkuntza edo kultur programak garatzeko, nahiz ikerketa eta zabalkunde lanetarako.

 

 

Bilbon, 2014ko ekainaren 18an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)